|
Ana Ruiz de Zarate / Mondragon Linguako Itzulpen Zerbitzuen Zuzendaria.
“Itzulpenen arloan urrats sendoak eman ditu eta zabalkundeari eusten dio comunicación multilingue (cm) erosi eta gero”. “Aro berri horri ekiteko mondragon linguak ez du edabe sekretu edo formula miresgarririk, jadanik denok ezagutzen ditugun baloreak lantzen ditu”.
Murrizketa, atzerapausuak, hazkunde eza eta antzeko kontzeptuak guztion ahotan dabiltza azkenaldian, zorioneko krisia dela-eta. MONDRAGON LINGUAk, ordea, tinko eusten dio bere ibilbideari baita azken urteotan eginiko aurreikuspenei. Horren adibide da Itzulpen Atalean izaten ari den esperientzia arrakastatsua. Hizkuntzen irakaspenaz gain, itzulpeneko jarduerak berebiziko garrantzia hartu du enpresa honen egunerokotasunean, berezko pisu espezifikoa hartzeraino. Aurretik ongi eta zintzo eginiko lana edozein garaitan izaten da agerikoa, are gehiago krisialdietan. Orain, MONDRAGON LINGUA lan egoki horren uzta biltzen ari da eta, atzera egin beharrean, sendotasunez ekiten ari da etorkizuneko erronkei.
Erakusgarri gisa, aipatu Comunicación Multilingüe (CM) enpresa erosi berri duela. Entitate madrildar horren orain arteko lana ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Estatu espainiarrean jarduera garrantzitsua du oso, baita nazioartean ere. Ospe handiko enpresa da eta ISO 9001: 2008 kalitate ziurtagiria du, baita UNE:EN 15038 Europarako itzulpen agiri espezifikoa ere. Bezero garrantzitsuak ditu CMk, esaterako Nazio Batuak, Nazioarteko Itsas Erakundea, Munduko Bankua, Europako Batzordea, Europako Parlamentua eta EBko erakundeentzako Itzulpen Zentrua.
Horrek agerian uzten du MONDRAGON LINGUAk oso serio hartu duela itzulpenen arloan eragiteko asmoa eta CMrekin elkarlanean aritzeko erabakia testuinguru horretan kokatzen da. Ane Ruiz de Zaratek, MONDRAGON LINGUAren Itzulpen Zerbitzuetako zuzendariak agertu duenez, “CMrekin bat egiteko erabakia bat dator gure datorren hiru urteko estrategiarekin, enpresa horren izaera erabat osagarria baita gure ezaugarri eta helburuekin”.
Ruiz de Zarateren aburuz, MONDRAGON LINGUArentzat itzulpengintzaren aldeko apustua oso garrantzitsua da: “globalizazioa dela-eta jendearen artean komunikatzeko eta informazioa trukatzeko beharra izugarri hazi da eta informazio horrek erraztasun handiz bidaiatzen du sarean zehar. Beraz, jario hori guztia hainbat hizkuntzatan agertzeko beharrak ere gora egin du nabarmen. Ondorioz, komunikazio eleanitzak gero eta indar gehiago du eta itzulpena arlo horretan sasoi betean dago”.
Aro berri horri ekiteko MONDRAGON LINGUAk ez du edabe sekretu edo formula miresgarririk, jadanik denok ezagutzen ditugun baloreak lantzen ditu, zintzo demonio ordea: bezeroari lehentasuna eta hurbiltasuna eskaintzea eta kalitate goreneko zerbitzuak lantzea. Denek ahotan ibiltzen dituzten kontzeptuak izan arren, MONDRAGON LINGUAk oso modu berezian lantzen ditu horiek.
Hiru ezaugarri berezi ditu: itzulpen gorenak egiteko profesional eta kudeaketa talde ezinhobeagoa, hitz emandako datak aitzakiarik gabe betetzea, eta bezeroarekin elkarlana erabatekoa izateko sistema propio eta berritzailea. Ane Ruiz de Zaratek dionez, MONDRAGON LINGUAk argi du giza faktoreak berebiziko garrantzia duela, itzulpenik egokienak egiteaz gain, bezeroak prozesu guztia eta azken emaitza estimatu ditzan.
Ruiz de Zaratek bezalaxe, Maria José Velascok, CMko zuzendari eta fundatzaileak, aukera izugarriak ikusten ditu aurrera begira: “teknologia berrien, lokalizazioaren, edukien kudeaketaren eta komunikazioaren eduki eleanitzen gestioaren aldeko apustu sendoa egiten ari gara”. Horrez gain, “zerbitzuak modurik egokienean eskaintzeko tresnarik garatuenak lantzeko proiektuetan murgilduta gabiltza buru-belarri”, nabarmendu du Velascok.
Epe ertaineko helburua zehaztua da: mundu mailan itzulpen zerbitzuak ematen dituzten 25 enpresa nagusien artean egotea. |