hasieraenpresakeuskarairitziaelkarrizketakherrialdeakkulturguneagertakizunakfinantzakformakuntzaerreportajeak
Ikastolen Lanbide Etxeak ikasleei Lanbide Heziketa euskaraz eskaintzen die
2012ko Otsaila

Lanbide Heziketa euskaraz? Bai, noski. Beharra agerian zegoen eta euskaltzaleek indarrak batu dituzte ametsa egi bihurtzeko.

Ianire Renobales

Derrigorrezko Bigarren Hez­kuntza edo Batxilergoa bukatuta, badira unibertsitateaz gaindiko aukera zabalak eta horiek ere euskaraz burutu daitezke. Lan­bi­de Heziketa geroz eta ikasle ge­hiagok egiten duten hautaketa da; horrexegatik ezinbestekoa zen formakuntza euskara hizkuntzaz eskaini ahal izateko abagunea bultzatzea. Honela, erronkari heldu eta Ikasto­lek Lanbide Heziketara bideratutako eraikina inauguratu zuten urtarrilaren 19an, Bilboko San Frantzisko auzoan. Nahiz eta eraikina ofizialki urtarrilean inauguratu, ikasturte hasieratik ari dira eskolak ematen.

Harrobia proiektua 2006an jaio zen, zazpi ikastola elkartu zirenean: Bilboko Abusu eta Urre­txindorra, Santurtziko Bihotz Gaz­tea, Galdakaoko Eguzki Begi, Balmasedako Zubi Zaharra, Tra­pagarango Itxaropena eta Leioa­ko Betiko Ikastola. Baina proiektua 2000. urtean abiatu zen, ikastola talde horrek hausnarketa ­egitean. Lehenengo datuekin batera lehen ondorioak atera zituzten. Juan Carlos Gomezek adierazi duenez, “Lanbide Heziketari dagokionez, euskarazko formatuan eskaintza oso urria zela ikusi genuen eta Ikastolok prest ­agertu ginen erronkari aurre egiteko”. 2004ko irailean, ikastolen kolektiboak publikoki adierazi zuen Lanbide Heziketa arloan sartzeko asmoa. Bi helburu zituzten: batetik, esparru horretan euskararen normalizazioa susta­tzea eta bestetik, sektorean ikastolen eredua zabaltzea ekimen sozialaren eredu moduan. Ho­ri­ek horrela, aipatu zazpi ikastola horiek osa­tzen duten Harrobi Fundazioak bere egin zituen helburu horiek eta Bilbon aurrera ­ateratzea erabaki zuten. Bidea luzea da oraindik, ­eta erronka hasi baino ez da egin. Hala ere, pro­iektuko sustatzaileek argi dute ­ibilbidea. Jon Ander Altubek, zen­troko gerenteak, ­azaldu zuen moduan, “hemen ga­ude badaukagulako zer ekarria eta zer emana”.

“Euskarazko Lanbide Hezi­ke­ta, gaur egun, ziurrenik, eskain­tza hemen kontuan hartzen baldin badugu, %10-%11ra ez da ­iritsiko. Urte pilo igaro dira hezkuntza mailan, hainbat aurrerapenak eman dira ereduen arloan etab. Lanbide Heziketa euskaraz bultzatu behar genuela argi izan dugu hasieratik. Lanean hasi ginen eta Harrobia Fundazioa eratu genuen. Zentroa sortzeari ekin genion, kosta egin zaigu, baina jadanik egina eta martxan da”, ­azaldu du Gomezek. Instalazio ­eta ekipamendu berriak ditu Ikastolen Lanbide Etxeak. Urtez-urteko eskarmentuak esperien­tzia zabala eman die sustatzaileei.

Eskaintza. Egun, Ibar Ezkerra Lan­bide Ikastolak ematen ditu eskolak, nahiz eta fundazio titularraren parte ez izan. “Ibar Ez­ke­rratik heldutako bi ziklo es­ka­in­tzen ditugu; Ikastola hau Por­tu­galeten zegoen eta gugana etorri da eta bertan ari da formakuntza hauek aurrera eramaten, baina Harrobian”, jarraitu du Gomezek. Oraingoz, ehun ikasle inguruk hartzen dute parte In­formatika ­eta Komunika­zioe­tako erdi mailako zikloan eta Jarduera Fisiko­ko eta Kirol Jarduetarako goi ma­ilako zikloan.

Laster, eskaintza hau zabal­tzea espero da. Jon Ander Altu­bek, erakundeko gerenteak, esan zuenez, “epe motzean eskaintza handitu nahiko genuke”. Hori dela-eta, Lanbide Heziketako beste espezialitate batzuk jorratzeko asmo irmoa dago; heziketa-eskaintza zehatz batean definiturik ez badaude ere, Merkataritza eta Marketing-a eta Zerbitzu Sozio-Kulturalen arloetan txertatuta ­egongo lirateke eskaintza berri­ak. Familia horretako zikloak martxan jartzea aurreikusten dute, ahal izatekotan, datorren ikasturtean. Formazio ez-arautuari da­gokionez, ikasturtean zehar aurreikusitako ikastaroetan 500 pertsona inguru parte hartzea espero dute sustatzaileek.

Arratsaldeetan, hasi dira langabetuentzako formakuntza ikastaroak zentroan eskaintzen. “Gu saiatuko gara ikastaro horiek euskaraz ematen, baina hori ez dago gure esku. Langabezian dauden pertsonak gugana etortzen baldin badira eta euskaldunak ez badira, oso zaila izaten da ikastaro horiek euskaraz eskaintzea”, azaldu du lehendakariak.

Halaber, Fundazioa prest dago auzoaren hezkuntza-eskaintza eta euskara sustatzera zuzendutako ekimen sozialak bere baitan hartzeko. “Jadanik hasi gara eztabaidatzen gure artean ia zer egin genezakeen hemen auzoan. Ga­rrantzia handikoa ikusten dugu au­zoan be parte hartzea. Helduen alfabetatzeko euskaltegia jartzeko asmoa dugu; ikusi beharko dugu baten-baten lankidetzaz edo geuk bultzatuta izango den. Aukerak ­eta baliabide teknikoak zein ekonomikoak aztertuko ditugu. Bes­te alde batetik, gure asmoa da zen­troa auzora irekia izatea eta, adibidez, erakusketak antolatuko ditugu beheko aretoetan”.
Sei solairu ditu eraikinak eta espazioak anitzak dira: ikasgelak, batzar gela, erabilpen anitzetarako espazioa edo kirol jardueretarako erabiltzen diren bi areto. Azalerak 6.400 metro koadro hartzen ditu, baina esparru gehienak oraindik erabili gabe daude.

Eraikina egiteko erabilitako inbertsioa sei milioi eurokoa izan da; %25 Bizkaiko Aldundiak ipini du eta gainerako zenbatekoa Ikas­tolek hartu dute euren gain.

Bestetik, Bilboko Udalak zentroa kokatzen den zonaldea berreskuratzeko sustapen-politikaren baitan, eraikina egin den orubea ezarri zuen. Honela, Udalak eraikinaren 500 metro koadro ­erabiltzeko eskubidea eduki badauka eta Novia Salcedo Funda­zioak okupatuko du.

“Nahiz eta ekintza txikiekin hasi, zentroa handia baita eta ekimen gehiago antolatzeko egokia baita, bidean ikusi egin beharko dugu ea euskaltegia edo beste ziklo baten-bat ezartzen dugun tartean; baina gure asmoa da behin martxan jarrita, aurrera jarraitzea eta eraikin osoa ikaslez, ekintzaz eta biziaz betetzea”, argitu zuen Gomezek.

 
publizitatea:

hemeroteka

lanabesa artium

publizitatea:
Banner