|
Ikerne badiola / Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Kirola eta Gazteria Diputatua.
“Kulturak gure akatsetatik ikastea ahalbidetzen digu eta gauzak egiteko beste modu batzuk ezagutzen erakutsi ere bai”.
Krisi ekonomikoan murgilduta gauden une hauetan, bada kulturan egiten den gastua zalantzan jartzen duenik. Ez da lirikarako garaia, diote. Diru bilketa murrizten ari den aro honetan, ezinbestekoa da gastuen artean lehentasunak jartzea, eta are gehiago bizi dugun egoera larri honetan. Eta gizarte beharretan jarri behar dute arreta administrazio publikoek. Eta erabaki hori hartu da Gipuzkoan, beste hainbat lurraldetan bezalaxe.
Hori esanda, kultura ez dela aisialdi edo denbora-pasa hutsa gogorarazi behar da. Zerbait gehiago da. Eta honenbestean, ez batzuk uste duten bezain ez-ezinbestekoa. Isocratesek Atenasko panegirikoan zioen moduan “ekintzarako prestatu gaituen eta gure harremanak leundu dituen kultura intelektuala, ezjakintasunak edo ezinak eragindako ezbeharrak ezberdintzen jakin duena, batzuk ekiditen eta beste batzuekin oso ondo eramaten erakutsi diguna, gure hiriak errebelatu du”. Kulturak gure akatsetatik ikastea ahalbidetzen digu eta gauzak egiteko beste modu batzuk ezagutzen erakutsi ere bai. Horregatik, kultura, ezagutza, gure hiriaren garapenean ezinbesteko osagaia da.
Egia da erakunde guztiok Kulturara bideraturiko gastua murriztu dugula. Baina egia da aldi berean, Gipuzkoaren kasuan behintzat, dauden baliabideak optimizatzeko helburuarekin egin dugula. Bereziki, lurraldearen motore diren proiektuekin. Modu horretan, Arteleku –aurtengo Lanabesa saria- Tabakalera, Donostia Europako Kultur Hiriburu 2016 edota inauguratu berri den eta indartu nahi dugun Balenciaga Museoa bezalako proiektuek, aurrera diraute. Bisitariak erakarriz lurraldea indartzen duten eta baliabide ekonomiko berriak sortzen dituzten hiru oinarri direla uste dugu.
Honek zer esan nahi du, Gipuzkoako Foru Aldundiaren jarduna hiru proiektu horietara mugatzen dela? Ezta gutxiagorik ere. Duela gutxi eraman dugu Diputatuen Kontseilura Ataungo Udalari, Jose Miguel de Barandiaran museoa amaitu ahal izateko laguntza bat. Proiektu honek ba al du osagarri ekonomikorik? Bai. Bere eraikuntzak enplegua sortzen du eta Atauna bisitariak erakarriko ditu. Baina, hori al da bere helburu nagusia? Ez.
Batzuk galdetuko dute ea zer ekarpen egiten dion museo berri batek, Gipuzkoan zehar dauden museo ugariren zerrendari. Funtsa gehitzen dio. Barandiaranen lana eta izaera biltzearen funtsa eta gure seme alabei, bizitzan arrakasta izateko beste modu batzuk ere badirela erakustea, diru asko irabaztea edo auto handi bat izateaz gaindi daudenak. Jose Miguel de Barandiaran museoak, balioa gehitzen dio Gipuzkoari. Belaunaldi berrientzat adibide da eta kulturaren alde lan egitea, gure garapenari ekarpena dela erakusten digu.
Barandiaranek, Wilhelm Wundthi Leipzigen ikasitakoa erakusten zien bere laguntzaileei. “Ezer ez da ongi ulertzen aurrez bizitu ez baldin bada”. Eta agian, hori izan liteke erantzunik onena “ez dela lirikarako garaia” diotenentzat. Ekonomia bezalako arloek ez dute erakutsi krisitik ateratzeko tresna indartsuak direnik. Agian, batek daki, kulturak eta gure arbasoek egoera zailen aurrean izan zuten jarreraren oroimenak lagundu diezaguke. |