Iosu Madariaga Garamendi / Ingurumeneko Foru Diputatua.
“Garapen iraunkorra izeneko terminoa planetako bazter guztietan eta gure eguneroko bizitzan adierazi, hedatu eta garatu da”. “Bizkaian nazio batuen nazioarteko programa zientifikoaren esparru kontzeptual eta metodologikoa garatu nahi dugu, milurtekoko ekosistemen ebaluazioa”.
Duela laurogei urte eskas jarri zuen zalantzan gizakiak natura ez dela ingurumen-baliabideen iturria eta gure hondakin eta isurien zuloa soilik. Natura babestu eta zaintzeko ikuspegia jaio zen eta, ondorioz, mugimendu ekologista.
Ingurumena babesteko beharrizan horren ustea nazioarteko kontzientzia izatera pasatu zen NBEk 1972an bultzatutako Stockholmeko Nazioarteko Biltzarrean. Testuinguru hartan, UNESCOren MaB Programa (Pertsonak eta Biosfera) sortu zen eta hortik Biosfera Erreserbaren irudia jaio zen, kontserbazioa eta garapena bateratzeko entsegu eta praktiketarako lekuen nazioarteko sarearekin batera.
Garapen Iraunkorra izeneko terminoa planetako bazter guztietan eta gure eguneroko bizitzan adierazi, hedatu eta garatu da. 2005ean, Nazio Batuen idazkari nagusiak, hots, Kofi Annan jaunak Milurtekoko Ekosistemen Ebaluazioa ikerketako ondorioak azaldu zituenean, ohartarazpen berri bat zabaldu zuen munduko agintari guztien agenda politikoan.
Ondorioztatu zenez, ekosistemetatik eratorritako zerbitzuen galerak oztopo nabarmena sortzen du mundu-mailan txirotasuna, gosea eta gaixotasunak murrizteko helburuak lortzeko orduan. Horren harira, honakoa baieztatu zen: giza jardueren ondorioz espezien desagerpen masiboa jasan dezake planetak, gure ongizatea are gehiago mehatxatuko delarik.
Inflexio-puntu honetan, eta erkidego zientifikoaren babespean, gizakiaren ongizaterako Ekosistemen Zerbitzuen kontzeptua sortu da, koherentzia akademiko handia duela. Bizkaiko Foru Aldundia kontzeptu honetara atxiki da. Kontzeptuak birformulatu eta biosferaren osasun-egoera aztertzeko testuinguru honetan, Milurteko Ebaluazio berriak egiten ari dira eskala azpiglobalean, Lurra planetako bazter guztietan. Hausnarketa eta lan zientifiko hauek guztiak ezin hobeto txertatzen dira aldaketa globalari buruzko mundu-mailako hausnarketan.
Ingurumen Sailaren arduraduna eta, nire alderdi profesionalean, ekologiako ikerlari eta irakaslea naizen aldetik, gure lurralde historikoan ekosistemen zerbitzuak zaintzeko dugun erantzukizunari buruz hausnartzeko dei hori aztertzea ezinbestekoa zait.
Horrenbestez, 2008. urteaz geroztik, Bizkaiko Foru Aldundia, UPV/EHUko Garapen Iraunkorrari eta Ingurumen Hezkuntzari buruzko UNESCO Katedraren euskarri zientifikoarekin eta Euskal Herriko UNESCO Etxeak nazioartekotasunari eta komunikazioari emandako babesarekin, Bizkaian Milurtekoko Ekosistemen Ebaluazioa egiten ari da (bizkaia.net), gure lurraldearen egoerari buruzko ezagutzarik aurreratuenak eta erkatuenak izateko, gizarte bizkaitarren beharrizan, eskari eta asmoekin bat.
Duela gutxi, Euskal Herriko Unibertsitatearekin zuen lankidetza-hitzarmena berritu du Bizkaiko Foru Aldundiak, Euskal Herriko Unibertsitateko Garapen Iraunkorrari eta Ingurumen Hezkuntzari buruzko Unesco Katedraren bidez.
Bizkaian Nazio Batuen Nazioarteko Programa Zientifikoaren esparru kontzeptual eta metodologikoa garatu nahi dugu, Milurtekoko Ekosistemen Ebaluazioa, hain zuzen ere, eta, horrela, eremu publiko eta pribatuan aplikatu daitekeen ezagutza zientifikoa sortzea da xedea.
Gure ingurumeneko potentzial eta arazoak eta gizarte aurreratu gisa jorratzeke ditugun erronkak barne hartzen dituen ikuspegiak gizarte eta ingurumenari buruzko diagnostiko serio eta zintzo hau egiteko adorea ematen digu, eta Euskadin eta estatuan egingo den lehenengoa izango da.
|