 |
|
| AGROTRAVEL. Susana Conde Arabako enpresako nagusia da. |
|
Agrotravel bidai agentzia arabarrak bidaiari zein profesionalentzako turismo arduratsuan murgiltzeko ikastaroak antolatuko ditu udazken honetan.
Turismoa egiten dugunean gure kontzientziak ere oporrak hartu dituela dirudi batzuetan. Herrialde anitz bisitatu baina, askotan, bueltan, ez ditugu herrialde horiek ezagutzen hoteletik edo ibilbide turistiko tipikoetatik atera ez garelako. Bidai arduratsuek kontrakoa egiteko balio dute: herrialdea ondo ezagutzea eta, batez ere, bidezko modu batean jardutea gure oporretako esparru guztietan. Gasteizko Agrotravel agentziak ia bi urte daramatza euskal bidaiari arduratsuak sortzen.
Orain, erronka berria bidaiariek kontzientzia har dezatela da. Horretarako, udazken honetan bertan, turista arduratsuak sortzeko ikastaroak jarriko ditu martxan. Amantala prestatu, arkatzei punta atera eta eskolara buelta honetan murgiltzeko behar den bakarra, bidaian zehar, bakoitzari merezi duena emateko nahia da.
Horretarako, kurtso hauetan teoria eta aholku praktikoak nahastuko dira. Ohiko turismoaren kalteak zeintzuk diren azalduz, turismo arduratsuan murgilduko da bidaiaria. Hitz gutxitan, helburua mantsoago bidaiatzeko ohitura sortaraztea da. Askok esango dute: nik bidezkoa den turismoa praktikatzen dut: kostu txikiko konpainiekin bidaiatzen dut eta ez naiz inoiz hotel kate handietan ostatu hartzen. Momentu horretan, Agrotraveleko nagusi den Susana Conderi irribarre bat aterako zaio eta “erratuta zaude” handi batekin erantzungo du.
Bidai arduratsuak ez dira merkeago bidaiatzea, baizik eta opor horiek sortuko dituzten edonolako kalteak, ahal den heinean, ekiditea eta abantaila bihurtzea.
|
Euskal Herrian turismoan lan egiten duten enpresariek prestakuntza berezia jasotzeko aukera dute
Turismo arduratsuaren filosofia: produktu lokalak kontsumitzea eta biztanleriari kalte ez egitea da
|
Kurtsoetan, adibidez, hegazkinaren aurrean ingurugirorako hobea den trena erabiltzera gonbidatzen dute. Ikastaroen bidez ere, bertako biztanleen etxeetan lo egitearen abantailak edo leku horretako gidekin ibiltzearen onurak azaltzen dira. Guztia hamar pertsonetako klaseetan eta gehienbat monografikoak, arratsalde batekoak, izango diren ikastaroetan.
Gainera, ikasle nagienek ere Susana Condeko ikastaroa gaindituko dute, ez baitago azterketarik. Hori bai, azkenean, bidezko turismoan dagoen epailerik zuhurrena norberaren kontzientzia da. Turisten eskola honetan ere profesionalek euren leku propioa edukiko dute. Horretarako, Agrotravelek aholkularitza zerbitzua eta ikastaro bereziak jarriko ditu abian.
Euskal Herrian turismoan lan egiten duten enpresariek prestakuntza berezia jasotzeko aukera edukiko dute. Horrela, eurek ere klaseko mahaian adi egon beharko dira euren negozioak bidezkoa turismora bideratu nahi badituzte. Susana Condek dioenez, nekazal etxeei, euskal lurraldeko zonaldeetako turismo enpresei eta baita instituzio publikoei bideratuko dira profesionalentzako ikastaro hauek.
Eskola honetan gai zerrenda zabala dago. Izan ere, bidezko turismoa Agrotraveleko arduradunak dioen bezala: “ez da bidaiaren helburua, medioa baizik”. Horregatik, esparru oso zabalak hartzen ditu. Modu arduratsuan bidaiatzea, funtsean, errespetatzea da. Kultura, ingurugiroa eta batez ere oinarrizko eskubideak errespetatzea. Condek oso argi du: “horrela, garapen iraunkorra bultzatzen da, etekin orokorren bidezko banaketa bat lortuz”.
Etekinen gehiena herrialdean bertan geratzen da. Baina, turistarentzat eta enpresariarentzat ikastaro banatuak egin arren, bientzat berdina dena dirua da. Azken finean, batzuek merke bidaiatu nahi dute eta besteek etekinak bilatzen dituzte. Azken kasu honetan, turismo arduratsuaren inguruan dauden zifrek argi uzten dute testuingurua. Ohiko bidaietan %70 Mendebaldeko herrietara itzultzen da. Turismo arduratsuaren bidez, portzentaia bera lurralde horretan bertan berrinbestitzen da. Momentu honetan, Susana Condek, irakasle papera hartuta, argi uzten du bidaiatzeko modu hau ez dela soilik hirugarren munduko lekuetara joateko balio.
“Azken finean”, dio, “ez da bidaiatzeko modu bat, era bat baizik”. Eta, bizitzako gauza ukiezin guztiak bezala, turismo arduratsua leku guztietan praktikatu daitezken xehetasunez konpontzen da: norberako baratzako produktuez egindako gosaria, uraren zentzuko erabilera… Eta era honetan bidaiatzeak duen onena da mundu osoa ezagutu dezakezula. Benetan ezagutu.
Turismo arduratsua berdin egin daiteke Benidormen, New Yorken, edota Kanbodia eta Senegal bezalako herrietan. Gakoa produktu lokalak kontsumitzea eta biztanleriari kalte ez egitea da. Horren sinple laburtu daiteke turismo arduratsuaren filosofia. Etekinak etekin, bidaiariek patriketara begiratzen dute beti. Eta bidai arduratsuak konbentzionalak baino garestiagoak diren galderaren aurrean erantzun bakarra “lehentasunen arabera” izan daiteke.
“Lowcost politikarekin lehiatzea ia ezinezkoa da”, argitzen du Susana Condek, “baina bidaia orokortasunean hartzen baduzu, askoz merkeagoa ateratzen da, gurekin bizitzen dituzun esperientziak ezin dituzulako beste inola bizi”. Beraz, turismo arduratsua egiten merke bidaiatzea posible da, betiere, bidaiariaren helburua zein den argi edukita”. Beste era batera esanda: bisitatuko den herriarekin guztiz bidezkoa izan nahi den.
Klasearekin jarraituz, bidaian abiatu baino lehen Agrotraveletik prestakuntza berezia eskaintzen dute. Aukeratutako herrialdeko pertsona batekin kontaktuan jartzen dute bidaiaria eta zer edo zer hartzera geratzen dira taberna batean. Horrela, aukeratutako herria gertutik ezagutzen duen pertsona baten ikuspuntua entzun ondoren bisitatzen du turistak. Oraindik asko falta zaie bidai arduratsuei ohiko turismoarekin berdintasunean lehiatzeko. Esploratu gabeko mundua da, baina, ona den guztia bezala, lehenago edo geroago, bere lekua aurkituko du. Eta, ona da, azken finean, turismo arduratsua ondokoarekin zintzo jokatzea eskatzen duelako. Askotan gizarteak galduta duen ideia.
|