|
Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusi ohiak Bai Euskarari Laguna oroigarria jaso du euskararen normalizazioaren alde egindako lanagatik. Urteetako ibilbidea publikoki aitortu nahi izan dio Ziurtagiriaren Elkarteak.
Ziurtagiriaren Elkarteak bi entitate saritu ditu Bai Euskarari Sarien bigarren edizioan, euskara enpresan txertatzeko helburuarekin aurrera eramandako ekintzengatik. Sariketa Bai Euskarari Ziurtagiria daukaten entitateen artean egin da. Rober Gutierrez Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartearen zuzendariaren eskutik Refractarios Kelsen enpresak eta Hirukide Ikastetxeak jaso dute Bai Euskarari Saria Donostiako Victoria Eugenia Club-ean egin den sarien banaketaekitaldian.
Lehenengo edizioan, JEZ Sistemas Ferroviarios eta IMH – Makina Erremintaren Institutua izan ziren sarituak. Xabier Mendiguren Kontseiluaren idazkari nagusi ohiak, berriz, Bai Euskarari Laguna oroigarria jaso du bere ibilbide osoaren aitorpen gisa. Errotulazioa, kanpo eta barneko dokumentazioa eta beste hainbat elementu euskaratzen egin duten ahaleginagatik; eta hornitzaileekin harremanak euskaraz izateko egin duten saiakeragatik (ahozko eta idatzizko harremanak euskaraz izan nahi dituztela adierazi baitiote hornitzaile bakoitzari aurrez-aurre eta idatziz) eman dio Ziurtagiriaren Elkarteak Bai Euskarari Saria Refractarios Kelsen-i.
Ainhoa Montes Planifikazio eta Prozesu kontrol saileko buruak jaso du saria, oso “pozik eta eskertuta” agertu da, eta azaldu du Bai Euskarari Ziurtagiria enpresaren erantzukizun sozial korporatiboaren ondorio dela eta benetan sinesten duelako hartu dituztela euskara enpresan txertatzeko neurriak, ez apaingarri huts moduan: “Barnera begira langileen motibazioa eta kohesioa areagotzeko balio izan dio Bai Euskarari Ziurtagiriak gure enpresari, eta kanpora begira, gizartearekin daukan konpromisoa asebetetzeko”. Beste Bai Euskarari Saria Tolosako Hirukide Ikastetxeari eman dio Ziurtagiriaren Elkarteak azken urteotan euskararen aldeko apustu nabarmena egin duelako: entitatean euskara txertatzeko, hizkuntza plangintza eratu eta hedatu dutelako, hain zuzen ere.
Joseba Antxustegietxarte Hirukide Ikastetxeko Hizkuntza Plangintza arduraduna Victoria Eugenian egin den ekitaldian izan da eta, besteak beste, aipatu du, konpetentzietan oinarritutako curriculuma garatuz kalitatezko heziketa bermatzea dela Hirukide Ikastetxearen xede nagusia: “Horrexegatik, irakaskuntza akademikoan ez ezik, gelaz kanpoko ekintzetan ere (kirolak, aisialdi taldeak, begiraleen prestakuntzan, etab.) esfortzu handia ari gara egiten euskararen presentzia eta erabilpena areagotzeko. Pausu bat harago eman dugu eta gaur egun gelaz kanpoko ekintzetan dugu erronka nagusia”. Emaitzak begi-bistan daude. Ikastetxe honek 2002ko irailean eskuratu zuen Bai Euskarari Ziurtagiria. Oso ibilbide luzea egin du, baina baita oparoa ere. Iaz, Bai Euskarari Ziurtagiriaren ‘Zerbitzua eta Lana Euskaraz’ maila Portu baitzuen Hirukidek.
Azkenik, Ziurtagiriaren Elkarteak Bai Euskarari Laguna oroigarria Xabier Mendigureni eman dio euskararen normalizazioaren alde egindako lan guztiagatik. Bera izan da Bai Euskarari-ren irudiaren, kudeaketaren eta hedapenaren sustatzaile nagusia azken urteotan. Horrez gain, euskararekin loturiko beste hainbat lanetan ere aritua da eta hizkuntzaren normalizazioa lortzera bideratutako hamaika egitasmotan hartu du parte. Hunkituta eta pozarren agertu da Mendiguren, ez baitzuen sari hori inolaz ere espero: “Horrelako sariak inoiz ez dira espero izaten. Nik neuk ez behintzat. Eta ustekabean harrapatzen zaituzte, zeren burura etortzen zaizun lehena izaten da egin behar nuena egiten saiatzea besterik ez dudala egin. Baina pozik hartzen da norbaitek zugan pentsatu duela jakitea eta urteetan zehar egindako lana kontuan hartu duela ikustea”.
Ziurtagiriaren Elkartearen zuzendari Rober Gutiérrezek, lehenik eta behin, Xabier Mendiguren, Refractarios Kelse eta Hirukide Ikastetxea zoriondu ditu, Jose Mari Agirretxe Porrotx lagun duela Lierni Agirrezabalak gidatu duen ekitaldian. Bertan izan dira, besteak beste, Bego Muruaga Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Euskararen Sustapenerako zuzendaria edota Ainhoa Beola Donostiako Hizkuntza Normalkuntzarako zinegotzia ere Gutiérrezek gaur saria jaso dutenak ez ezik Bai Euskarari Ziurtagiria daukaten entitate guztiak eta horien atzean lanean ari diren pertsona guztiak izan ditu gogoan. Izan ere, zuzendariaren arabera, gaur Victoria Eugenian elkartu diren lagunez gain, handik kanpora ere banako ugari daude euren eskualdean, herrian, auzoan, edota etxean euskara erabiltzeko hautua Egina dutenak, euskaraz bizi nahi dutelako, euskaraz lan egin nahi dutelako, euskaraz erosi eta saldu nahi dutelako, euskaraz ikasi nahi dutelako, euskaraz dibertitu nahi dutelako edota euskaraz amestu nahi dutelako: “Hizkuntzak ez dira ezer, haiek erabili, bizi eta biziarazten dituzten pertsonarik gabe. Horregatik, zuon lana benetan eskertzekoa da, gizarte osoari eragitera iristen baita. Izan ere, ez dago hizkuntza bat normalizatzerik ez bada bere erabilera bermatzen arlo sozioekonomikoan”. Gaineratu du, bizitzako parte handi bat lanean ematen dugula eta beste parte hadi bat gainerakoen lana baliatzen; beraz, Gutierrezen iritziz, berebiziko garrantzia du alor sozioekonomikoak betetzen dituen espazioetan euskarari lekua egiteak. |