hasieraenpresakeuskarairitziaelkarrizketakherrialdeakkulturguneagertakizunakfinantzakformakuntzaerreportajeak
Europar Hiriburu Berdeak enpresentzako ekintza aukera anitza jarri du abian
2012ko Otsaila

Itun Berdea edo enpresen foroa bazalako ideiek diru kolaborazioekin bat egiten dute, euskal enpresak Green Capitalaren zati izateko eta, berari esker, mozkinak handitzeko.

Oier Llinás / Gasteiz

 



Ingurumena gero eta garrantzi gehien hartzen ari da. Eta urte honetan, pisu zehatz hori, esponentzialki biderkatuko da. Izan ere, Gasteiz, 2012ko Europar Hiriburu Berdea izendatu dute. Sari bat da, baina, aldi berean, jasangarritasunarekiko ardura argia suposatzen du. Eta, binomio honetan, euskal enpresek abantaila garrantzitsuak dituen papera jokatzen dute.

 

Zenbakiek bere kabuz hitz ­egiten dute: Europako hirien % 80k ehun mila eta bostehun mila arteko biztanleria dute. Honek ­esan nahi du Gasteiz, bere 238.000 biztanleekin, ispilu ezin hobea dela. Hiriari, eta bertako negozioei, begiratuko diete kontinenteko hainbat herri euren ingurumen politikak abian jartzerako orduan. Beraz, euskal enpresentzat bozgorailu bikaina bihur­tzen da, ia konturatu gabe. Gai­nera, kontuan eduki behar da ­arabar hiriburuaren izena asko ­errepikatuko dela Europan zehar, horrek erakartzen dituen turista kopuruarekin. Javier Maroto, alkateak dioenez “epe luzerako inbertsioa” dugu hau. Eta, bide honetan, enpresei ateak irekitzeko ahaleginak egiten ari dira.

Hain zuzen ere, Hiriburu Berdearen zutabeetako bat negozioen bulkada da. Ildo honetan, inplikazioa bilatzen da. Horre­ta­rako, Enpresen Foroa sortu da. Plataforma honetan enpresa garapen jasangarrirantz bideratzen diren negozioak sartzen dira. Baina, praktikan, nola zehazten da hau? Gakoa lanbide eta ekonomia berdea sustatzean dago. Hau da, Foro honetan, adibidez, zaborra birziklatzera bideratutako akzioak martxan jartzen dituzten enpresak parte har dezakete. Aldi berean, modu honetan, ingurumenari lotutako lanpostu berriak sortu daitezke. Foro honen bidez, enpresa berde ezberdinen arteko sare moduko bat sortzen da eta, aldi berean, sinergiak aprobetxa­tzeko aukera paregabea da.

Ildo honi jarraituz, Gasteizek Itun Berdea deritzona jarri du ­abian. Ingurumenari lotutako ­akordioa da eta, bi hitzetan azal­tzeko, konpromiso bat hartzean datza. Hau da, Itun honen barruan sartzen diren enpresek garapen jasangarria bultzatzen duten neurriak ezartzeko erabakia espresatzen dute. Horren truke, Itun Berdearen parte direla, beraz, ingurugiroaren zaintzaile, baieztatzen duen bereizgarri bat jasoko dute, dendan argi ikus dadila. “Berdeari” lotuta hartu daitezkeen konpromisoak era ezberdinetakoak izan daitezke. Hala nola, paper birziklatua erabiltzea, hezkuntza programa bereziak ­ezartzea edota poltsa birziklagarriak erabiltzen hastea. Hemen, nahia eta irudimena dira gakoak.

Foroa eta Itun Berdea dira, dudarik gabe, aurtengo Green Capital europarrak lehiakortasunean aurrea hartzeko eskaintzen dituen modurik aproposenak. Izan ere, kontutan hartu behar da Gasteizek nazioarteko agenda indartsu bat garatzen ari dela.

Ez hori bakarrik, Javier Ma­rotok behin baino gehiagotan ­esan duenez “2012a aukeren urtea izango da”. Hiria Europako argia izango da, ingurumenari dagokionez, eta horrek aukera paregabea ematen die euskal enpresei. Herri gehienak Gasteizen antzeko ezaugarriak dituzte eta aurten lupaz begiratuko dute Araban garatutako politikei.

Beraz, Green Capitalean kolaboratzen duten horiek, ez dira soilik nazioarteko agenda agertuko, baizik eta euren izena sektore zehatz horren erreferentzia moduan kokatuko dute.

Baina, krisialdi honetan, pol­tsikoari begiratzea ia ezinezkoa da. Horregatik, Udala Hiriburu Berdearen saria ez ohiko gertaeratzat hartu dadin ari da lanean. Honek abantaila ekonomiko itzelak ekarriko lituzke enpresa guztientzat. Euren izenak ez lirateke soilik Europa osotik paseatuko, kontuentzat onurak ere sortuko lirateke. Izan ere, ez ohiko gertaerek abantaila fiskal argiak ekar­tzen ditu. Adibidez, Ekintza Eko­nomikoen gaineko Zergan edo Errentaren Gaineko Zergan. Ka­su bietan hobariak eta ordainketen murrizketak lortu daitezke.
Aldi berean, “Faktoria berdeak” deritzon programa jarri da ­abian. Honen bidez, hirian dauden enpresa “berdei” euren instalazioak erakusteko aukera ematen zaie, ingurugiroaren alde egiten duten lana ezagutarazteko. Mo­mentuz, ur edo zaborren tratatze fabrikak edo Gizarte Etxeak bisitagarriak egiteko ahalegina ­egin da, baina, enpresa pribatuak hirian ezagutarazteko aukera ­erraza eta egokia da.

Enpresa handiak eta txikiak.
Bestalde, zuzenean ekonomikoki kolaboratzeko moduak daude. Babesle bihurtzeko aukera diru kopuru bat emanez, adibidez. Hemendik aurrera, enpresaren ­izena beti joango da Hiriburu Berdeari lotuta. Gutxieneko kopurua, kolaboratzaile izenpean lan egiteko, 25.000 euro dira.  Mariasun Beltran, Caype enpresako arduradunarentzat, ekonomia gaizki egon arren “ahalegin bat egitea beharrezkoa da” eta, gainera, “negozio aukerak aprobetxatu behar dira”.

Eta Caype ez da horietako enpresa erraldoi bat. Bulego eta eskolekin erlazionatutako materiala saltzen dute eta, gaur egun, 18 lankidek osatzen dute. Zerk eramaten du enpresa txiki bati ingurugiroan dirua inbertitzera?. Ma­riasun Beltranek argi dauka: ­“apustu egin behar da, etorkizunean landatutakoa jasotzeko. Gai­­nera, Beltranek azpimarra­tzen du hiriarentzat aukera paregabea dela eta bertako enpresak liderrak izan behar direla.

Caypen denbora zeramaten aldaketa klimatikoaren aferarekin kon­tzientziatuta eta Green Capi­tal saria behar zuten bultzada ­izan da. Eurek, kolaboratzaileak izateaz gain, Itun Berdearen parte dira. Eta, jada, zenbait ekintza jarriko dituzte martxan. Horien artean, urtarrilaren bukaeran atera zen “Gida Berdea”. Liburu honetan, eskola materialetan datozen agiri guztien deskribapena egiten da. Horrela, erosleek zehatz mehats jakin dezakete zer erosten ­ari diren. Baina, urtean zehar elkartasunarekin edota birziklatzearekin lotutako hainbat proiektu eramango dituzte aurrera. Guz­tiak hori bai “txikienei hezitzeko, ­etorkizunean gure buruetatik tiratzeko”.

Argi dago ingurumena, eta honen zaintza eta sustapena, gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari dela. Aurten, Gasteiz izango da Europan zehar berde kolorea eramango duena. Eta, honaino heltzea ez da bat ere erraza izan. Bartzelona edo Malmö (Suedia) bezalako hiriek saria lortzeko lasterketan parte hartu zuten. Baina, azkenean, epaimahaiak Gasteizi ematea erabaki zuen.

Aitzinean bezala, Davidek berriz irabazi zion Goliathi. Baina, nola izan da posible? Arrazoi asko daude baina, europar agintariek laburtu zuten bezala “saria 30 urteko ibilbideari ematen zaio, urte hauetan hiriak aurrera eraman dituen ingurugiro politika guztiengatik”.

Gaur egun, Mugikortasun Plana dago abian, garraio publikoari eta bizikletari garrantzi handia ematen diona. Eta, emai­tzak ikusten ari dira jadanik. Azken 5 urteotan bizikletaren ­erabilpena bikoiztu egin da eta Espainia osoan garraio mota hau gehien erabiltzen duen hiri da. Gainera, kontutan hartu behar da biztanle bakoitzetik ur gutxien kontsumitzen duen hiria dela eta baita airearen kalitatea handienetarikoa dela.

Eta, ezin da ahaztu, beste hiri batzuek errepidez inguratuta dau­den bitartean, Gas­teizek Eraz­tun Ber­dea dauka, hiri osoa kanpotik inguratzen duen parke eta baso sarea. Beraz, Green Capi­ta­lean, berdea ez da soilik “izaera”  bat. Es­parru guztietan aurkitu daiteke: pertsonetan, eraikinetan, airean,…eta, noski, ekonomian ­eta enpresetan. Berdea, Gas­te­i­zen, garapenerako motorea da. Etor­ki­zuneko giltza.

 
publizitatea:

hemeroteka

lanabesa artium

publizitatea:
Banner