|
Crearmoda.com webgunea ekainean jarri zen martxan, eta bertan kamisetak, euritakoak, zapiak eta jertseak diseinatzeko aukera eskaintzen zaio erabiltzaileari. Hasiera batean, 25 urtetik 55 urtera bitarteko emakumeei zuzendu zitzaien webgunea, baina 60 urte baino gehiagokoak ere sartu dira atarian.
Moda diktadura bezalakoa da. Lider boteretsuak -marka handiek- esaten du zer, noiz eta nola jantzi arropa, eta menderatutakoek –erosleak- onartzeko beharra dute; erremedio handirik ere ez dago, denda gehienetan modan dagoena baino ez baitago.
Eta azken joerek adierazten dutena janzten dugu urtero-urtero. Denok berdin. Modaren kontra ez dago erantzuteko aukerarik. Edo bai. Mercedes Suengasek crearmoda.com web gunea jarri du martxan, eta bertan diseinatzaile arituko da erabiltzailea. Bakoitzak nahi dituen osagaiak jarri ahal izango dizkio arropari, hiru dimentsioko teknologia erabiliz. Bizkaiko Foru Aldundiko Beaz erakundeak “Proiektu berritzailetzat” jo zuen ekimena.
Negozioa egiteko era berria da crearmoda.com, eta ekainetik aurrera edozeinek erabili ahal du, izenik eman eta dirurik ordaindu gabe, eta era erraz batean. “Merkataritza aldatu egin da. Orain ez da erosten eta saltzen soilik. Guk zerbait gehiago, esperientzia berriak, sorrarazi nahi dizkiegu bezeroei. Eta horregatik Ametsak saltzen ditugu, ilusioak erosten dira hartu dugu lelotzat. Gaur egun kontsumitzaileok aspertuta gaude: ez dugu ezer behar. Beraz, esperientziak eta ilusioak sortu behar ditugu, bezeroak erakartzeko. Bezeroak amets egin behar du gure webgunean, diseinatzailea izango balitz moduan. Produktua zuk zeuk sortzen duzunean izugarrizko sentsazioak harrapatzen zaitu”, azaldu digu Mercedesek.
|
“Gaur egun, bezeroen ezaugarriek ez dute eraginik. Erosten duena bezeroa da, besterik gabe”
“Etorkizunean, guk erabiltzen dugun software askea edozein dendatan jarri ahal da, dendariak eta bezeroak elkarrekin erabiltzeko”
|
Webgune horretan saltzen diren jantzi guztiak erabat Euskal Herrikoak dira. “Hurbil-hurbil egiten eta ekoizten da gure arropa. Hori dela-eta, azkar eskaintzen dugu produktua, hura erosi eta gero”. Kamisetak, zapiak, euritakoak eta jertseak daude salgai crearmoda.com webgunean. Denboraren poderioz, produktu gehiago eskaintzeko asmoa dute. Ez da aldaketa bakarra izango, eta ideia batzuk dituzte egitasmoaren sustatzaileek.
“Etorkizunari begira, bakoitzak bere diseinuak webgunean ikusgai jartzea nahi dugu. Aukera bukaezinak dira, eta erakunde txiki bat sortu nahi dugu webgunearen inguruan. Horretarako, oso garrantzitsuak dira guretzat Interneten bidezko gizarte-sareak, hau da, facebook eta twitter”.
Harremana bezeroekin oso garrantzitsua da denda guztietan, baita crearmoda.com atarian ere. “Bezeroek esango dute nolako aldaketak egin nahi dituzten, baina baita merkatuak ere: koloreak, ehunak.... Eta moda urtean behin aldatu egiten da”. Modaren diktadura, eta horren menpean, bezeroak. Mercedesen ustez, asko aldatu da eroslearen profila. “Gaur egun, bezeroen ezaugarriek (bizilekua, adina, pentsaera) ez dute eraginik, ez digute ezer esaten. Erosten duena da bezeroa, besterik gabe.
Guri ere gertatu egin zaigu: hasiera batean, 25 urtetik 55 urtera bitarteko emakumeei zuzendu genion webgunea, baina konturatu gara 60 urte baino gehiagokoak ere bezeroak izan direla”.
25 urteko eskarmentua. Mercedesek 25 urteko eskarmentua du moda arloan. Arte Ederrak ikasi bazituen ere, erakusleihoak diseinatu ditu eta interiorismoa landu du. Gainera, merkataritzan hainbat markako komertzial aritu da, batez ere denda txikietan. Bere ibilbidean besteak beste kontsumo-era, banatze-era eta bezeroak aztertu ditu Mercedesek, eta bere ustez, “aldaketa itzela izan da, batez ere azken bost urteotan”. “Aldaketak handiak ez ezik oso azkarrak ere izan dira, eta aldaketa gehiago etorriko dira datozen urteotan. Gure negozioaren oinarriak ohikoak dira, baina crearmoda.com webgunearen bidez, negozioa berriro asmatu egin dugu”.
Webgunea ez da “egun batetik bestera” sortu. “Gure eskarmentuak eta merkatuak berak eraman gaitu crearmoda.com sortzera. Eta hainbat arrazoi hartu ditugu kontuan: esperientziak, harremanak...”. Egitasmoa berri-berria bada ere, pozik dago sortzailea webguneak orain arte izan duen arrakastarekin. “Gure webgunea denda basamortuan irekiko bagenu modukoa da: erabiltzaileen kopurua erosleena baino handiagoa da. Hasiera batean bagenekien horrela izango zela. Pozik gaude, behintzat erabiltzaileak ditugulako”. Eta eurek jarriko dute arropa bakoitzaren prezioa. Erosleak diseinatuko du arropa eta osagaien arabera, prezioa aldakorra da. “Dendak ez du joera sortzen ezta prezioa ezartzen ere; erabiltzaileak berak egingo du”.
Webgunea denda txikiei dago lotuta era batean edo bestean. Alde batetik, sortzaileak izugarrizko konpromisoa duelako eurekin. “Nik Euskal Herri mailan egin dut lan eta ondo ezagutzen dut. Informaziorik ez dutelako edo ausardiarik ez dutelako, zenbait denda txiki ez dira teknologia berrietara hurbiltzen. Eta hori oso mingarria da. Ez dakite edozeinen eskura dagoela. Lehen nik ere ez nekien ezer horren inguruan, eta orain crearmoda.com jarri dut martxan.
Gero eta denda txiki gutxiago dago, eta sektore horrentzat premiazkoa da ekintzailea izatea eta gauza berriak asmatzea. Bestela, ezin da denda handien kontra lehian sartu, haiek gero eta indartsuagoak baitira”.
Beste alde batetik, Mercedesek denda txikietan sartu nahi du bere proiektua. “Webgunea internet erabiltzen duen bezeroei dago zuzenduta, baina aukera dago denda txikietara hurbiltzeko. Adibidez, guk erabiltzen dugun software askea edozein dendatan jarri ahal da, dendariak eta bezeroak elkarrekin erabiltzeko. Ukipen-pantaila duen ordenagailuaren bidez, bezeroak bere diseinu propioa egiteko aukera izango luke”. Ukipen bakoitzaren bidez, garrasi isila botako du erabiltzaileak modaren diktaduraren kontra. Erresistentzia bizirik dago. Gora erresistentzia!
|