hasieraenpresakeuskarairitziaelkarrizketakherrialdeakkulturguneagertakizunakfinantzakformakuntzaerreportajeak
Komunikazioan ere, arriskatu egin behar da
2011ko Apirila

Pilar KaltzadaPilar Kaltzada / Aholkularia eta Komunikazioa eta Harreman Instituzionaletako Zuzendaria ide-n.

Hegazkinez gentozen, auskalo nondik. Bidaide egokitu ginen profesio bereko adiskide batzuk: kazetaria bat, komunikazio-zuzendaria bestea eta “komunikalaria” ni neu. Elkarren ondoan eserita gentozen estu-estu, eta ia nahigabe aerdikoak eskuetan zekarren aldizkariari erreparatu nion.

Newsweek aldizkaria zela gogoan dut, eta erdiko orrietako baten, ondokoa zi­o­en iragarkia ikusi nuela: “Life was much ea­sier when apple and blackberry were just fruit”. Duela urte asko, geure aitona zenak ­­  e­txera ekarri genuen lehen ordenagailuari buruz esan zuena etorri zitzaidan gogora bere­ha­la: “nire garaian PCa alderdi komunista zen”.

Historian gutxitan gertatzen dira egiazko iraultzak. Transformazio txikiak elkarren ondotik datoz, baina iraultza, benetako leize-irekitzea, aurreko egoera eta datorrena ­erabat desberdin egiten dituzten aldaketa sakonak, oso gutxitan gertatzen dira. Gertatu zen sua pizteko eta kontrolpean izateko gaitasuna eskuratu genuenean. Gertatu zen ­idazketa behar sozialetara aplikatzen ikasi genuenean. Gertatu zen inprenta asmatu eta ezagutza konpartitzeko teknologia eskuratu zenean.

Antoni Brey ikertzaileak “La Sociedad de la Ignorancia” izeneko lanean dioen bezala, oraintxe ere gertatzen ari da. Aldaketa horren lekuko dira gaur egun beren komunikazio-estrategia egokitzeko tenorean ari diren enpresak, eta maiz beren ondoan ibiltzea gertatzen zaidanez gero, lerro hauek eskaini nahi dizkiet, egoera berrian oin-puntan dabiltzanaren sentsazioarekin ari direnei bereziki.

iraganbidearen garaian. Enpresa eta erakundeei lagundu egiten diet beren baitako indarrak agerrarazteko prozesuan. Gehie­netan komunikazio-aholkularitza deitzen diote prozesuari eta izendatzeko formula horrek erabat asebetetzen ez banau ere, erabili egiten dugu, zuzendaritza-taldeak gehiegi ez beldurtzeko balio du eta.

Publizitateak ez du funtzionatzen, esaten didate. Komunikabideek ez dutela prentsa-oharrik kaleratzen, langileek motibaziorik gabe dihardutela, egoera zailetan erabakiak hartu behar direla eta horiek zuzen transmititzen ez dutela asmatzen. Enpresa deituriko proiekturik ez dagoela, nork berea duela, kasurik onenean. Estrategiaren berrikusketa ­orokorrean, komunikazioak pisu handia duela sumatzen dute, baina, zer da komunikatzea gaur egun? Ezezagunak zaizkigu kode berriak, eta kontrolpeko managemen­t-­aren eskoletan hazitako kudeatzaileak jokoz kanpo geratzen ari direla transmititzen du ­ikuskera honek. Beldurra nabari dut azken boladan enpresa-estrategia edo kudeaketan komunikazio-estrategia berriak aipatzen ditugunean. Funtsean, kultura berri baterako urratsak eman behar dituztela baina pauso horiek zehatz-mehatz zer ekarriko duten ez dakitela adierazten du beren izuak. Eta izan ere, halaxe da. Erosotasunik eza kudeatzen ­ikasi egin behar dugu.

EFQM eta antzeko sistemek enpresa barruko komunikazio-jarioak antolatu eta zegozkien zereginetara lerrokatu egin zituzten jadanik oso aspaldikoa dirudien garai baten. Enpresak bere inguruko interes-taldeekin hitz egin behar du, esaten zuen arauak, eta hitz egite hori kode zehatz baten gertatu behar zela ikasi genuen. Ikuskariak etortzen zitzaizkigun eta egiaztatu egiten zuten bete egiten genuela agindutakoa: hitz egiten dugula, urtean behin besterik ez bada ere, geure bazkideekin edo administrazio-kontseiluarekin; hitz egiten dugula langileekin, intranetean albisteak argitaratzen baititu gure komunikazio-sailak. Planifikatutakoa ezusterik gabe aurrera eraman genezake, salbuespenak salbuespen.

Eta bat-batean, hautsi egin zen ilusioa. Ispilatze hutsa zela susmatzen bagenuen ere, bat-batean lehertu izan balitz bezala bizi ­izan dugu elkarrizketa deituriko ekaitza. Noranzko bakarreko informazio korporatiboa (kontrolatzen dugunak, Sistemak bedeinkatutakoa prozesuak) indarra galdu du geure kontsumitzaileen buruan, eta plaza zabalean geratzen den solasaldia bihurtu da.

Beldurra eragiten du gardentasunak. Kontrolik ezak izutu egiten gaitu. Atzera ­egin nahi genuke, geure “mezua” estrategia ongi definiturikoan moldatzen zen garai horretara, komunikazio-tresnak geuk antola­tzen genituen garaietara. Emaitzak aurreikus zitezkeen garaietara, jendearekin hitz egin ordez, jendeari hitz egiten genion “urrezko denbora horietara”.

Aitzitik, egindako bideak ez du atzera bueltarik. Teknologiak gora-behera, gure garaiari elkarrizketa dagokio, eta horrek leihoak irekitzen dizkigu ingurune berria ikusten hasteko. Nire orain arteko eskarmentuak ­erakutsi didanez, sumatzen dugun beldurrak berezkoak dira egokitze-garai guztietan. Urte askotan lagundu izan ditudan prozesuen esperientziak erakutsi didanez, izua errealitateak berak uxatu egingo du.

Gaur ­egun zalantzatik diharduenak berehala ikusiko du komunikatzeko ditugun aukera guztien artean hautu propioa egiteak enpresa-esperientzia hobetu egiten duela, kidetasunak agerrarazten dituelako, proiektua partekatuak errazago abiarazten dituelako, “partaide” sentimenduak edozein kontrol-prozedurak baino atxikimendu, leialtasun eta konfiantza sendoagoak eraikitzen dituelako. Merkatua osatzen duten pertsonekin zuzenean hitz egiteko aukerak produktu eta prozesuen berrikuntza bizkortu egingo duela ­ikusiko dute.

Komunikatzeko ingurune berriek marka-esperientzia sendoak eraikitzen laguntzen duela, eta horrek konpetentziarengandik bereizteko tresna indartsuak eskuratuko dizkigula. Elkarrekintzarako bide berriak irekitzen ari garela, aurreko moldeek emandako aginpidearen ordez, proiektua ­osatzen duten parte guztien “ahalmentzea” ekarriko duela. “Ezinbesteko egokitzapenak” aukera berriak jarri dizkigula begien bistan, eta ongi baliatzeak onurak emango dizkigula maila guztietan: emaitzen kontuan, enpresa-giroan, lan-esperientzian eta merkatuaren ikuspegian nabaritu egiten diren abantaila konpetitiboak.

Ez da berehala geratzen prozesua, bere denbora behar du. Ez da perfektua: behin ­eta berriro huts egingo dugu, baina denborarekin, hutsegiteak gero eta hobeak izango dira.

 
publizitatea:

ALBISTE BULETINA

Geure buletinera harpidetu zaitez

hemeroteka

lanabesa artium