|
Bajoelagua Factory enpresa bilbotarrak upeltegi txikia ezarri du itsasoko uraren azpian, Plentzia herrian, botilek uraren azpian duten eboluzioa aztertzeko. Ikerketaz gain, Kantauri itsasoko biodibertsitatea bultzatu nahi dute proiektuaren sustatzaileek: algak, olagarroak, itsas izarrak...
Benito Lertxundiren kanta batek “Itsasoari begira” du izena. Orioko kantariaren lirika baliatuz, abestiak argi eta garbi adierazten du nolako garrantzia duen itsasoak gizakiontzat oro har; baita euskaldunontzat ere. Kostaldeko herrietan itsasoko usaina dago, eta kostaldean bizi ez direnak hara joaten dira askotan aisialdiaz gozatzera.
Gainera, zenbaitentzat ogibidea ere bada itsasoa, eta hainbat eta hainbat familia hortik bizi dira. Plentzia Bizkaiko kostaldeko herri txikia da, eta hor beste erabilera bat eman diote itsasoari: Bajoelagua factory enpresa bilbotarrak upeltegi txikia ezarri du itsasoko uraren azpian. Proiektua iaz jarri zen martxan, eta bi helburu ditu. Alde batetik, ikerketa egingo dute botilek uraren azpian duten eboluzioa aztertzeko; bestetik, Kantauri itsasoko biodibertsitatea bultzatu nahi dute. Izan ere, kupelen inguruan uharri artifiziala sortu dute, bertara hainbat animali eta landare erakartzeko.
Ideiaren hasieraren berri Borja Saracho Bajoelagua enpresaren zuzendari kudeatzaileak eman digu. “Frantziako gizon batek botilak urperatzen zituela irakurri genuen. Bere ustez, eboluzio ezberdina zuten botilek. Era berean, hondatutako itsasontzietan batzuetan botilak topatzen dira eta horiek oso garesti saltzen dira enkanteetan. Eta esperientzia hori hona ekartzea pentsatu genuen”. Plentziako urpeko upeltegiren egitasmoa erabat aitzindaria da mundu mailan eta oihartzuna lau haizeetara dabil zabaltzen.
“Lehenengo aldiz urperatu dira hainbeste produktu, ikerketa egiteko. Estatuan, Katalunian eta Galizian, zein atzerrian botilak urperatu dira inoiz, itsasoaren eragina ikusteko, baina horiek oso oinarrizkoak izan dira; gurea, aldiz, askoz zorrotzagoa da: dena dago neurtuta eta egituratuta, teknologiaz baliatu gara...”.
Sustatzaileez gain, beste bi partaide nagusi ditu proiektuak: Plentziako udala eta upeltegiak. “Plentziako udalari aurkeztu genion egitasmoa eta hasieran zalantzak bazituzten ere, azkenean onartu egin zuten, eta 15 urteko kontzesioa eman ziguten. Edarien eboluzioa urpean ikertuko dugu 500 metro koadroko eremuan”. Proiektuaren beste eragileetako bat ardandegi-jabeak dira.
“Parte hartzeko gonbidapena Estatuko Jatorrizko Deitura guztiei eta hainbat upeltegiri bidali genien, eta botila batzuk bidaltzeko eskatu genien. Guztira 14 Jatorrizko Deiturak eta 27 upeltegik erantzun ziguten eta produktu batzuk bidali zizkiguten. Proiektua hazi den neurrian, guztiak konturatu dira marketin-estrategia baino askoz gehiago dela gurea”.
Ardoaz gain, xanpaina, sagardoa eta garagardoa ere biltzen dira Plentziako egituran. Urpeko upeltegian gordetzen diren produktuak merkaturatuko dituzte. Horretarako, Robinson Crusoe treasure (Robinson Crusoeren altxorra) markako ardoa sortu dute. “Oso prozesu gogorra izan da Europako legediak ez die Jatorrizko Deiturei urpean zahartzen uzten. Azkenean lortu egin dugu eta botilarekin batera egitasmoaren berri ematen dugu eta gainera parte-hartzeko gonbitea zabaltzen dugu”.
Murillo eta Viteri upeltegietako ardoa da. “Upeltegi horretakoek konfiantza handia izan dute guregan hasiera-hasieratik eta jasangarritasunaren aldeko apustua egin dute. Lehenengoak izango dira eta mundu mailan merkaturatuko da: Japonia, Australia, Errusia...”.
ZKM egitura. Egiturak ZKM-Zahartzeko eta Kontrolatzeko Modulua du izena. Momentuz bi ezarri dituzte, baina datozen hilabeteotan beste bi jarriko dira.
Zutabe baten itxura dute eta inguruan hainbat landak eta animaliak bizileku hartuko dute egitura. Gaur egun 80 espezie baino gehiago daude bertan, Kantauri itsasoko ohikoak: olagarroak, algak...
Hormigoizko egitura horien barruan sentsore batzuek neurtzen dituzte barneko baldintzak. ZKM bakoitzak zazpi tona pisatzen du, eta lau metroko zabalera eta bi metroko altuera ditu. Barruan batiskafo antzeko bat jarri dute, eta hor botilak gordetzen dira kaioletan.
“Laborategiak gogor dabiltza lanean eta urtebete pasa eta gero emaitzak argitaratzea espero genuen. Hala ere, atzeratu egin zaigu eta datorren urtera arte ezin izango dugu ezer jakinarazi. Dena dela, berretsi ahal dut itsasoak ez dituela edariak hondatzen; are gehiago, gure ikerketaren arabera, gehienetan oso eboluzio ona dute urpean gordetzen diren edariek”. Halaber, adituek esan dute ardo beltza zuria baino errazago zahartzen dela urpean. “Sagardo-dastatzeak ere egin ditugu, eta emaitzak esan duenez, antzinako eran egingo balitz moduko zaporea du”.
URPEKO LANTEGIA
Bajoelagua Factory enpresa 2004an sortu zen. “Webgunea jarri genuen martxan itsasoa ezagutzera emateko asmoarekin. Sortzaileok ikusi genuen ez zegoen horren inguruko informaziorik gazteleraz, eta horregatik jarri genuen martxan enpresa”. Bate zere bi arlotan egiten du lan enpresak: dibulgazioa eta ozeanografikoa. Dibulgazioari dagokionez, ekitaldiak antolatzen dituzte; itsasoari eta bertan bizi diren espezien inguruko ikus-entzunezko edukierak sortzen dituzte; hitzaldiak ematen dituzte; eta itsasoarekiko errespetua aldarrikatzen dute, besteak beste.
Ozeanografiari dagokionez, sentsoreak urperatzen dituzte, itsasoaren baldintzak (tenperatura, olatuen indarra, haizea, garbitasuna...) ikustatzeko eta neurtzeko. Enpresaren jarduera nahiko zabala da: ekipoak, seguruak edo bidaiak saltzen dituzte, itsasoaren inguruko datuak jakinarazten edo irudiak erakusten dituzte..... Eta Bertan denetarik biltzen dira: biologoak, geologoak, zaleak, arrantzaleak, ikasleak, itsasoarekin lotura duten profesionalak....
|