|
Estatu mailan erreferentzia zentrua dela, sektorea profesionalez elikatzen du. Irudia, irudi laborategia, soinua edo ikus-entzunezko eta ikuskizunen errealizazioa jorratzen ditu.
Mundu honetako sektore guztietan bezala, zazpigarren artea deitzen den honek gorabehera dezente pasa behar izan ditu historian zehar. Askok zinea krisi garaian dagoela aipatzen badute ere, Andoaingo Zine eta Bideo Eskola abian ipini zenetik, bertara ikastera gerturatu diren ikasle-kopuruak kontrakoa esaten du. Izan ere, ZIBIESek 25 urte inguru daramatza ikus-entzunezko sektorea profesionalez elikatzen. Hain garrantzia handia lortu du denbora tarte honetan, estatu mailan erreferentzia zentru bat izatera bilakatu dela.
Prestakuntza erabat praktikoarekin, sormenari eta jarrera ekintzaileari garrantzia handia emanez, eta sektoreko zenbait enpresen laguntzarekin, ikus-entzunezko formakuntza zentro erreferentea izatea lortu du ZIBIESek. Horretarako, zenbait baloreri garrantzia handia ematen diote bertako irakasle zein langileek. Horietako bat kalitatea da, “Zine eta Bideo Eskolako estrategian lehentasunetako bat”. Kudeaketa eredua, pertsonekiko eta lan egiteko modu malgu batera zuzentzen da. Beste batzuren artean, denbora, komunikazioa eta prestakuntzaren erabilera hobe bat erdietsi nahi da; partaidetza handiagoa, bezeroen asebetetzea eta motibazioa lortuz.
Hau horrela izanda, eskolak zenbait helburu lortu nahi ditu. Horien artean, lehenago aipatutako Euskadiko ikus-entzunezko Lanbide Heziketako eredu zentroa izatea dago, eta baita laneratze maila handiena lortzea ere, beste zenbait helbururen artean. Hori dena lortzeko, beste zenbait gauzen artean, ikus-entzunezko heziketan kalitatezko lana eta lantaldeak sustatzea berebizikoa ikusten dute ZIBIESen.
Andoaingo eskola hau Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailarengatik homologatuta eta kontzertatuta dago, eta Irudi eta Soinuko ziklo guztiko Titulu Ofizialak eskaintzen ditu: irudian, soinuan, produkzioan, errealizazioan eta irudi laborategian. Hala, Lanbide Heziketako Goi Mailako (soinuan, irudian, errealizazioan eta produkzioan) eta Erdi Mailako Titulazioak (irudi laborategian) eskaintzen ditu.
Goi Mailako Lanbide Heziketa Berezian matrikulatu ahal izateko beharrezkoa da hauetako tituluren bat izatea: Batxilergoa, Batxilergo Esperimentala, UBI edo eta Teknikari Espezializatua, Goi Mailako Teknikaria edo baliokidea izatea. Baldintza hauek betetzen ez badira eta 20 urte baino gehiago izanez gero, froga bat egitea beharrezkoa da. Familia hauetako zikloek bi ikasturtetako iraupena daukate eta denetara 2.000 eskola-ordu eskaintzen dira. Bigarren mailan, aldiz, 400 bat ordu ematen dira enpresetan (Lantokiko prestakuntza, LTP). Azken modulo hau nahitaezkoa da titulu ofiziala lortu ahal izateko.
Bestalde, Erdi Mailako Lanbide Heziketan matrikulatu ahal izateko beharrezkoa da BBBko 2. Maila, LH1 edo REMeko 1.go zikloko ikasketak izatea. Lanbide familiako ziklo honek bi ikasturtetako iraupena du ere, denetara 1.400 eskola-ordu egiten direlarik. Bigarren mailan beste 400 ordu enpresetan egitea nahitaezkoa da Lantokiko Prestakuntza (LTP) moduloaren barne.
Matrikulak. Irudia: Kurtso honetan argazki irudien azalpenak erabilera ezberdinetan azaltzen da. Honez gain, ikuskizun guneen iluminazioari, filmaketa edo ikus-entzunezkoen grabaketari, prozesaketaren kalitate kudeaketari eta argazki eta zine materialen tratamenduari buruzko lanbide ezagutzak lortzen dira. Irudi eta operadore teknikari (bideo, telebista eta zine kamara), antzoki, zine, bideo eta telebistan iluminatzaile teknikari edota argazki teknikari bezala lan egiten amaitu daiteke.
Soinua: Ikus-entzunezko, irratiko eta argazkietako produkzioen soinuaren azalpen, harrera, erregistro, emisio eta tratamenduari buruzko, antzezpenen sonorizazio industrialari buruzko eta ikusentzunezkoen produkzioaren audioaren postprodukzioari buruzko lanbide ezagutzak lortzen dira. Lantokiak honakoak izan daitezke: irrati, zine, musika estudio, antzerki, ikuskizunen sonorizazio, edizio eta soinu teknikaria, zein irrati, zine eta telebistako audio postprodukzio teknikari postua. Ikus-entzunezko, irrati eta ikuskizunen produkzioa: Ikus-entzunezko produktuen, telebistako programen, irrati saioen, antzespenen eta emanaldien kudeaketa edo gestioari, ikuskatzeari eta antolaketari buruzko lanbide ezagutzak lortzen dira. Telebistako programen, zine eta bideo lanen, irrati saioen, antzezpenen eta antzerki lanen produkzioan lan egin daiteke. Ikus-entzunezko eta ikuskizunen errealizazioa: Ikus-entzunezkoen eta multimedia produkzioak, muntai eta edizio prozesuak, ikus-entzunezkoen postprodukzioa eta antzezpenen bilakaeren koordinaketa errealizatzeko lanbide ezagutzak lortzen dira. Ondoren, honako postuetan lan egin daiteke: telebistako errealizazioan, zine zuzendaritzan, zine muntaian, edizioan eta nahasketan teknikari bezala edota bideo postprodukzioan, antzezpen zuzendaritzan eta antzerkian errejidore bezala.
Irudi laborategia: Ziklo honekin prozesaketa lanak eta material fotosentikorren tratamendua lantzen dira prozesaketa eta denbora jakinetan, eta bezeroen nahietara zehaztuak. Modulua bukatzerakoan, argazki irudien edota zine irudien prestaketan, kontrolaketan, prozesaketan, tratamenduan eta irudi landuetan teknikari bezala sar daiteke lan merkatuan.
Mugikortasun programa.
ZIBIESek mugikortasun plana deritzona ere abian du duela urte batzuez geroztik. Gauzak hala, hauek dira Erasmus eta Leonardo da Vinci Europar Mugikortasun Programen barruan parte hartzean bisitatu eta lan praktikak egin dituzten herrialdeetariko batzuk: Polonia, Hungaria, Finlandia, Errumania, Grezia, Malta, Italia, Alemania, Danimarka, Herbehereak, Frantzia, Erresuma Batua eta Portugal. Ikasleek telebistarako telesailen, filmeen eta publizitateen filmaketan parte hartu dute, kontzertuak soinuztatu dituzte, antzerkiak argiztatu... edozein motako praktikak egiteko aukera izan eta izango dute.
Bestalde, ZIBIESek etengabeko prestakuntza ere eskaintzen du, sektorean lan egiten dutenei eta langabetuei ikastaro ezberdinak egiteko aukera emanez. Hauek, gainera, diru-laguntza osoa izaten dute. Hala, iazko ikasturtean honako ikastaroak eskaini ziren: musika produkzioen nahasketa eta tratamendua; soinu teknikaria; zine eta bideoen errealizazioa; grabaketa estudioen instalazioa eta doitzea; lan-harremanak; enpresa txikien administrazio, gestio eta komertzializazioa; gidoiaren teoria eta praktika; errealizazioa hiru dimentsioetan; argazki irudien edizio analogikoa eta digitala; erreportajeetarako argazkilaritza...
Zinean eta sektore honen inguruan ikastaroren bat egin nahi duenak www.escivi.com webgunean lor dezake informazioa. |