hasieraenpresakeuskarairitziaelkarrizketakherrialdeakkulturguneagertakizunakfinantzakformakuntzaerreportajeak
Etorkizunaren porasuz: euskara enpresetan
2010ko Abendua

Andres UrrutiaAndres Urrutia / Euskaltzainburua

Ekonomiaren lege latzetan ba al du sarrerarik euskara moduko hizkuntza batek? Nire ustez, bai, baldin eta badakigu egoki uztartzen prozesuaren osagai guztiak.

Noranahi zabaldu da azken urteetan halako gogoa, halako asmoa, euskararen etorkizuna nonbait egotekotan, arlo sozio-ekonomikoan egon daitekeela. Etorkizunaren porasuz, alegiazko kontuak izaten dira gehienetan euskararenak arlo horretan. Askoz gehiago, mundu horren zutaberik nagusienean, hau da, enpresaren antolakuntzan eta bizimoduan.

Alegiazko hori egiazko izan dadin ahaleginetan franko ari dira ekimenak eta gainerakoak barreiatzen, sarritan, ekimenaren ­ekimenez, hats luzeko eta ibilbide iraunkorreko puntuak ondo bilbatu gabe.

Nago ez ote den beharrezko, euskararen bizitokian, halako bateratze bat, halako bil­tze bat, bertara ekarriz ekimenik txikienak zein eginahalik zabalenak. Berebat, premiazko ikusten dut euskalgintzan, eta batik bat, enpresaren esparruan, euskararen gobernantza ezarri eta landu, prozesu horretan sarturik dauden oro parte-hartzaile izan daitezen.
Hala ere, alper-alperrik eskatuko diogu enpresari ardatz ekonomikoetatik kanpo ­ibiltzea. Horretarako dago asmatua, horretarako prestatua, hots, baliabideak antolatzeko etekina lortzearen alde.

Gogorra eta gordina izan daiteke aurrekoa, giza faktorearen eta kulturaren eragina aintzat hartzen ez badira. Bide beretik, tokian tokiko ezaugarriak, horien artean  hizkuntza ere ezin albora daitekeela.

Dena den, ekonomiaren lege latzetan ba al du sarrerarik euskara moduko hizkuntza batek? Nire ustez, bai, baldin eta badakigu ­egoki uztartzen prozesuaren osagai guztiak. Ez da bazterrean uzteko, esaterako, hainbat enpresek gure artean egin duten esfortzua, euskara bera ekoizpen  mailan beste osagai bat izan dadin.
Sarritan, gogora eta burura datorkiguna zera da, euskararena besterik ez dela diru laguntza eta ikusgarritasuna eskuratzeko modua baino. Horrela esatea, besterik gabe, ­iraingarri izan daiteke jorratze lan horretan aspaldi ari direnentzat. Ez, ordea, ezkutatzeko modukoa, batez ere, azalean geratu nahi ez badugu.

Hizkuntza merkatua dela entzun ohi dugu maiz. Baieztapen hori gutxiagotu gabe, hortxe dira, guztion begi-bistan, hizkuntzaren balio sinbolikoa, komunikatiboa eta ­ekonomikoa.

Merkatua bada, legeak baditu eta lege ho­rien artean, zalantzarik ez, hornitzaile ­egokiak izatea. Input eta output egokiak erdiesteko, enpresaren merkatu-legeek zehatz eta gardenak izan behar. Zer esanik ez, hizkuntzarenak ere. Horretan du ardura eta ­eginkizuna Euskaltzaindiak, euskararen akademiak. Ho­rretan ere izan nahi du zeresana eta zeregina, enpresari eta oro har, gizarteari ere, joko-zelai zabala eskaintzeko euskararen arloan.

Zabala eta zergatik ez, erakargarria eta malgua, enpresaren gorabeherak eta argi-­ilunak barruan hartzen dituena eta uneoro bizimodu ekonomikoa ahalbidetzen duena.
Euskara sinbolo izatetik harago eraman nahi bada, beharrezkoak dira, hasteko, gure artean euskarari eman ohi zaion balio sinbolikoarekin batera, komunikazio tresna moduan ere indartzea.

Komunikazioak, alabaina, berez dakar ­erabilera eta areago, erabilera horren eretzean, euskarak balio ekonomikoa izatea, hau da, oztopo izan beharrean, hedadura ekonomikorako tresna moduan baliatzea. Horixe da aurrean dugun erronka. Horixe da, izan ere, ondo antolatu, egituratu eta asmatu beharko dena. Horretarako, bistan da, ezin bazterrean utzi soziolinguistikaren hegaletan euskararen gobernantzak eskatzen dituenak.

Hasteko, eragileen arteko elkar-lana. Hasian hasi, egitasmo zehatzak, alperrik galdu edo bikoiztu ez daitezen ekimenak. Eta azkenean, enpresaren munduari dagokionez, emaitzak, gizartearen aurrean ikusgarritasuna eta sinesgarritasuna ekarriko dutenak, ekonomiaren aldeko bideragarritasuna ere ahaztu gabe.
Hitz batez esateko, ziurtasuna eman behar dio akademiak hizkuntzari, enpresan eta abarretan bizirik dagoen horri muzin egin gabe, horiek hartu eta aurrera eraman di­tzan. Halakoxeak dira, izatez, hizkuntzaren gobernantza osatzen dutenak, diru eta baliabide publikoekin batera, guztiz garrantzi­tsuak baitira osterantzekoak, besteak beste, enpresa eta arlo sozioekonomikoarenak.

Eredugarriak dira horretan FAGOR taldekoak eta gogoangarria, modu berean, Lanabesa egunkaria, ez ohikoa baita halako erabakimena, euskara sustatzeko lanaren ­alorrean. Hortaz, bi kontu azpimarragarriak: bateko, enpresa munduan euskara aintzat hartu eta naturaltasun osoz erabiltzea eta besteko, lau haizeetara barreiatzea informazio ekonomikoa, euskaraz, eite duin eta joriz.

Ametsak egi, egiak amets, eskerrik asko eta aurrera, noranzko ziurrean goaz eta!

 
publizitatea:

ALBISTE BULETINA

Geure buletinera harpidetu zaitez

hemeroteka

lanabesa artium