hasieraenpresakeuskarairitziaelkarrizketakherrialdeakkulturguneagertakizunakfinantzakformakuntzaerreportajeak
Euskara, enpresa munduan egin beharreko ahalegina
2012ko Urtarrila

Aizpea GoenagaAizpea Goenaga / Etxepare Institutuko Zuzendaria.

Garai batean, bulego batera edo denda batera sartutakoan beti erdaraz egiten zen, betiko Inaxi ­edo Joxeren dendetan ez beste guztietan ohikoena erdaraz hasi eta erdaraz “adiós” esanez amaitzea zen.

Halako batean baina, denda, tailer ­eta bulegoetan  txartel txiki batzuk ager­tzen hasi ziren: “euskaraz badakigu”, edo “egizu euskaraz, arren” zioten kartulina txiki batzuk ziren. Kanpaina xume hark, ordea, jende askoren ohiturak aldatu zituen. Txartel hura zintzilik zegoen okindegi, taberna edo tailerretan euskaraz hitz egiten zen, eta bezeroak erdaraz egiteko joera “normala” iraultzeko balio ­izan zuen. Topikoak hausteko ariketa ­ona izan zen, eta uste baino euskaldun gehiago zegoela konturatzen lagundu zigun.

Halako ekimen txiki batek eragin handia izan zuen gure gizartean. Ohi­tu­rak aldatu zituen, eta ezezagun batekin euskaraz hitz egiten hasteak merezi zuela erakutsi zigun. Urte batzuetan, zorionez,  gauzak asko aldatu dira. Eta gaur ­egun euskara merezi duen lekua eta prestigioa hartuz doa. Hala ere, ahaleginak batzeari esker dirau osasuntsu. Ahale­ginei eta hauen atzetik dauden erabakiei esker, jakina.

Tantaka-tantaka, garai bateko euskaraz hitz egitearen aldeko txartelak bide luzea egin du. Eta orain ere, zapata-denda, supermerkatu, tailer eta enpresak dira eragile nagusiak. Hauen ahaleginak benetako prestigioa ematen dio euskarari. Gure gizartearen bultzatzaile eta motore diren enpresak euskaraz “natural” ­aritzea gure gizartea horretara bultzatzeko bultzada handia da. Euskaraz bizi daitekeen adierazgarri. Euskarak enpresak behar ditu, bere balioaren eraikitzaile baitira. Enpresariek ondo dakite merkatuan markak kokatzen. Horrexegatik, hain zuzen, ondo dakite kontestu erdaldun batean, euskal hiztunak seinalatu ­egin behar direla, erakutsi. Gizarte elebidun batean bizitzeak ez dio euskarari bigarren postua eskaini behar. Eta, zorionez, gure herrian enpresa asko eta asko dira lan hori egiten ari direnak. Euskara, gainera, ez da etxe barruko hizkuntza soilik, kanpora ateratzeko hizkuntza izatea lortu  baitute euren enpresetan.

Ekonomia aldetik oso gogor eta zailak diren garai hauetan, enpresa-munduak euskara bigarren mailara pasatzeko tentazioa edo aitzakia izan lezake. Ho­rregatik, euskararen aldeko apustua egiteak balio handiagoa hartzen du. Nabar­menagoa da ahalegina. Izan ere, ahalegin guztiek balio handia badute, ondo dakigu ahalegin batzuek balore handiagoa dutela, eta hauxe da enpresa munduaren kasua.

Eskertzekoa da ahalegin hauei esker, euskaraz hitz egiteko zioen txartel hartatik LANABESA egunkaria izateraino ­egin den bidea. Euskararen alde, euskaraz aurrera egitea izan da erronka. Esker­tzekoa da banan-banan eta talde gisa ­egindako lana. Eguneroko ahalegin tinko horrengatik, gaurkoan bihotzez eta ozen eskerrak eman nahi genizkieke euskaraz eraiki, bizi, saldu eta sortzearen alde ari diren, langile, enpresari eta negozio munduan mugitzen diren guztiei.

Etxepare Euskal Insitutua euskara eta gure kulturaren marka mundura zabaltzeko ahaleginean ari da. Horregatik, ondo baino hobeto ezagutzen dugu iniziatiba honen ahaleginaren balioa. Eskerrak, bada, Etxepare Euskal Institutuaren izenean, mundu euskaldunaren eredu diren enpresa guztiei eta gizartearen beste alorretan gure helburuarekin lerrotzen diren guztiei, hori ere kultura baita, gure gizartearen erakusle. Denok bide berdina jorratzen ari gara, euskararen marka zabaltzen eta euskara goratzen lau haizetara. Gure esker onik beroena `euskara jalgi hadi mundura...´  leloa gorpuzten duten guztiei.

 
publizitatea:

ALBISTE BULETINA

Geure buletinera harpidetu zaitez

hemeroteka

lanabesa artium