|

Oiartzungo enpresa 90eko hamarkadan hasi zuen ibilbidea. Salto systems-ek 125 langile ditu oiartzungo egoitza nagusian eta mundu osotik banatutako enpresa filialek 60 lagun biltzen dituzte.
Salto Systems 90. hamarkadaren bukaeran sarrailagintzaren munduan urte askotan jardutako profesional talde batek sortu zuen. Hasiera batean produktu berri bat sortzeko asmoarekin elkartu baziren ere, laster jabetu ziren produktu horren inguruan enpresa-proiektu osoa eratzeko aukera zegoela.
Hala, enpresa bat abian jartzeko behar diren baliabideak biltzeari ekin zioten: kapitala, langileak gestio eta ekoizpen-arlo ezberdinetarako, alokatutako faktoria, tresneria... Eta ondorioa oso argia da: lantalde profesional eta apala osatuz, sarraila elektronikoak Oiartzunetik mundu osora zabaldu eta eskaini ditu dagoeneko.
Enpresa hasiberri guztiek bezala, Salto Systems-ek ere bere ibilbide gogorra egin behar izan du egun dagoen mailara iritsi arte. Ordu mordoa eskaini behar izan zioten proiektuari. “Garai gogorrak baina oso politak izan ziren guretzako, benetan talde baten moduan aritu ginelako eta proiektua gurea zela sentitzen genuelako”, gogoratzen dute Oiartzunen egoitza nagusia duen enpresatik. Gaur egun, Salto Systems-ek, Francisco Javier Roqueroren gidaritzapean, 125 langile ditu Oiartzungo egoitza nagusian, eta mundu osotik banatutako enpresa filialek 60 lagun biltzen dituzte.
“Bere instalazioetan nor eta noiz sartzen den kontrolatu nahi duen inor izan daiteke gure bezeroa”
|
Instalazioei dagokienez, hauek aldaketa nabarmenak izan dituzte. 2001 eta 2006 bukaera bitartean Lezon kokatutako 900 metro karratuko alokatutako fabrika batean aritu ziren langileak. 2006ko abuztuan, aldiz, Oiartzunen kokatutako 3.000 metro karratuko fabrikara eraman zuten lana. “Jauzia izugarria izan zen, Oiartzunera pasatzea gure instalazioak hiru bider baino gehiagotan handituz. Eta egia esan, instalazio atsegin eta egokiak dira; ondo kokatuak, modernoak… harro gaudenik ezin ukatu!”, azpimarratzen dute. Enpresaren eginbeharra honakoa da: sarbideak kudeatzeko sistema elektronikoa diseinatu, ekoiztu eta saldu.
Produktu guztiak egoitza nagusian diseinatu eta ekoizten dira, baina produktuen salmenta, mundu osoan zehar egiten dutenez (salmenten %90 baino gehiago Espainatik kanpo egiten da), salmenta-taldea herrialde ezberdinetako enpresa filial eta bulegoetan sakabanatuta dago. Filial guzti hauek Oiartzunen ezarritako politika eta prozedurei jarraitzen diete.
Enpresa gipuzkoarra salto sarraila elektronikoen ekoizlea da. Honela azaltzen dute bertatik: “merkatuari gure sistema eskaintzen diogu. Merkatua oso zabala denez, gehienetan bezeroekiko (hau da, sistema erabiliko dutenekiko) harremana banatzaile batek mantentzen du. Ondorioz, gure bezeroak gehienetan banatzaileak direnez, banatzaileen pertsonal teknikoa trebatzen dugu, proiektuak saltzeko prozesuetan laguntza eskaintzen diegu eta behin salduta, laguntza teknikoa ematen diegu inolako arazorik gertatuz gero bezeroek konponbide azkarra jaso dezaten”.
Gauzak hala, Salto Systems-en bezero gehienak, fakturazio-ikuspegitik, banatzaileak dira, ekoizleak izanda gutxitan iristen baitira bezeroarengana. “Azken finean, bere instalazioetan nor eta noiz sartzen den kontrolatu nahi duen inor izan daiteke gure bezeroa”, aipatzen dute.
Duela gutxi, SALTO GEO zilindro elektronikoek IP66 ziurtagiria eskuratu dute. “Gure sarrailak, orain arte, elektronika atearen kanpokaldean zein atzekaldean kokatutako ezkutuetan daukate. SALTO GEO Zilindro elektronikoak, aldiz, sarrailaren bonbinaren gainean instalatzen dira inolako ezkuturik jarri behar ez delarik.
Ondorioz, instalazioa nabarmen errazten da eta euren forma bereziengatik sarraila elektronikoa onartzen ez duten ateetan kokatu daitezke, gure sistemari malgutasun handiagoa emanez”, azaltzen dute. Munduko Elektromekanika Batzordeak definitutako IP66 estandarrak esan nahi du GEO zilindroek hautsa eta likidoen aurka babes handia dutela. Babes honi esker, material hauek eguraldi txarraren zigorra jaso dezaketen kanpokaldeko ateetan instalatzeko aproposak dira.
Krisia. 2009. urtean, krisi ekonomikoa zela-eta, Salto Systems-en salmentak jaitsi egin ziren. Ondorio negatibo hau gertatzen zen lehen aldia zen, fakturazioak urtero goraka egin baitzuen nabarmen aurreko urteetan.
2010 eta 2011. urteetan berriro hazkundearen bideari eutsi dio enpresak, “baina egoera nahasi honetan etorkizuna ez dago inolaz ere ziurtatuta. Izan ere, datorren urtean berriro hazteko asmo tinkoa badugu ere, negozioa beherako bidea hartzeko arriskua dagoela badakigu. Ezegonkortasun hau zailago bihurtzen du kudeaketa, eta talde osoari presio handiagoa ekartzen dio, baina egun inguruko baldintzak oso aldakorrak dira enpresa guztientzat; onartu eta gogotik lan egin beste aukerarik ez dago”, eusten diote Salto Systems-eko zuzendaritzatik.
Danimarkako Security User Expo-n
Salto Systems-eko ordezkariak duela gutxi Danimarkako Security User Expo-n egon dira. Bertan, enpresa gipuzkoarrak produktu guztiak aurkeztu zien bisitariei, baina batez ere Eskandinaviako merkatuarentzat egokitutako produktuak. Izan ere, “AElement hurbiltasun-sarraila, SALTO GEO zilindroa, XS4 Locker armairu-sarraila eta DIN kristalezko ateentzako XS4 sarraila berria Eskandinaviako baldintza teknikoetara egokitu ditugu.
Ipar-Europako herrialdeek oso merkatu interesgarria osatzen dute guretzat eta honelako ferietan gure posizioa sendotzeko asmoz hartzen dugu parte”, adierazten dute Salto Systems-etik. Bestalde, Oiartzungo enpresa, bai produktu aldean eta bai merkatu geografiko aldean, bere proiektua handitzeko lanean ari da. “Gaur egun lortu duguna finkatu behar dugu, zalantzarik gabe, baina argi dugu ez dagoela geldi egoterik. Eta mugitzen ari gara etengabe alor guztietan.
Gaur egungo egoera oso konplikatua da mundu mailan, eta zer esanik ez Europan. Gure kasuan, hasieratik gure estrategiaren ardatz nagusiak izan ditugun etengabeko berrikuntza eta ikuspegi globala, funtsezkoak izan dira egoera nahasi honetatik onik ateratzeko. Enpresaren munduan ez dago errezetarik, baina gure historia laburrak erakusten digu elementu hauek (berrikuntza, ikuspegi globala, pertsonak, apaltasuna eta lana) ezin direla inolaz ere falta”, amaitzen dute. |