
Langileek eta ikasleek, denek dute eskura euskara ikasten jarraitzeko abagunea. Ulibarri euskaltegiak programa ezberdinak ditu udarako. Jarduera desberdinak dituzte udan, besteak beste, barnetegiak, ikastaro trinkoak edo autoikaskuntza sistemak.
Enpresa bat, maiz, ekintzailea izan behar da; dituen lanabesak handitu eta egoera sozioekonomikoarekin batera aurrerapausuak eman. Egoera horietan hizkuntzak zeresana du askotan.
Euskara ikasteak eta jakiteak ateak zabaltzen ditu lan munduan. Zerbitzu hobea eskaintzeko eta oztopoei aurre egiteko, hizkuntza berri bat erabiltzeak enpresa baten irudian lagun dezake. Horretarako, langileak euskaraz trebatzeko, abaguneak anitzak dira. Euskaltegiek gero eta bide gehiago lantzen dituzte eskaerari ahalik eta egokien erantzuteko.
Esperientziak gidatuta, euskara ikasteko eskaera handiena zerbitzu enpresek egin ohi dute
Langileak trebatzeko eta euskalduntzeko zerbitzua urte osoan zehar martxan dute euskaltegian |
Bertako edo herrialdean bulegoa duen enpresa batek bere langileak euskaraz trebatu nahi dituela erabakitzen duenean urrats batzuk eman behar dira. Ulibarri euskaltegi kooperatibak, lehendabizi, kasu zehatz horren diagnostikoa egiten du; hau da, kontuan hartzen du enpresa horrek zer eta zertarako behar duen hizkuntzaren erabilera eta noraino heldu nahi duen. Horrela, helburuak jasota, eztabaida egin eta erantzun integrala ematen dute, bitartekorik gabe. Taldea homogeneoa bada parametroak zehatzagoak izan daitezke; baina enpresako langileek sektore ezberdinetan lan egiten badute, bakoitzaren beharretara egokitzen dute formakuntza.
“Euskaltegia enpresen eskaerara moldatzea eskertzen dute; gainera, kasu askotan, online aukera oso egokia izaten da”, azaldu du Loren Suarezek, Ulibarriko Aholkularitza Linguistikoko koordinatzaileak.
Esperientziak gidatuta, euskara ikasteko eskaera handiena zerbitzu enpresek eta merkatal guneek egin ohi dute. Bezeroen aurrean lan egin behar dutenek izaten dute beharrizan nagusiena; adibidez, aurrez aurreko zerbitzuan edo telefono bidezko komunikazioan. Enpresek bi eskaera egin ohi dituzte: langileentzako formakuntza zehatza edo euskara plan orokor bat.
Horretarako bi aukera luzatzen dituzte Ulibarrin: ikastaro antolatuak eta online zerbitzua, asteroko tutoretzekin. Langile bakoitzaren ezagupen-maila zehaztu eta Boga Sistema Multimedia darabiltzate norbanakoaren jarraipena egiteko. Modu honetan, egoerak egoera, ahalik eta segimendu zehatzena lortzen dute.
Langileak trebatzeko zerbitzua urte osoan zehar martxan dute euskaltegian; hala ere, enpresei zuzendutako programak behera egiten du udan langileen oporraldiengatik. “Garrantzitsua da langileak borondatez burutzea formakuntza-prozesua, enpresak behartzen baditu erantzunak ez dira berdinak izaten”, gaineratu du Loren Suarezek. Uda heltzen denean, parentesi bat sortzen da euskara edota beste hizkuntza bat ikasteko prozesuan. Ikasturteak ekainean egiten du etenaldia eta urrira arte, hilabete horietan zehar, ikasleak bere burua galduta ikus dezake.
Urtaro honetan zehar, oporraldien beharra dela-eta, edo eguraldiaz gozatzeko irrikak etenaldi bat egitera gonbidatzen ditu euskara ikasle asko. Hala ere, badira geldialdirik egin nahi ez eta ikaskuntza-etapa jarraitzen dutenak. Zergatiak ugariak izan daitezke: ikasitakoa ez ahaztea, trebatzen jarraitzea edo udazkenean izan ohi diren azterketa deialdietarako prestatzea. Kasu horietarako Ulibarri euskaltegiak jarduera desberdinak ditu udarako.
Barnetegia, autoikaskuntza sistemak eta ikastaro trinkoak Ulibarri euskaltegian.
Udako etenaldia heltzean, badira ikasketak bertan behera utzi nahi ez dituzten ikasleak. Horientzat eta euskara ikasten jarraitzeko baliabideak luzatuz, ekaina eta urria bitartean, ekintza bereziak antolatzen ditu Ulibarri euskaltegiak.
Alde batetik, ikasleek barnetegi batera joateko aukera dute. Arantzazun (Gipuzkoa) kokatutako etxearekin ikasleek egunean 24 orduz euskara praktikatu dezakete. Bi asteko barnetegi honetan maila desberdinetakoek har dezakete parte; 2. mailatik EGA mailaraino. Ikastaro hauek, gainera, uztailetik irailera bitartean burutu daitezke.
Beste alde batetik, ikasleak autoikaskuntza aukera dezake. Ulibarri euskaltegiko Autoikaskuntza Gelan hiru motatako jardueretan oinarritzen dute ikaslearen prestakuntza: tutoretza saioak, talde saioak eta Boda sistema multimedia. Ikastaro hauek edozein mailatarako prestatuta daude eta norbanakoaren ahalmenen arabera, jarduteko modu ezberdinak aurkezten dituzte. Alde batetik, astero, tutoretzak eta talde saioak egin daitezke, uztailaren 1etik irailaren 30era arte; hala ere, abuztuan on-line zerbitzua baino ez dute eskaintzen euskaltegian.
Beste alde batetik, on-line sistema bakarrik erabiltzeko aukera ere badago, tutoretza eta talde saiorik gabe; hautabide hau aproposa da ordutegi malguak ez dituzten langile eta ikasleentzat, esaterako. Ikasleak berak markatzen du jarraitu nahi duen erritmoa.
Azkenik, Bilbon ikastaro trinkoak egin daitezke. Maila guztiei zuzendua, uztailaren 1etik irailaren 30era arte burutu ahal dira. Hilabete osoko iraupenarekin, ikasleak euskara sakonki landu dezake udan. Informazio gehiago lortzeko www.ulibarri.org web gunea bisitatu daiteke. |