|
Guillermo Ulacia / Innobasque-ko Presidentea
Mundu mailako lehiakortasunaz hitz egiten dugunean, sarritan aipatzen dugu bertako talentua elikatzea nahitaezkoa dela. Eremu globalizatuan jarduteko gauza izango diren goi-mailako profesionalak behar ditu gure ekonomiak, munduan inor izango bada. Talentuaren Metropolia beharko luke Euskadik jo-mugan, enpresen egoitzaren kokapena baino askoz garrantzitsuagoa baita lurraldean bertan izatea etorkizuneko proiektuak garatu ditzaketen talentu-sareak. Nola landu, bada, bertako talentua? Luzeegi joko luke honek eman zaigun tarte honetarako eta, labur beharrez, bada, aspektu zehatz bati begiratuko diot: eleaniztasunari.
Gure arteko enpresa batzuek garbi ikusi dute lotura garbia dagoela langileen prestakuntza eta lehiakortasunerako gaitasunaren artean. Lanabesa Sariak banatzeko ekitaldian nabarmendu egin ziren urte hauetan hainbat kategorietan aurrerapauso sendoak egin dituzten horietako batzuk. Bada “izar” kontsideratu ditzakegun enpresa horien artean bada ezaugarri komuna: hizkuntzen aniztasuna kudeatzeko sistemak ezarri dituzte guztiek. Zer pentsa eman beharko luke horrek. Zertan laguntzen du, bada, hizkuntzen aniztasunak enpresaren lehiakortasunean?
2008ko irailean Europako Batasuneko Hezkuntza Ministroen Kontseiluak “Hezkuntza eta berrikuntza: gomendioak” txostena aurkeztu zuen, eta uztarri berean jarri zituen datorkigun eszenatoki berrian jarduteko giltzarri diren elementuak: lehiakortasuna eta prestakuntza. Txosten horrek hainbat gida-lerro eskaini zizkigun, ene ustez, egoki eta anbizio handiarekin geure egin beharko genituzkeenak. Alde batetik, Hezkuntza Ministroek bertako hezkuntza-sistemetan Europako hizkuntzak sartzea gomendatu zuten, eta ezin egokiagoa deritzot bide horri; are gehiago: beste biderik ez dagoela esango nuke. Horretan, bada, bat egiten dut Günter Verheugen, Enpresa eta Industriako Europako Komisarioak 2008ko Enpresen Foroan esan zuenarekin: “Hizkuntzetan eta hizkuntzen prestakuntzan inbertitzeak ekonomia globalizatuan jarduteko abantailak ekarriko dizkie Europako enpresei”.
Gaur egungo testuinguruan elkarrekintza eta elkarlana arrakastarako gakoak dira, eta mundu mailan jardun ahal izateko, hizkuntza-gaitasunak lehentasunen artean ezarri behar ditugu. Ingelesa da bertako hizkuntzen artean funtzionalki lehena, baina Europak bere egin beharko luke gainerako hizkuntzen babesa eta sustapena, zein bere jardun-esparru zehatzean paper garrantzitsua izan dezakeelako.
Bide bertsuan, 2009. urtean “Languages means business” jardunaldian gai hau aztertu zuten 200dik gora adituek eta gogoeta interesgarriak utzi zizkiguten. Beren iritziz, lehiakortasun-galera pairatu dezake Europak hizkuntza-estrategia sendoa ez badu abian jartzen. Izan ere, sortzen ari diren ekonomia indartsu berriak hizkuntza-gaitasun handiagoak eskuratzen ari dira. (Asiako potentziak eta Brasil, nagusiki). Zentzu horretan, Europa mailako plataforma sortu behar da hizkuntzen inguruko enpresa-praktikak partekatu ahal izateko.
Etengabe aldatzen ari den mundu globalizatuan, hizkuntzen kudeaketa lehiakortasun faktore gisa kontsideratzen da. Informazioaren teknologiek erraztu egin dute hizkuntzen arteko ukitze-guneak bizitzako arlo guztietan, eta horrek aldaketa sakonak eragin ditu.
Erakunde publikoek beren berrikuntza-agendatan toki nabaria eskaintzen diote hizkuntzen kudeaketa integralari, eta Europara etorrita, Lisboako Itunaren haritik ahalegin handia egiten ari da bide horretan, industria, hezkuntza eta kultura aztertuz. Bada, hizkuntzen kudeaketa zehar-lerro nagusi bilakatu da berrikuntza politikak diseinatzeko orduan. Mundu osoa merkatua duten enpresek nekez iraungo dute elebakartasunean oinarritutako kudeaketa-eredu baten barruan. Mundu osoko herritarren erakarpen-gunea bilakatu nahi den gure gizartean, nekez lortuko dugu integrazio-egitura sendoak eraikitzea hizkuntza eta kultura aniztasuna aintzat hartu gabe. Hizkuntzen aniztasuna, bada, balio kultur ukiezin eta ondarezkoa izateari utzi gabe, balio lehiakor gisa finkatzen ari da. Euskadin urteetan pilatu da esperientzia horren inguruan elebitasun-egoerak lagunduta. Horren kariaz, hizkuntzen industria sendo bat sortzeko aukera dugu, orain arte nahikoa ahul eta bakarka jardun duten diziplina desberdineko egiturak elkartuz. Ingurumaria honetan, hizkuntza-aniztasunak balio lehiakor handiak dakarzkio euskal gizarteari. Bat datoz munduko joerak eta bertan nagusitzen ari diren etorkizunerako eredu-estrategiak: berrikuntzan oinarritutako gizarte eleanitzaren aldeko apustua. |