|
Nerea Burgoa / Pertsonen Garapenaren Burua.
Pertsonek enpresan betetzen duten rola ari da aldatzen, nabarmen gainera. Jada ez da nahikoa zeregin batzuetan trebea izatea, pertsona guztiek izan behar dute euren kabuz antolatzeko gai.
Enpresetan, tradizioz, honelako zerbait egiten zen: langile-premia identifikatzen zen, lanpostutara etorriko ziren pertsonek zer baldintza edo eskakizun bete behar zuten zehazten zen, izangaiak lanpostuari loturiko gaitasunen arabera ordenatuko zituen prozesuak antolatzen ziren, eta hautatutako pertsonak enpresako egiturara sartzen ziren. Nolabaiteko jarraitasun-bokazioz sartzen ziren pertsonak enpresetara, lantaldean irauteko ez ezik, baita eginbeharrekoetan, jarreretan eta jardunean berdin antzera aritzeko ere. Enpresaren munduan beste guztia bezain azkar ari da eskema hori ere aldatzen.
Zer ari da aldatzen? Pertsonek enpresan betetzen duten rola ari da aldatzen, nabarmen gainera. Jada ez da nahikoa zeregin batzuetan trebea izatea. Pertsona guztiek izan behar dute euren kabuz antolatzeko gai, lan egiteko duten modua hobetuz joateko, lanpostua baino harantzago heltzeko, norberaren lanpostuak besteenekin dituen inplikazioak ulertzeko. Merkatuak, bezeroak eskatzen dieten erritmoan bilakatzeko modu bakarra da.
Garbi dago zeregin berri horietarako bestelakoa behar duela izangaiaren profilak. Gaitasunak eta trebetasunak neurtzea ez da nahikoa beraz, zer portaera duen, zer jarrera eta baliotan oinarritzen dituzten erabakiak ere aztertu behar da.
Lanpostuen betiko deskripzioak lekua utzi dio gaitasunen araberako kudeaketari. Lanpostuaren kontzeptu zurrunak ez ditu XXI. mendeko erakundeek behar dituzten malgutasuna eta moldakortasuna biltzen. Gaitasunarenak bai, ordea. Gaitasunaren kontzeptua jakintza eta trebetasun batzuk izatea baino harantzago doa. Gaitasuna eta trebetasuna jakintzaren gizartea eta gizarte industria bezala uztartzen dira.
Errealitate berri horrek errotiko inplikazioak ditu prestakuntzaren inguramenduan. Gaitasunak hobetzeak kualifikazio teknikoa prestakuntza humanistikoarekin osatzera behartzen gaitu, jakintza garatzea trebetasunak garatzearekin eta jarrerak aldatzearekin osatzea.
Hartara, karrera profesionalak gaitasun berriak etengabe barneratzea esan nahi du orain. Gaitasunak garatzea lotuta doa lehiakortasunari eustearekin. Gaitasunak ondo kudeatzen dituen enpresa lehiakorragoa ere izango da.
Eta kontzeptuari hirugarren esanahi bat ere gehi geniezaioke: gai izatea zerbait ondo egiten jakitea baino gehiago da (zerbaiterako gaitasuna izatea), zerbaiten ardura hartzearen dimentsioa ere eransten du (horretan gaitasuna izatea). Albiste ona harriak zulatzearekin konformatzen ez diren eta, harriak zulatzen bada ere, katedralak eraikitzen lagundu nahi duten pertsonentzat.
|