hasieraenpresakeuskarairitziaelkarrizketakherrialdeakkulturguneagertakizunakfinantzakformakuntzaerreportajeak
BBK Taldeak 234,2 milioi euroko irabazia izan du
2011ko Azaroa

2011 urteko hirugarren hiruhilekoaren amaieran, CajaSur-ek berriro emaitza positiboa izan du eta BBK Taldeari 3,6 milioi euroko ekarpena egin dio. Eraikuntza merkatuak jasandako gainbehera eta maileguen murrizketa testuinguruan, BBK-k norbanakoei emandako hipoteka maileguak %2 hazi dira. BBK Taldeak berankortasuna kontrolpean du urte osoan.

Hirugarren hiruhilekoaren amaieran BBK Taldeak 234,2 milioi euroko emaitza trinkoa lortu du eta CajaSurrek 3,6 milioi euroko ekarpena egin du.

BBKren Marjina nagusiak -CajaSur kenduta-, merkatuak baino joera hobea izan dute urte osoan bezala. Bezeroen Marjinak izan duen bilakaerak erakunde berak aurrez eginiko aurreikuspenak arinki hobetu ditu, eta %3,2 besterik ez da jauzi. Egoera ekonomikoak isla handiagoa izan du Marjina Gordinean, dibidendoen %33ko gainbehera bortitzak bultzatu baitu.

Gastuari eusteko ezarri diren irizpide eraginkorren bitartez, BBKren Ustiapen Gastuak -CajaSur aintzat hartu gabe- iaz garai berekoekiko %0,5 erori dira. CajaSur-en berregituratze prozesuaren ondorioz, taldearen ustiapen gastuak %8,6 murriztu dira 2010ko oinarri alderagarriarekiko.

Inguruko zailtasunak zailtasun, berankortasunak kontrolpean jarraitzen du. Izan ere, 2011 urtearen hasieratik joera egonkorra du BBK Taldearen berankortasun indizeak. 2011ko abenduaren 1eko indizearekin alderatuz gero, BBK Taldearen berankortasuna %9,03tik %8,92ra murriztu da. Horrez gain, BBKren berankortasun mailak -CajaSur aintzat hartu gabe- egonkor eusten dio, eta Estatu osoko Banku eta Aurrezki Kutxen artean txikienetakoa izaten segitzen du, %2,76koa izanik.

Horrela, BBK Taldeak zuhurtzia-maila gorenari eusten dio mailegu arriskuaren estaldurari dagokionez, arrisku espezifikoetarako zuzkidurak araudiak eskatutako gutxiengoen gainetik kokatzen baitira, eta zuzkidura generikoak %125ekoak baitira, legeak baimentzen duen maila gorena.

Zuhurtzia irizpide hauek ezarri ostean, BBK Taldearen emaitza %9,8 jauzi da iaz garai berean izandako emaitzekiko, eta 234,2 milioi eurora iritsi da irabazia.

BBK Taldeak kapitala sortzeko duen ahalmenari eusten dio eta kaudimen ratio bikainak izaten jarraitzen du, %10,8ko Tier 1 Core Kapitalarekin eta %13,0an kokatu den “Kapital Nagusiarekin”, Europako eta Espainiako agintaritzek eskatzen dituzten gutxiengo mailen oso gainetik biak.

 

 

Maileguen inbertsioa eta hipoteka-maileguak hazi egin dira

BBK Taldearen Negozio bolumena 70.607 milioi eurora iritsi da. Bezeroen Baliabideak 37.708 milioi eurotan kokatu dira eta Mailegu Inbertsioa 32.899 milioi eurokoa da.

BBKri dagokionez (Cajasur aintzat hartu gabe) eta ekitaldi osoan bezala, nabarmena izan da Negozio Sareen bultzakada, beren Negozio Bolumena %2,3 hazi baita, eta handizkako merkatuetan sumatu den jarduera txikiagoa orekatu du. Horrela, BBKren Negozio Bolumenak berriro bilakaera positiboa izan du, %0,4ko hazkunde arinarekin, 47.801 milioi eurotan kokatuz.

Maileguek murrizketa nabarmena izan duten testuinguruan, BBKren Mailegu Inbertsioa %1,7 hazi da eta 22.399 milioi eurotara iritsi da, Negozio Sareen bilakaera positiboarekin, aurrekontuaren gainetik hazi baitira, %2,3 zehazki. Mailegu Inbertsioaren baitan, etxebizitza erostera bideratutako maileguetan ikusi da alderik azpimarragarriena, mailegu hauen saldoa %2 hazi eta gero.  Oso positiboa izan da, halaber, Bizkaiko mailegu hipotekarioen kuotak izan duen hazkundea, 2011 urte osoan zehar hazteari ez baitio utzi, %41,40an kokatu arte, 2010ean zuen kuota baino bi puntu gehiago.

Handizkako eta kapitalen merkatuaren bilakaerak oso eragin nabarmena izan du BBK-ko Bezeroen Baliabideetan, 25.403 milioi eurotan kokatu direnak. Negozio Sareek %2,2 handitu dituzte beren baliabideak, %4,1 hazi den Ageriko Aurrezkiak izan duen bilakaera apartarekin, bai eta Epeko Aurrezkiak izan duen %10,3ko bilakaerak bultzatuta ere. Aurkako muturrean kokatu dira Inbertsio Fondoak, hauek gogor zigortu baititu merkatuaren balorazio jaitsierak, nahiz eta  BBKren fondoen ondareak batez bestekoaren gainetik eustea lortu duen. Baskepensiones eta BBK Pentsio Planen ondareak %22ko hazkundea izan du.

 

BBKren Gizarte Ekintzak 53 milioi inbertitu ditu eta 17,4 milioi bideratu ditu gizarte-maileguetara

Irailaren 30ean, BBKren Gizarte Ekintzak programa sozialetan 53 milioi eurotik gora inbertitu zituen, urteko aurrekontuaren %73 gutxi gora behera. 2011 honetan, berriro, BBK da bere tamainaren arabera Gizarte-ekintzara ekarpen handiena egin duen Aurrezki Kutxa.

Krisiari aurre egiteko tresna izanik, BBKren Gizarte Ekintzaren lehentasuna finantzaketa sozialaren bitartez kalitatezko enplegua sortzea izan da, ekintzaileak babestuz eta beka programak abian jarriz, nagusiki. Horretarako, BBK Fundazioak 17,4milioi euro bideratu ditu gizarte-finantzaketara, eta ekarpenaren zatirik handiena gizarte-erakundeek eta gazte ekintzaileek bultzatutako jarduera ekonomikoak abian jarri, indartu edo zabaltzeko izan da.

Era honetako programen bitartez, urtean zehar 140 egitasmo abian jarri dira eta hauek 155 lanpostu berri sortu dituzte, gehienak auto-enplegu ekimenak. Enplegu hauei zeharkako beste 3.227 lanpostu gehitu behar zaizkie, gizarteratzean eta gizarte-ekonomian diharduten erakunde eta elkarteei emaniko finantzazioaren bidez mantendu baitira. Azkenik, BBK Fundazioak 7,4 milioi euro zuzendu ditu hirugarren alorrak osatzen duen gizarte-ehunaren osasun finantzarioa indartzeko.

 

Esku-hartze hauek guztiak ezinezkoak izango lirateke aurrezki solidarioa mantentzen dutenen konfiantza eta lankidetzarik ez balego. Aurrezki solidarioa irailaren 30ean 19,9 milioi eurora iristen zen, eta kopuru honi inbertsio fondo etiko eta solidarioak zituen beste 5,6 milioi gehitzen zitzaizkion.

Gazteak lan merkatuan sartzeko baliabideak ipintzen dituzten beka programei dagokienez, BBKren Gizarte Ekintzak enpresetan praktikak egiteko 410 postu sustatu ditu eta 500dikgora gazte atzerrian ikasketak amaitzeko beken onuradun izan dira. Horrez gain, Masterrak egiteko 60 beka berri sortu dira, Deustuko Unibertsitatean eta EHUn gradu-ondoko ikasketak egin ahal izateko, espezializazio profesionala eta talentuaren garapena bultzatzeko bideratu direnak.