Hamarkadetan egindako lanaren ondoren, Santurtzin (Bizkaia) kokatutako Bihotz Gaztea ikastolak beste errekonozimendu bat eskuratu du abenduan. 671 bazkide, 668 ikasle eta 60 langile, baina ilusio bat komunean: euskararen sustapena.
Ianire Renobales
Ikastolan sari berri bat lortu dute euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa egokia lortzeko lan egiten dutelako; ez ikastolan bakarrik, herri mailan ere eragiteko asmoa dute. “Zilarrezko Q-a lortzeko ibilbidea 2005ean hasi zen. Klaustroak hartutako erabaki bat izan zen, langileei aurkeztu zitzaien eta, horri aurre egiteko, guztion konpromisoa behar zela ikusi genuen. Lan handia suposatu izan du barne kudeaketan eta, batez ere, guztion inplikazioa behar izan du. Azken batean, guztiok egindako lanari esker lortu izan dugu”, azaldu zuen Joseba Bilbaok, Bihotz Gazteko zuzendari pedagogikoak.
Guztien arteko elkarlana, langileen prestakuntza, berrikuntzaren aldeko apostua, ezagutzak partekatu... ahalegin handia egin dute barneko gestioa hobetzeko. “46 urteko ikastetxea dugu eta, erakunde bezala, gestioan heldutasun batera heldu garela esan dezakegu. Horrek ez du esan nahi gehiago ezin dugunik hobetu, baina bai lortu dugula heldutasuna”, adierazi zuen Miriam Zuazolak, ikastolako zuzendari orokorrak.
Bihotz Gazteak errekonozimendu anitz izan ditu bere historian zehar. Horien artean: Eskola Iraunkorraren Ziurtagiria (2007), Elikalte Saria (2008), Karmele Altzueta Saria (2008), Berdintasun Saria Ikastetxeei (2010), Urrezko Bikain Ziurtagiria (2010) eta orain, Zilarrezko Q-a. “Kanpoko errekonozimendua aipatzen dugunean zera esan nahi dugu, guk sinesten dugu bete-betean egiten duguna, baina kanpo errekonozimenduak ematen dizuna da motibazioa, lanean jarraitzeko indarra. Zilarrezko Q-a ikaragarria izan da ikastolarentzat; ahaleginak egin eta gero errekonozimendu bat egon da”, gaineratu zuen Zuazolak.
Euskaraz ikasi, jolastu edo elkarrekin hazteko, euskal kultura gozatu eta sustatu nahi dutenentzat sortutako ikastola dugu Bihotz Gaztea. “Epe luzerako eta bizitza osorako euskararekiko maitasun eta atxikimendua eragiten saiatzen gara. Ikastolatik joaten direnean, batzuk euskaraz aritzen dira eta hori oso pozgarria da”, esan zuen zuzendari orokorrak. Hala ere, ez da beti lan erraza izaten. “DBHn kostatzen da adinagatik, erdarara jotzeko joera handia dago baina, gero, urte batzuen bueltan, hemen egindako lanak ere barnean eragiten duen bihotzeko hori euskal zaletasuna bultzatzen du eta hona etortzen dira bisitan. Hori bai dela guretzako saria, errekonozimendurik onena”, azaldu zuen Joseba Bilbaok.
Ikastola
1966an jaio zen Bihotz Gaztea 17 ikaslerekin. Sorrera berezia izan zuen Santurtziko ikastola honek. Egun batean, perretxiko bila joan ziren zenbait euskalzale ‘600’ izeneko auto batean mendira; perretxikorik gabe, baina amets batekin itzuli ziren herrira, Santurtzin ikastola bat sortuko zuten. Amets hura egia bihurtu zen eta geroztik, hazkundea baino ez da izan. 1980an 90 ikasle ziren eta 1995ean, 260 ikasle zeudela, Ibilaldia antolatu zuen ikastolak Serantes mendian. 2006. urtean 40. urteurrena ospatu zuen herrian hainbat ekintzarekin eta jada, 587 ikasle zituen. Aurten, 668 lagun daude Bihotz Gaztean eta etorkizunari begira, proiektua aurrera doa. 2015ean Ibilaldia Santurtzin egitekoa asmoa dago berriz. “Ametsak-amtes, bihotzak-bihotz aurrera jarraitzeko asmoa dugu, ‘garenetik nahi dugunera’. Poetak zioen bezala haizerik gabe ez dago aurrera egiterik, baina haizea egonez gero, joan nahi den tokira joan gaitezke”, diote ikastolan.
Egun, 671 bazkide, 668 ikasle eta 60 langile daude ikastolan. Bihotz Gaztean hezkuntza tarte desberdinak lantzen dituzte, 0 urtetik 16 urtetara, Haur Eskola, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza. Ostean, ikasleek bi aukera dituzte: Batxilergoa Asti-Leku ikastolan burutu edo Lanbide Heziketa Ibar Ezkerra ikastolan gauzatu. 
Aurrera egin nahi duen edozein erakunderen moduan, berrikuntza ezinbestekoa bihurtu egin da ikastolan. “Berrikuntza estrategikoa guretzat apostu bat da; batetik, langileen prestakuntza beharrezkoa da eta bestetik, prestakuntza zelan kudeatu guztiengana ailegatzeko”, aipatu zuen Bilbaok. Ahalegin handia egiten dute barne kudeaketa egoki bideratzeko. Proiektuak eta planak darabiltzate berrikuntza sustatzeko. Ikastolako buruen arabera, “oso prozesu potentea da”.
Miriam Zuazolaren arabera, “etengabeko berrikuntza ikastolaren balioa da”. Bereziki, langileen prestakuntzari garrantzia handia ematen diote eta ikasturte honetan zortzi irakasle berri daude. Bestetik, ikasleei protagonismoa ematen saiatzen dira ikaskuntza prozesuan haiek aktore nagusienak izan daitezen. “Ikasleen motibazioa, jarrera edo autonomia maila funtsezkoa da prozesu honetan”, gaineratu zuen Joseba Bilbaok.
“Elkarlanan sinesten dugulako,
denon artean egiten dugu ikastola”
Koordinazioan egoki aritu dira Bihotz Gaztean, kudeaketa ona eraman dute aurrera. “Nik uste dut hori dela gure puntu gogor bat. Saiatzen gara denbora ondo erabiltzen. Hemen ez dago irabazteko asmorik, beraz, kudeatu behar dugu denbora, pertsonak...”, azaldu zuen zuzendari orokorrak.
Ikasleak motibatzeko esfortzu handia egiten dute. “Ikastolan lana egiten dugu, kontuan hartu behar dugu zein den geure inguru soziolinguistikoa, Ezkerraldean gaude, hain zuzen ere, Santutzin, eta gaztelaniaren presentzia nabarmena da, zoritxarrez. Orduan, euskara bultzatzeko ekimen eta ekintza desberdinak egiten ditugu. Batetik, aspaldi badaukagu ‘Euskaraz bizi’ izeneko proiektua, adibidez. Adinen arabera eta ikasleen ezaugarriak kontutan hartuta, ekintza desberdinak planteatzen ditugu. Gure erronketako bat da gela barnean bai, baina batez ere, ikastolatik kanpo euskararen erabilera izatea ikasleen artean. Saiatzen gara herri mailan euskara eta euskal kultura bultzatzeko eragile aktiboa izaten; horrela, familiak, ikasleak... inplikatzen ditugu. Besteak beste, herrian Euskara Eguna ospatzen dugu, aurten, berritasun gisa, Udalarekin elkarlanean aritu gara; abenduaren 24an Olentzero kalera ateratzen dugu; Santa Ageda egunean herria hartzen dugu hainbat guraso eta ikasleekin; eta inhauterietan, egun batean, ikastola osoa ateratzen gara kalera mozorrotuta; Euskal Astea ospatzen dugu Aste Santuko oporrak baino lehen...”, azaldu du Joseba Bilbaok. Euskararen erabilera modu ludikoan landu nahi dute Santurtziko ikastolan. “Horiez gain, ikastola barnean bertsogintza proiektua daukagu, hainbat ekintza ‘Euskaraz Bizi’-ren bitartez eta orain dela bi urte, euskal jolasen lanketa egin genuen".
Parte-hartzea dute bidea ikastolan, seme-alaben formakuntzan ilusioa dute eta beraiek dioten moduan, ikastola "Santurtzin gure hizkuntza biziberritzeko ilusioak bultzatutako ametsa da". |