|
Maria Jesus Aranburu / Kultura eta Euskara Foru Diputatua
Legegintza honen hasieratik, eta Kudeaketa Planaren bidez, Aldunditik apustu estrategiko bat egin dugu euskararen erabilera Gipuzkoako gizarte esparru guztietan indartzeko.
Eta esparru ezberdinen artean, enpresa eremua funtsezkoa da euskararen prestigioa eta normalkuntza sustatzeko. Helburu hau betetzeko erakunde publiko eta enpresen arteko elkarlana bide emankorrena da.
Benetan konbentzituta gaude euskararen erabilera bultzatzen dugun neurrian gure enpresen lehiakortasuna areagotzen ari gara. Zerbitzuaren kalitatea eta enpresa lantalde eta bezeroen asetasuna hobetzen ari gara.
Horregatik Gipuzkoako hainbat enpresen euskararen aldeko lana eta konpromisoa goraipatu behar da. Beste enpresentzako eredu bihur dadin. Asmo honetarako Lanabesa Sariak ekimena guztiz egokia eta baliogarria da.
Eta enpresa guztien artean euskalgintza arloko enpresen ekarpena bereziki goretsi behar da. Oztopo eta zailtasun handiak gaindituz, enpresa sendoak eta berritzaileak eraikitzen ari dira.
Hizkuntza baten irudia eta erabilera soziala indartzeko bide eraginkorrenetako bat da lidergo posizioan direnek erabiltzea, bai enpresan, bai kiroletan, bai zientzian, bai politikan edo kulturan.
Gipuzkoako Foru Aldundia ekimen multzo handi bat ari da gauzatzen, agintaldi honetan, lidergoa indartzeko euskararen erabileran alde, gure gizartearen esparru guztietara hedatzeko eragile handi bat izan daitekeenez.
Ekimen horien artean nabarmendu nahi nuke Eralan2 proiektua, Soziolinguistika Klusterrarekin, Mondragon Unibertsitatearekin eta Kutxarekin batera sustatu duguna, beste entitate publiko eta pribatu batzuekin batera, enpresa eta erakundeetan hizkuntza lidergoa ikertu eta sendotzeko asmoz. Eralan2 proiektuaren xedea da lidergo posizioetan direnek euskaraz egitea eguneroko eginkizunetan. Eredu izatea erabiltzaile eta hiztun berrientzat, erakustea euskarak eskaintzen dizkigun ideia, sentipen eta aukera guztiak. Mondragon Unibertsitatean aurkeztu izan dira, orain dela gutxi, xede horren barruan zenbait enpresak eta erakundek egindako esperientzia praktikoak.
Honekin batera enpresa eremuan euskararen aldeko lidergoa sustatzeko, Gipuzkoako Aldundia ekimen berezi batzuk sustatzen ari da. Diru laguntzen deialdiak berritu dira eta ikuspegi berritzailea izaten duten enpresak eta elkarteak saritu dira. Era berean, hizkuntzen industriaren klusterizazioaren aldeko lana azpimarragarria da. Helburu honekin Gipuzkoako Aldundiak Langune elkartearen sorrera bultzatu du, Euskal Herria hizkuntzen industriaren arloan Europa mailako erreferente bilakatzeko. Eta horretarako funtsezkoa da erakunde publikoetatik sektore honen egituratze eta nazioarteratzeari babesa ematea.
Kirolaren esparruan, Foru Aldundiak babes hitzarmen bat kudeatzen du Realarekin, euskararen sustapena egiteko. Hitzarmen horri esker, alde batetik, jokalarien elastikoan «Gipuzkoa euskararekin bat» esaldia ageri da, eta, bestetik, Reala bere jardueran guztietan euskararen erabilera bizkortzeko plan bat garatzen ari da. Euskararen irudi ona eta erabilera soziala indartzeko, funtsezkoa da eliteko futbolarien lidergo eta komunikazio gaitasunaren ekarpena gure hizkuntzaren balio sozialaren aldekoa izatea. Halaber, gure zientzialariek, Nanogune bezalako prestigiozko zentroetan lan egiten dutenek, euskara erabiltzen duten bakoitzean, gure hizkuntza modernotasuna eta aurrerakuntzarekin lotzeko ekarpen paregabea eskaintzen digute. Horrekin batera, herri erakundeek ahalegin irmo bat egin beharra daukagu herritarrei benetako aukerak eskaintzeko, euskara erabil dezaten administrazioarekin dituzten harremanetan. Horregatik, Aldundian plangintza zehatzak ari gara ezartzen, bai barruko bai kanpoko komunikazioan, euskararen erabilera ziurtatzeko. Konpromisoa, kalitatea eta berezkotasuna dira gure lanaren oinarri. Gainera, gure ahalegina lankidetzaren bitartez partekatu egin nahi dugu gainerako herri erakundeekin, eta euskararen normalizazioaren aldeko lanetan saiatzen diren gizarte eragile guztiekin.
Azken aste hauetan, Aldundiaren lanak aitorpen zehatzak izan ditu, hizkuntza kudeaketaren esparruan Bikain ziurtagiri bi gehiago jaso baititu. Zehazki, Ogasun eta Finantza Departamentuko Erakundeekiko Konpromisoen eta Udalentzako Laguntzaren Zerbitzuak goi mailako Bikain ziurtagiria eskuratu du, eta Haur eta Gazteen Zuzendaritzak, berriz, erdi mailakoa. Aurrez, 2008an Aldundia izan zen Bikain ziurtagiri bat eskuratu zuen herri erakunde bakarra, Kirol Zuzendaritzak egindako lanari esker. Enpresen esparruan ere, euskara nahitaezko eragile bat da lehiakortasuna eta kalitatea hobetzeko. Nortasuna eta hizkuntza funtsezko balioak dira kontsumitzaileekiko lotura estuak sortzeko, eta lehiakideengandik bereizteko.
Zorionez, euskararen balioa gizarte osoak, enpresek eta herri erakundeek partekatzen dute gaur egun. Euskararen aldeko atxikimendu zabal batek aukera eman digu, azken hamarkada hauetan, euskararen normalizazio bidean urrats sendoak aurrera egiteko, eragozpenak eta ezinak gaindituta. Hala ere, bide luzea dugu gure aurrean, euskarak bizitza osoa izan dezan gure eguneroko zereginetan, kalean, lantokian edo lagunartean. Duela egun gutxi joan zaigu Xabier Lete. Bere bizitza benetan emankorra izan da hainbat arlotan. Egun hauetan poeta eta abeslari bezala gogoratu dugu, pentsamendu aberatsa eta bere herriarekin konprometitua… besteak beste konpromiso horren adierazgarri Kulturako Diputatu izana eta gaur nik dudan ardura ere izan zuena.
Guztiok dugu gogoan eta horrela izango dugu etorkizunean ere, gaur bere bertso batekin amaitu nahi dut.
Gipuzkoako enpresa guztiei gonbidapen bat helarazi nahi diet euskarak eskaintzen dizkigun aukerak gozatzeko: Jo du ordua. Sartu gaitezen. Itxi dezagun atea. Aizu, zu, tokia baduzu.
|