hasieraenpresakeuskarairitziaelkarrizketakherrialdeakkulturguneagertakizunakfinantzakformakuntzaerreportajeak
Konfiantza Berreskuratzea
2012ko Urtarrila

Jabier LarrañagaJabier Larrañaga / ETEen Zuzendaria Kutxan.

Azken lau urteotan zehar bizitzea egokitzen ari zaigun egoeraren alderdirik txarrena ez da horren kontra borroka egin beharra, baizik eta ­ikustea herritarrak, sektoreko profesionalak bezala, iritsi ezinda dabiltzala, ez dutela gertatu dena batere ulertzen, gu ez garela ondorio pedagogikorik ateratzeko gai, geure buruarengan, geure sisteman eta ekonomia produktiboan dagoeneko ez dugula inolako konfiantzarik…

 

Iparra berreskuratzen ez badugu, konfiantza berreskuratzen ez badugu, denbora luzea beharko dugu ataka estu honetatik irteteko. Izan ere, konfiantza da norantz goazen jakitea, erakunde eta instituzioetatik hasita, eta enpresak eta bankak duten eginkizun sozialean konfiantza izatea, eta gure sistema sozial eta ekonomikoan konfiantza izatea.

Baina gauza bat argi eta garbi ikusten dugu, hoberantz egin beharrean okerrerantz ari garela. Are gehiago, mehatxu bat dugu gainean: badirudi ezen ekaitz ekonomiko perfekturantz goazela, derrigorrean; aditu batzuek 2012an kokatzen duten ekaitz hori. Ez dakigu ekaitza azkenean iritsiko den, seguruenik inork ez du jakingo. Espero dezagun horren iragarpena egiten ari direnak oker ibiltzea.

Baina erne egon beharko dugu, batez ere gurea, finantza sektorea bezalako jarduera sektore batean. Eta konfiantzari ere tartea egin behar diogu: fenomeno hau ez dago meteorologiari lotua, ekonomiari baizik eta, beraz, gizartearekin eta gizakiarekin du zuzenki zerikusia.  Ez da fenomeno exogenoa, kanpotik heldua; gure esku dago konponbidea.

Halako sinplifikazio batera joz, esan dezakegu badirela sortu den egoeraren erdigunean dauden kontu batzuk. Zorra, esate baterako, arazo iturri bat da, eta horren sorburua zorrak ordaintzeko gure ­ahalmenaren, azken batean gure sistemaren gaineko konfiantza-krisia eta sistema horrek jasaten dituen espekulazio-erasoak dira. Eraso horiek nabarmenago ageri zaizkigu ziurgabetasunezko egoera honetan, bista-bistan geratzen ari baitira, batetik, aitzindaritza falta, eta, bestetik, klase politikoak apenas hartzen duela bere gain erantzukizunik.

Akordio politikoa falta zaigu, eta duela gutxi izandako Bruselako Goi Bilerak ez du ematen arazo hori konpondu duenik. Badirudi mailegu-emaileek beldurturik segitzen dutela, eta harrituta, inon ez baitute segurtasunik topatzen.
Likidezia ere garrantzitsua da, zorpe­tzearekin bat eginik behar-beharrezkoa baita. Oxigenoz ongi hornitutako odol-fluxurik gabe, ez dago produkzio-ehuna berregiteko, birsortzeko aukerarik.

Gure kasu zehatzean, finantza-erakundeen kasuan alegia, lege esparrua ­egonkorra izatea behar dugu (gauzak behin betiko argitzea eta joko-arauak finkatzea), eta sektorea berregituratzeko prozesua amaitu beharra dago. Duela gutxi esan zuen gure lehendakari Xabier Iturbek: “ez dago zertan luzatu datozen zailtasun berrien aurrean irauterik izango ez duten erakundeen hilzoria”.

Goazen, bada, atzeralditik ateratzea ahalbidetuko digun berrindartzea eragin beharko lukeen faktore nagusira, ekimenarekin eta ekintzailetasunarekin lotuta baitago.
Ekonomiako eta administrazioko ­eragile eta erakunde guztiok aplikatzen ditugun gastua mozteko eta kontrolatzeko neurriak beharrezkoak dira; gainera, uste dut neurri horiek jorratzeko tartea badugula.

Baina ez gara atzeralditik aterako, neurri horiekin batera ekintzailetasunari, berrikuntzari eta internazionalizazioari beharrezko pizgarriak eskain­tzen ez badizkiegu. Enpresarik sortzen ez bada eta produkzioa sustatzen ez bada, ez da susperraldi ekonomikorako inolako aukerarik izango. Alderdi antzuak, inproduktiboak moztu eta murriztu behar dira, baina horrekin ez badator lehiakortasuna bultzatzeko eta hobetzeko beste neurririk, gero eta txikiagoak izango gara.  Batzuek ekonomiaren eta enpresen ‘jibarotze’ esaten diote horri.

Eta horixe da mehatxu nagusia, geldirik denbora gehiago ematerik ez dugula badakigunean. Erreakzionatzeko ordua da, zalantzarik gabe.

 
publizitatea:

ALBISTE BULETINA

Geure buletinera harpidetu zaitez

hemeroteka

lanabesa artium