Esteban Heredia Garin / Elkargi, E.G.E.ko Aholkularitza eta Finantza Zerbitzuen Saileko Zuzendaria.
“Edozein ondorengotza-prozesuen helburua da, jakina, enpresa horien jarraitutasuna eta garapena bultzatu eta erraztea, desiragarria den familia-elkartasunetik eta harmoniatik abiatuta”.
Enpresa familiarren (gehienak txiki eta ertainak dira) etorkizuna ziurtatzen laguntzeko oinarrizko faktorea da, funtsezkoak diren bi esparruetan, hala nola, kudeaketan eta jabetzan, ondorengotzako eta belaunaldi-txandaketako prozesua behar bezala planifikatu eta antolatzea. Edozein ondorengotza-prozesuren helburua da, jakina, enpresa horien jarraitutasuna eta garapena bultzatu eta erraztea, desiragarria den familia-elkartasunetik eta harmoniatik abiatuta.
Ondorengotza-prozesua etapa kritikoa da edozein enpresaren bizitzan, eta garrantzi berezia hartzen du enpresa familiarretan. Edozein ondorengotza-prozesuk berekin dakartzan sozietate-, ondare- eta kudeaketa-alderdiei ohiko inplikazio familiarrak eta pertsonalak gehitzen zaizkie, horren kutsu psikologiko handiarekin.
Egoera hori oso berezia eta sentikorra bihurtzen da enpresa familiarrean. Izan ere, jakina denez, hura da dagoen enpresa-antolaera konplexuena.
Hori dela eta, beharrezkoa da enpresa familiarraren ondorengotzari modu planifikatu eta ordenatuan aurre egitea, horren esparru guztietan. Ondorengotza-prozesua ez da eginkizun erraza, baina jakina da baliozko ezer ezin dela erraztasunez eta erosotasunez lortu.
Edozein enpresaren oinarrizko erantzukizunak, hala nola, jarraitutasuna, hazkundea eta garapena, epe luzea kontuan hartzea eta eragile guztientzat balioa sortzea, bereziki garrantzitsuak dira enpresa familiarretan, horien ezaugarriak eta berezitasunak direla eta.
Europar Batasunean 17 milioi enpresa familiar daude, Espainian 2,8 milioitik gora eta, SPRIren datuen arabera, EAEn 55.000, eta horiek datozen 10 urteetan ondorengotza prozesu batean sartuta egon litezke. Zenbaki horiek argiro adierazten dute egoeraren hedadura eta dimentsioa, eta agerian uzten dute egoera horri modu antolatuan aurre egiteko beharra, hala enpresa horien jarraitutasuna ziurtatzeko.
Datu horiek agerian uzten duten gertaera saihestezinaren aurrean, enpresa familiar gehienek, jakina, jarraitutasuna lortu nahi dute, baina horien % 25ek besterik ez du jarraitutasun hori planifikatzen eta gutxien batzuek idatziz egiten dute.
Ondorengotzari arrakastaz aurre egiteko eta enpresa familiarren indarrak sendotzeko, alegia, jabetza “aktiboa”, kudeaketa “aktiboa”, eta jabetzaren eta kudeaketaren artean lortu nahi den harmonia sendotzeko, batez ere, eskuzabaltasuna, helburu handiak eta enpresarekiko leialtasuna behar dira. Eta, noski, balio horiekiko jardun eta portaera koherenteak garatu behar dira.
Ildo horretatik, protokolo familiarrak (jabetzaren, gobernuaren eta kudeaketaren esparruetan enpresa-familia harremanak egokiro arautzen dituen “borondate-adostasun” gisa hartuta) planifikatu egiten du enpresen ondorengotza-prozesua eta, ondo garatuta eta ezarrita, funtsezko tresna da enpresa familiarraren jarraitutasunaren, etorkizunaren eta garapenaren mesedetarako. Protokolo familiarra ez da errezeta bat, ez eta, are gutxiago, eskuliburu bat ere.
Neurrirako prozesu bat da, eta plangintza, denbora, prestasuna eta etorkizuneko ikuspegia behar ditu enpresaren etorkizunari aurre egiteko, eta beraren mesedetarako tresna erabilgarria eta eraginkorra eskuratzeko.
Protokolo familiarraren eta, oso bereziki, horrek berekin dakarren analisi-, gogoeta- eta erabaki-prozesuaren azken helburua da enpresa familiarraren indar handiak sustatzea, hala nola, haren elkartasuna eta harmonia, eta bi alderdi horiek bultzatzen duten inplikazioa eta konpromisoa sendotzea ondorengotza-prozesuan, enpresa familiarraren eta, jakina, familia enpresariaren kohesioaren mesedetarako.
|