Koldo Saratxaga / K-2k Hunkitzen-Kooperatibetan Aditua.
Azken urteotan, "kooperatiba" edo "kooperatibismo" terminoa nire belarrietara iristen den bakoitzean, neure buruari galdetzen diot mezuaren igorleak nola ulertzen duen hori, eta zer esperientzia izan ote duen horri buruz.
Beharbada komeni da gaian ditudan bizipenak aurkeztea, ondoren nire iritziak arrazoitzeko. 40 urte baino gehiago eman ditut lanean, eta horietatik lehenengo hamalauak Sozietate Anonimoan eman nituen, hogeita bat Kooperatiba Elkarteetan, kooperatiba bat sortuz tartean, eta, une honetan, hamasei Sozietate Anonimo eta sei Kooperatiba Elkarte gidatuz, aholkatuz eta aldi berean hunkituz, K2K-Emocionando osatzen dugun taldean.
Esan behar dut hogeita hamazazpi urterekin, 1984an, grina biziz gidatu nuela kooperatiba baten sorrera, nire ametsa betetzeko aukera bakarra zelakoan, guztion artean sortzeko eta sortutakoa partekatzeko, gizartearekin bat eginda.
Une honetan, merkatu ekonomia gainerako alderdi gehienei gailentzen zaie, eta alderdi demokratikoak eta ingurunearen gai kulturaletan eta sozialetan eragiteko alderdiak izateko arrazoia galdu dute. Jakina, espirituari buruz ari naiz, ez indarrean dagoen legearen arabera egiten den emaitzen aplikazioari buruz, hori,oro har, minimizatzen saiatzen baitira zenbatekoari dagokionez.
| “Kooperatibetan izan dudan esperientzian, konfiantzak erabaki handiak hartzera eta lorpen handiak erdiestera eraman gintuen” |
Hainbat urtetik hona nire ondorioa da kooperatiba ugari dagoela, baina, praktika moduan, kooperatibismo gutxi. Partekatzeko eta banatzeko ez dela beharrezkoa administratiboki kooperatiba izatea, ezta komunikatzeko eta gardena izateko ere.
Errealitateak adierazten dit antolamendu egiturak, organigramak eta ordena eta kontrol estiloak erakunde guztien ondarea direla, berdin-berdin, eta horiek zuzentzen edo gidatzen dituztenen estilo pertsonalaren arabera bereizten direla. Horrenbestez, erraz ulertzen da bertan lan egiten duten pertsonek ez izatea lanaren aldeko ilusio berezirik –oro har, eta ongi etorriak salbuespenak–.
Kooperatibetan lanean eman dudan 20 urte baino gehiagoan hamaika aldiz entzun dut pertsonalki honako topiko hau, gure egoera bikainaren aurrean (Irizar), pantaila gisa edota zuzendari askoren halako eskastasunaren eta ikuspegi faltaren justifikazio gisa: "jakina, kooperatibetan langileek bultza gehiago egiten dute jabeak direlako". Zintzoa izan behar badut, esan beharra daukat hori legenda urbanoa dela. Praktika ez da hori, pertsonengan oinarritutako harreman ereduetaranzko aldaketak egin dituzten eta ilusioa nagusi duten lekuetan izan ezik.
Azken sei urteotan izan dugun esperientziaren arabera, kudeaketa estilo berdin-berdinekin, hau da, denon artean ereiten eta uzta biltzen, ikusi dugu hainbat pertsonak kooperatibetan jabe edo langile izateko hartzen duten jarrera bikoitzak alferrik galdutako energia asko ematea eragiten duela, uneko interesen arabera, botere kontuen eta itxi gabeko historien arabera, eta energia horiek gero eta beharrezkoagoak dira beste fronte batzuetan, etorkizunari begira berme bat izateko, eta erabaki handiak arin hartzeko, askotan konfiantzan oinarrituko direnak, beti arrisku dosi bat egongo delako, pertsona guztiek nekez ulertuko dutenak.
Kooperatibetan izan dudan esperientzian, konfiantzak erabaki handiak hartzera eta lorpen handiak erdiestera eraman gintuen. Praktikan, aitortu behar dugu oso pertsona gutxi direla, lehenengo lanean edo geroagoko aldaketetan, erakundearen xede soziala eta antolamendu eredu teoriko bat lortzeko helburua dutenak. Lanpostuen iragarkiak ikusteak ere erakusten digu lan eskaintzen aukera ez dela oso garrantzitsua. Hau da, pertsonek ahal duten lekuan lan egiten dute, nahi duten lekuan edo sentitzen dutenari begira baino gehiago.
Unibertsitateetan ikasketak amaitzen ari diren ikasleekin horri guztiari buruz hitz egiteko aukera izaten dut eta, salbuespen ohoragarri batzuk salbu, ez dut elkartasun baliorik eta Gizartearen aldeko kezkarik sentitzen. Alegia, hobetzeko aukera handia daukagu, eta erabateko konfiantza daukat aukera horri buruz.
Horrenbestez, erakundean bertan eskaintzen diren oportunitateak izango dira pertsona bakoitzak duen onena ematea ahalbidetuko dutenak, erakundea erregistroan nola inskribatuta dagoen gorabehera.
Horregatik, zalantzarik gabe baieztatzen dut garrantzitsuagoa dela mamia forma baino, edukia edukiontzia baino, hau da, ingurune kooperatibo bat sortzea, kooperatiba izateagatik guztiak funtzionatuko duela pentsatzea baino. Lehenengo aukera moduan, beti gomendatuko dut erreferentzia gisa estilo kooperatiboaren benetako esentzia hartzea, eta, zalantzak sortzen badira, beste aukera batzuetara aldatzea.
|