hasieraenpresakeuskarairitziaelkarrizketakherrialdeakkulturguneagertakizunakfinantzakformakuntzaerreportajeak
Internazionalizazioa, hartz polarra eta kiwia
2011ko Azaroa

Aner Garmendia / Ega Master-eko Zuzendari Orokorra.

“Hartz polarraren kasua internazi­o­nalizazio eta berrikuntzarengan apostu egiten duten enpresen adierazgarri izan daiteke”. “Euskal herriko enpresei krisia iritsi zaie azken bizpahiru urteetan, kiwiei heldu zitzaien bezala, bapatean eta abisurik gabe” .

Belaunaldi asko dela hartz beltz edo marroiek iparralderuntz jo zutenean ez zekiten bere hilea egunen batean zuritu egingo zitzaienik. Etorkizuneko ­erronkei aurre egiteko ez zuten beste irtenbiderik. Zuria ez den hileakin ehizan egiteko aukerarik ez zuten izango Ipar Poloko izotz zati haundien artean. Hartzak egoera kritiko berri batetara adaptatu ziren, beharraren beharrez.

Hori da miloika urtetan espezieek egin dutena: egoera berri latzetara egokitu. Gero eta ingurumen gogorrago eta bortitzagoa, gero eta adaptazio haundiagoa.

Badaude ostera egoera berrietara adaptatzeko aukerarik izan duten espezieak ere.
Zelanda Berriko kiwi txoria mendeetan bizi izan zen poz-pozik Ozeano Bareko uharte haietan. Hain erosoa zen kiwia bizi zen paradisua, inongo harrapakaririk gabe,  non kiwi gixajoari hegan egitea ere ahastu ­egin zitzaion. Kiwiaren arbasoek bazekiten hegan egiten, baina zertarako baliabide haiek mantendu etsairik ez zegoen toki batean? Kiwia nagitu egin zen erabat inguru lasai hartan eta pixkanaka hegan egiteko ahalmena galdu zuen.

Milaka urte horrela egin ondoren, bapatean ustekabe larria jaso zuen kiwiak. XVIII. mendean, txakur eta katuak beraiekin zekartzatela, eskopetadun gizaki bizardunak ­iritsi ziren Zelanda Berrira Europatik. Urte gutxiren buruan kiwia ia guztiz desagertu zen. Beranduegi zen ordurako hegan egiteko ahalmena berreskuratzeko.

Hartz polarraren kasua internazionalizazio eta berrikuntzarengan apostu egiten duten enpresen adierazgarri izan daiteke. Enpresek, espezieek egiten duten modu an­tzerakoan, kanpoko estimuluen aurrean ­erreakzionatzen dute. Gero eta ingurumen zailago, gogorrago edo bortitzagoa, gero eta adaptazio haundiagoa lortzen dute. Zail­tasunen ondorioz egokitzeko mekanismoak aktibatzen dira. Merkatu gaitzenetan murgiltzeak enpresa lehiakorrago egiten du.

Be­harraren beharrez, zorroztazuna lantzen da.
Kiwiaren kasua berriz eroso sentitzen delako etxeko merkatutik irtetzen ez den enpresaren adibidea da. Barne merkatuan dena da errazago: ohiturak, hizkuntza, distantzia geografikoa, dibisa bera, lege bera... Zergai­tik beste merkatu zail batzutara irten etxekoetan ekoizten dugun dena saltzeko gai bagara? Erosotasunak ordea gehiegizko atsegintasun egoera arriskutsu batean erortzeko ­arriskua dakar. Norberak kanpora irtetzeko ideiarik edo gogorik ez izateak ez du esan nahi kanpokoak etorriko ez direnik gure ingurumena bapatean aldatuz...

Lehiakortasun iraunkorra lortzeko eta mantentzeko biderik onena kanpoko merkatuetara irtetzea da. Merkatu hoietan aurki­tzen diren zailtasunek pizten dute enpresen sormena. Beraz internazionalizazioa salmentak haunditzeko tresna bat baino askoz gehiago da; hobekuntzarako ezinbesteko estratejia, edozein lehiakideren aurrean enpresak lehiakor egingo dituena. Horregaitik daude internazionalizazioa eta berrikuntza hain loturik.

Are gehiago, kanpoko merkatu anitzetan lan egiteak antenak eta sensoreak emango dizkio enpresari mundu osoan zehar, konpetentzia zertan dabilen adieraziko diotenak, joera berriak zeintzuk diren aldez aurretik ­ikusteko gaitasuna emango dizkiotenak. Azkenik, merkatu aniztasunak dibertsifikazio osasuntsua ere badakar, merkatu konkretu  batera krisia datorrenean beste batzutako ateak irekiko dituena.

Euskal Herriko enpresei krisia iritsi zaie azken bizpahiru urteetan, kiwiei heldu zi­tzaien bezala, bapatean eta abisurik gabe. Zorionez asko dira internazionalizazioa aspaldidanik jorratu izan duten enpresa euskaldunak. Arlo hori gehiago lantzen eta sakontzen jarraitu beharko dugu etorkizunean enpresa lehiakor eta sendoak izan nahi baditugu.

 
publizitatea:

ALBISTE BULETINA

Geure buletinera harpidetu zaitez

hemeroteka

lanabesa artium