|
200 pertsona inguru gerturatu ziren UNAMen ospatutako euskal kulturaren inguruko jardunaldira. Larunbatean, hilak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko da Mexiko D.F.-ko Euskal Etxean. “Arambururen hitzek euskarazko literaturaren inguruan ezjakintasun handia erakusten dute”.
Berrehun pertsona inguru gerturatu ziren atzo UNAMen (Mexikoko Unibertsitate Autonomoa) ospatu zen euskal kulturaren inguruko jardunaldira. Hilaren 3an Euskararen Eguna dela eta antolatu den programaren barruan kokatzen da jardunaldia. Arratsaldeari hasiera emateko Felipe Ugarte eta Beñat Iturrioz txalapartariek saio bat eskaini zuten Xabi eta Fredi Paya bertsolariekin batera, kultura fusio berezia sortuz. Jarraian, Anjel Lertxundik “Los trapos sucios” (“Etxeko hautsa”) bere azken nobela aurkeztu zuen, eta segidan eztabaidarako tartea ireki zen.
Eleberria bera, pertsonaiak, gatazkak, sorkuntza literarioa eta politika izan ziren gai nagusi. Eguna Emprebask, Mexikoko Euskal Enpresen Elkarteak eskainitako gabon afari batekin amaitu zen, eta bertan izan ziren txalapartariak, bertsolariak, Etxepareko zuzendaritzako kideak eta euskal argitaletxeak. Etxepare Institutuko zuzendari Aizpea Goenaga, eta Institutuko euskararen sustapen eta hedakuntzarako zuzendari Mari Jose Olaziregi, hainbat euskal argitaletxerekin batera Guadalajarako Nazioarteko Liburu Azokan (FIL) izan dira lehenago, eta Mexiko D.F.-ra gerturatu dira, Euskararen Nazioarteko Egunean (hilaren 3an) amaituko diren ekitaldietan parte hartzeko.
Gaur, abenduak 2, Hizkuntza Indigenen Institutu Nazionalak (INALI), Mexikon hizkuntza indigenen erabilera sustatu eta babesteko lanetan ari den erakundeak, ekitaldi bat antolatu du lehen aldiz Etxepare Institutuarekin batean. Arratsaldean, euskal ordezkaritza 1975ean sortutako Zinemagintzarako Trebakuntza Zentrora gerturatuko da, Anjel Lertxundik idatzitako Zorion Perfektua euskal filma ikustera. Ondoren, idazleak berak hitzaldi bat eta mahainguru bat eskainiko ditu.
Bihar emango zaie amaiera ekitaldi guztiei, Euskararen Egunaren ospakizunekin. D.F.-ko Euskal Etxean hainbat ekitaldi antolatu dira horretarako. Horien artean, jokoak, proiekzioak, zuzeneko musika emanaldiak, Goenkaleri omenaldia eta txalapartari eta bertsolarien emanaldia. Adierazpen polemikoak Guadalajarako Azokan Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Aizpea Goenagak, eta Institutuko Euskara zuzendari Mari Jose Olaziregik Fernando Aranburu idazle donostiarra zoriondu zuten, Guadalajarako Liburu Azokako Tusquets Saria irabazi zuela eta. Hala ere, euskaraz idazten duten idazleen inguruan egin zituen adierazpenek sortutako atsekabea nabarmendu zuten. Izan ere, Arambururen hitzetan, “euskaraz idazten duten idazleek ez dute askatasunik, dirulaguntzetatik bizi baitira”.
Goenagak, “adierazpen horiek euskarazko literaturaren inguruan ezjakintasun handia erakusten dutela” iritzi zion. “Euskaraz idazten duten idazleen %7 besterik ez direla profesionalak, eta beren liburuen salmenten %10etik bizi” direla adierazi zuen. Gainera, lehen mailakoa den Bernardo Atxaga idazleak adibidez, bere azken eleberriaren 20.000 ale saldu zituela gogorarazi nahi izan zuen. Era berean, “euskaraz idazten duten idazleak askeak direla” ziurtatu zuen; “hain zuzen, beraiek izan dira Euskadiko egoera politikoa salatu eta jendearen ezinegona islatu dutenak”. |