hasieraenpresakeuskarairitziaelkarrizketakherrialdeakkulturguneagertakizunakfinantzakformakuntzaerreportajeak
"Bizkaiko Koplak" Arriaga Antzokian
2012ko Otsaila

 

Arriagako Gelatxoak, Literatura eta Musika Euskaraz aurkeztuko du, otsailaren 7an, Bilboko Arriaga Antzokiko Foyer-ean, 20:00etan. Emanaldian izango dira : Kepa Junkera (trikitrixa), Xabier Amuriza (ahotsa, kantua eta aurkezpenak) eta Iñigo Olazabal (perkusioa).

 

Ez dakit kopla zaharrak politak direlako maite ditugun, ala maite ditugulako politak diren. Izenak berak dioenez, Bizkaiko Kopla Zaharrak Bizkaian edo bizkaierazko euskalkian jasotako antzinako koplak dira. Antzinakotasun horrek, kasu batzuetan, hiru-lau mende atzerantz jo dezake. Gehienean, XIX. mendean zehar sortuak izan daitezke, baita, batzuetan, XX. mendearen hasiera inguruan ere.

Generoaren barruan, azpisail ezberdinak daude, batez ere, eskerakoak, gabonetakoak eta erromeriakoak. Bizkaian, erromeriakoak edo dantzarakoak dira ugarienak, eta, seguruenik, politenak eta ingeniosenak. Beraz, dibertsiorako, dantzarako sortu ziren. Eta, beti ere, musika tresnaren bat laguntzaile zutela: alboka, dultzaina, bibolina, trikitia… edo perkusio bat, pandero soil bat, esaterako.

Kopla zaharrek, euskal ahozko literaturaren barruan, oso estetika berezia sortu dute. Neurri laburrekoak izanik, elipsi handiak daude. Logika, gehienbat, bisuala da, ez diskurtsiboa, espazio naturalen gainean sortzen baitira. Onomatopeia garrantzitsua da. Azkenik, dantzarako eta dibertsiorako izanik, ironia eta jolasa bilatzen dute.

Dantzatzen eta dibertitzen zen herri baten eta, batez ere, gazteriaren sorkuntzak izanik, gizarte haren biziera oso era adierazkorrean islatzen dute: presio moralak eta politikoak, urritasunak, gurariak, ohiturak… Hitz batez, gizarte menperatu baten kontraesan guztiak. Testuak xumeak eta konplikazio handi gabeak izan arren, biziera eta giro hura zuzenki edo entzutez ezagutu dugunoi, eta batez ere, biziera hartako hizkuntza bizi izan dugunoi, kopla zaharrak maitagarri egiten zaizkigu benetan.

Erromerietan entzuten ohiturik geunden era tradizionalez harago, ekarpen interesgarria izan zitekeela pentsatu genuen kopla zaharrak eskaintzea, orain arte kantatuak izan ez diren beste dantza doinu batzuetara egokituak. Probatu genuen, eta konbinazio bizia eta indartsua iruditu zitzaigun. Horixe izan zen BETIBIZI proiektua, Kepa Junkeraren, Leioa Kantika Koralaren eta ni neure artean burutua izan zena.

 

ALBISTE BULETINA

Geure buletinera harpidetu zaitez

hemeroteka

lanabesa artium

Banner
publizitatea:
Banner