| Hogei bat baserritar aurrez aurre jarriko ditu XXIV. Tolosako Babarrunaren Ekoizleen Lehiaketak |
| 2011ko Azaroa |
|
Larunbatean egingo da urteko babarrun onena saritzen duen proba ospetsu hau, eta babarrun irabazlearen lakari bat enkantean jarriko da. Estatuko blogari ezagunek osatuko dute epaimahaia, eta horri esker Babarrunaren Asteak inoiz baino hedapen handiagoa lortuko du blog eta sare sozialen bitartez. Tolosako Babarrunaren 55 ekoizleek 30 tonako uzta jasotzea espero dute 2011an, iazko kantitatearen antzerakoa, eta kalitate handikoa.
Tolosako Babarruna atsegin dutenek Tolosako urteroko hitzordura gerturatzeko aukera izango dute 2011ko Babarrunaren Astean. Ekoizleentzako erakusleiho bikaina da tokiko Udalak Tolosako Babarruna Elkartearen, Gure-Kayola elkartearen eta Babarrunaren Kofradiaren laguntzarekin antolatutako ekitaldi hau. 2011ko Babarrunaren Astea produktu honen bilketa amaitu ondoren ospatzen da. Tolosako Babarruna Elkartearen datuen arabera, aurtengo uzta 30 tonakoa izango da, iazko zifraren antzerakoa. 2011an 28,5 hektarea landu zituzten elkarteko 55 kideek; kasu honetan ere, 2010ean laboratutako azaleraren parekoa. Uzta ona izan da, kalitate handikoa, baina barnealdeko eskualdeetako produktoreek zailtasun gehiago eduki dituzte, izan ere, haranetan lainoa egon da aste askotan zehar.
Asteburuan ospatuko den Tolosako Babarrunaren festan babarrun eta sukaldari onenak hautatzeko lehiaketak egingo dira, bai eta babarrun irabazlearen lakari baten (3 Kg) enkantea ere. Aurreko urteetako garaileak dira Frontón Jatetxea (1.900 eurorekin, 2008an), Euskal-produktuak.com (2.110€, 2009an) eta 2010ean, Solbes Gourmet. Azken honek Joxe Mujika Garmendiaren lakari irabazlea eskuratu zuen 2.200 euroren truke. Eskaintza horiei esker lortutako dirua Mali Elkartasuna GKEra bideratzen da. |



