|
Nabarmentzekoa da biltzarrek batez beste bildutako jende kopuruaren hazkundea ere: 619 pertsona.
2011. urtea, Kursaalen, urte bikaina izan da biltzarrei dagokienez. Bigarren urtez, segidan, fakturazio markak hautsi ditu biltzarretan, eta nabarmentzekoa da jende kopuruak gora egin duela, batez beste 619 pertsonako parte-hartzea izan baita biltzarretan.
Joan den urtean eginiko biltzarren tamaina, biltzarren kopurua 2010eko 30etik 23ra jaitsi den arren, faktore erabakigarria izan da fakturazio markak hausteko. Kontuan hartu behar da 2011n Kursaalen egin zirela, besteak beste, honako hauek: IPAC (Partikula Azeleragailuen Nazioarteko Konferentzia), mundu osoko 1.200 zientzialari Kursaalen bildu zituen ekitaldia, BCBLk antolatutako Psikologia Kognitiboaren Europako Elkartearen ESCOP biltzarra (1.000 ordezkari) eta Europar Batasunaren I+G Alorreko VII. Esparru Programaren V. Konferentzia (700 pertsona).
Guztizko fakturazio zifra positiboari (4,2 milioi euro; helburuetan aurreikusitakoa baino % 7,9 gehiago), diruzaintzan izandako 825.865 euroko superabita gehitu behar zaio. Hortaz, biltzar jauregiko jarduerak, 2011n, 53 milioiko eragin ekonomikoa izan du Gipuzkoan. Aurreko urteetan bezala, nabarmendu behar da superabita mugarri bat dela, izan ere, inauguratu zenetik, autofinantziazioari eustea lortzen jarraitzen du.
Kursaalen azken bosturtekoan bezala, 2011ko datu positiboek erakutsi dutenez, egokia izan da ahaleginak eta baliabideak biltzarren segmentuan zentratzeko estrategia; biltzar jauregi honek eta Donostiak posizionamendu ona dute eremu egonkor eta sendo horretan. Apustu honek, bestalde, eragin handiagoa dakar Gipuzkoan, bai ekonomia aldetik bai jakintzaren gizartea finkatzeari dagokionez ere.
Alderdi ekonomikoa alde batera utzita, nabarmendu behar da, 2011ko balantzeari dagokionez, bezeroen gogobetetzean ere markak hautsi direla 10etik 8,6ko batez besteko balorazioarekin, euskararen kudeaketan Zilarrezko Bikain ziurtagiria lortu dela eta Kursaaleko zuzendari-gerentea AIPCren (Biltzar Jauregien Nazioarteko Elkartea) Zuzendaritza Kontseiluko kide egin dutela.
Kultura jarduerari dagokionez, arrakasta izan da kalitateari eta bertaratutako jende kopuruari dagokienez, Kursaal Fundazioaren programazioan, jaialdietan (Jazzaldia, Musika Hamabostaldia eta Zinemaldia), EOSen abonamendu denboraldian eta sustatzaile pribatuei dagozkienetan. Auditoriumeko eta Ganbera Aretoko besaulki patioak bete dituzte 343.243 ikuslerekin.
Euskararen kudeaketan Zilarrezko Bikain ziurtagiria
Bikain ziurtagiria jaso duten hogei bat euskal erakunderen artean dago Kursaal. Eusko Jaurlaritzak urtero ematen die ziurtagiri hau “euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa” egiaztatzen dituzten enpresa eta erakundeei. Kursaalek beste sei erakunderekin batera (Gipuzkoako Foru Aldundia, Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles, S.A. (CAF), Tranvía San Sebastián Tolosa S.A., Copreci S. Cooperativa, Ilarki Elkargoa eta Mendaroko Ospitalea) jaso zuen Zilarrezko Ziurtagiria.
Ziurtagiria lortzeko, ikuskatzaile talde batek egiten duen kanpo ebaluazio bat gainditu behar da.
Kursaal AIPCren (Biltzar Jauregien Nazioarteko Elkartea) Zuzendaritza Kontseiluan sartu da
Kursaaleko zuzendari-gerentea, Iker Goikoetxea, AIPCren (International Association of Congress Centres) Zuzendaritza Kontseiluko kide egin zuten mundu osoko biltzar jauregiak biltzen dituen erakunde horrek ekainean San Diegon (AEB) eginiko Urteko Konferentzian.
Iker Goikoetxearekin batera, kontseiluko kide egin zuten Peter Gunn, Bournemouth International Centre-ko (Britainia Handia) zuzendaria. AIPren Zuzendaritza Kontseiluko presidentea Hanburgoko Biltzar Zentroko zuzendari-gerentea da; presidenteordea, berriz, Australiako Cairns jauregiko zuzendaria, eta kontseiluko gainerako kideak Atenasko, Basileako eta San Diegoko konbentzio eta biltzar zentroetakoak dira.
Biltzar Jauregien Nazioarteko Elkartea munduko konbentzio, biltzar eta erakusketa zentroetako profesionalen industriaren elkartea da, eta 53 herrialdetako erakundeak biltzen ditu.
Nazioarteko sei biltzar: zientzia eta teknologia nagusi
2012an nazioarteko sei biltzar egitea aurreikusten dugu, denak ezaugarri komun batekin: zientzia eta teknologia izango dira landuko dituzten gaiak. Neurobiologia, berrikuntza, lehiakortasuna, nanoteknologia, polimeroak eta abangoardiako produktu arkitektonikoak izango dira aurten Kursaalen egingo diren hitzordu profesionaletara bertaratuko diren zientzialarien, ingeniarien, arkitektoen eta neurologoen eztabaidagai nagusiak.
600 profesional baino gehiagok hartuko dute parte hitzordu horietako bitan: Donostiako BCBLk antolatutako IV Neurobiology of Language Conference (azaroan egingo da), eta 15th TCI Annual Global Conference. Azken biltzar horretan lehiakortasunaren, lukuen eta berrikuntzaren arloko profesionalen mundu mailako sare bat bilduko da.
Irailean, NFO biltzarra (12th International Conference on Nanophotonics and Related Techniques) egingo da eta 350 ordezkari inguru bilduko dira bertan. Azkenik, nazioarteko beste hiru bilera egingo dira 2012an Kursaalen, 200 biltzarkide ingururen parte‑hartzea izango dutenak: 9th Internacional Conference on High Sepeed Machining, 11th European Symposium on Polymer Blends eta Inguratzaile Arkitektonikoen 6. Nazioarteko Biltzarra.
Alzheimerrari buruzko goi bilera Kursaalen
Alzheimerrari buruzko V. Biltzar Nazionala dela eta, 800 ordezkari baino gehiago (profesionalak eta gaixotasun hau dutenen familiartekoak) bilduko dira urriaren 25etik 27ra Kursaalen. Hori lortzeko, Kursaal eta San Sebastián Convention Bureau erakundeetako taldeek merkatua aztertzeko lan handia egin behar izan dute; izan ere, Donostia biltzar nazionaletarako eta nazioartekoetarako egoitza gisa hautatzeko 23 hautagaitza aurkeztu dizkiete elkarte profesionalei.
Halaber, nabarmentzekoak dira 500 pertsona baino gehiagoren parte‑hartzearekin apirilean egingo den Ostalaritzako XIV. Biltzar Nazionala eta Pertsonen Zuzendaritzarako eta Garapenerako Espainiako Elkartearen 47. Biltzarra (600). Bestalde, medikuntzaren sektorean, bereiziki aipagarriak dira Patologia Zerbikalaren Biltzarra, 700 pertsonaren parte‑hartzea izango duena, Pneumologia Pediatrikoaren Biltzarra, 500 profesionalentzat antolatutakoa, Ospitaleetako Arduradunen eta Zaindarien XIII. Jardunaldi Nazionalak eta Gutxiegitasun Kardiakoaren XIV. Bilera. |