Julen Rekondo / Kimikaria eta Ingurumen Gaietan Aditua den Kazetaria.
“Ezinezkoa da arrisku guztiak kontrolatzea, are gehiago zentral nuklearrak bezain instalazio konplexuetan”. “Laino erradioaktiboa eta erreaktoreen kontrolaren gaineko zalantzak sufrimendu gehigarria dira eskualdeko biztanleentzat”.
Txernobil izenak ez liguke axola izango 1986ko apirilaren 22an, Ukrainan, energia nuklearraren erabilera zibilean historiako istripurik larriena gertatu izan ez balitz. Hainbat giza errorek segurtasunaren mugatik haratago eraman zuten erreaktorea, eta barruan gertatu ziren erreakzioak teknikarien kontroletik kanpo geratu ziren: leherketa gertatu zen, eta atmosferara hondakin erradioaktiboak jaurti ziren, hein handiagoan edo txikiagoan ia Europa osoari eragin ziotenak.
Erradioaktibitatearen ondorioek aurreikuspen guztiak gainditu dituzte, eta kalteen egiazko neurria hogeita bost urte geroago ezagutzen ari da. Zalantzarik gabe, Txernobilek energia nuklearraren segurtasunari buruzko eztabaida erabakigarria zabaldu zuen iritzi publikoaren baitan.
Orain, tragedia nuklearra Japonian gertatu da. Daitekeena ez da Ritcher eskalan 9 graduko lurrikara eta ondoren tsunami bat gertatzea. Baina gertatu da. Eta Tokiotik iparraldera 250 kilometrora dagoen Fukushima-Daiichiko zentral nuklearreko sei erreaktoreei serio eragin die. Dena ezin dela aurreikusi erakusten duen adibidea da, eta nola gertaera katastrofikoak, ezin daitezkeela gertatu ematen duen arren, azkenean gertatu egiten direla, eta pertsonei eragiten dietela eta, beharbada, baita instalazio nuklearrei ere.
Une hauetan, dagoeneko esan dezakegu garai guztietako bigarren istripu nuklearrik handienaren aurrean gaudela, Txernobilgoaren atzetik. Fukushimako istripua 6. mailan sailka daiteke gertaera nuklearren INES eskalan, eta gehienezkoa 7. maila da, Txernobili eman zitzaiona, hain zuzen.
Zentral nuklearrak berez dira segurantza gabeak, erreaktorearen kontrola modu aktiboan mantendu beharra dagoelako, energiaren iturburua den kateko erreakzioa bere onetik atera ez dadin. Nahikoa da funtsezko sistema gutxi batzuek huts egitea ondorio larriko istripu bat gertatzeko. Energia nuklearraren defendatzaileek argudiatzen dute istripuak eragiten dituzten muturreko fenomenoak gertatzeko arriskua oso bakana dela. Haatik, gertatu berri da, Txernobilen ezagutu genituen ondorioekin, edo orain Japonian agerian jartzen ari direnekin. Gertatzeko aukerak oso urriak izanik ere, hobe da zortea ez zirikatzea, hain dira katastrofikoak. Ez da nahikoa segurtasun neurriak muturreraino areagotzea, %100eko segurtasuna ezin baita bermatu: beti egongo dira zirrikituak, eta giza erroreak gertatzeko aukerak. Horrenbestez, ezinezkoa da arrisku guztiak kontrolatzea, are gehiago zentral nuklearrak bezain instalazio konplexuetan. Esan daiteke, istripua gertatzeko probabilitatea txikia izanik ere, ez dirudiela zentzuzkoa energi iturri horren alde egiten jarraitzeak, istripuaren ondorioak hain larriak lirateke. Energia nuklearraren eragozpenek aise gainditzen dituzte ekartzen dituen onurak. Arrazonamendu horren aurka esan liteke, hala eta guztiz ere, arrisku horiek geureganatu genitzakeela, istripua gertatzeko probabilitatea txikia delako, eta gure bizitzan beste arrisku batzuk ere baditugulako.
Aitzitik, arriskua bereganatzea norberaren borondatez egin behar da, eta gure gizartean inoiz inork ez dio biztanleriari galdetu zentral nuklearrak funtzionamenduan edukitzeak duen arriskua onartzearekin ados dagoen.
Horrez gain, Fukushimako sei erreaktoreei dagokienez, kontua da, lerro hauek idaztean, horien egoerari buruz ziurgabetasun handia dagoela, eta ez dakigula azkenean funditu egingo diren, eusteko hesiak apurtuta, horrek ekarriko dituen ondorio guztiekin.
Laino erradioaktiboa eta erreaktoreen kontrolaren gaineko zalantzak sufrimendu gehigarria dira eskualdeko biztanleentzat, lurrikarak eta tsunamiak eragindakoari eransten zaizkionak. Eragindako erreaktoreetatik 150 kilometrora erradioaktibitatea detektatu da, oso dosi handitan. Eta une honetan 190 pertsonak erradiazioa nozitu dute eta beste 20 tratamenduan daude.
Zentral nuklearraren existentziak bestela ere oinaze handia pairatzen ari den jende horren egoera larriagotu du. Japoniako iritzi publikoak sentiberatasun handia du teknologia nuklearraren erabilera militarrarekin zerikusia duen guztiarekiko, Hiroshima eta Nagasakiko bonben aurrekaria dela eta. Seguruenik, hemendik aurrera, erabilera zibileko teknologia nuklearrari buruz ere berdin sentituko du.
|