|
BIC Gipuzkoa berrilan 1993an sortutako enpresa eta berrikuntza zentroa da. Enpresa ekimenei laguntza teknikoa eskaini eta pertsona ekintzaileak trebatzen ditu.
Enpresa bat sortu nahi dut, nork lagun nazake?” Ekintzaile batek hemen ematen dituen lehen pausuak sinpleak dira. Marisa Arriola Bic Berrilaneko zuzendariak azaldu duenez, pertsonek enpresa ideia edo proiektu batekin jotzen dute zentrora.
Honela, Bic Berrilanen lan egiten duten profesionalek pertsona ekintzailearen profila, berrikuntza eta teknologia maila, sustatzailearen beharrizan finantzarioak, ideia... aztertzen dituzte lan-elkarrizketen eta ekintzaileen kontrasteen bidez. Barne-ebaluazio bat egin ostean, Bic Berrilanek dituen bazkideekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, bere Berrikuntza departamenduarekin eta SPRIrekin, ebaluatzen du proiektua Txekintek/Ekintzaile berritzaileak diren eta oinarri zientifikoa eta teknologikoa duten enpresak sustatzen dituen programa barruan. Behin, ekintzailea eta bere poiektua onartuak direla, ideia bideratzearen lana hasten da Enpresa Berria sortzen den arte.
Modu horretan, ibilbidean zehar modu eraginkorrean aritzen dira ekintzailearekin eta profesionaltasun osoz bideratzen dute proiektuaren garapena. Era berean, bidean adituak eta kontaktuak biltzen dituzte Negozio Eredu egonkorra diseinatzeko, eta ostean, ekimen enpresarial bideragarria abiatzeko. “Orokorrean, bi ekintzaile profil motarekin egiten dugu lan. Alde batetik, gazte zientzialariak, ikerlariak, lizentziatuak ditugu”, adierazi du Arriolak. “Bestetik, pertsona helduagoak ditugu, esperientzia enpresariala izan dezakete eta batzuk lanean egon daitezke; hala ere, enpresa berria sortzeko asmoa agertzen dute”.
PROGRAMAK Ekintzailetza prozesua osoa betetzeko lanabesak ipintzen dituzte eskura. Gipuzkoako ereduan, Foru Aldundiak eta SPRIk jarri dituzte amankomunean erreminta horiek. Garapen prozesuan zati desberdinak banatzen dira: ideia edo proiektuaren heltze fasean bideragarritasun analisi bat egiten da enpresa plana eta eredua sortzen den arte. Horretarako, Txekintek/Ekintzaile Programari heltzen diote; egitasmo horretan beste ekintzaileekin eta ETE berritzaileekin egiten dute lan. Etapa honetan beste tresna osagarri batzuk erabiltzen dituzte teknologia ereduaren faseraino garatzeko asmoz, adibidez, Intek, Gaitek...
Ondoren, enpresaren eraketaren zatian, hasiera-hasieratik, ‘Luzaro’ edo ‘Gauzatu’ mailegutza biguneko programak dituzte. Horien bidez, beharrezkoak diren inbertsioak burutu ditzake enpresari berriak. Bestalde, MICINM-eko ‘Neotec’ programa existitzen da; honako hau teknologia aurreratuekin eta oinarri zientifiko aipagarria duten sektoretan kokatu nahi diren enpresei zuzentzen zaie.
Harreman sendoak dituzte Bic Berrilanen eta, esate baterako, 12 urte daramatzate Gipuzkoako UPV-EHUko Errektoreordetzarekin lanean ‘Entreprenari’ programari esker. Hala, Unibertsitatetik sortzen diren Enpresa Ekintzaileei bultzada ematen laguntzen diete. “Batez ere, bioteknologia, asistentziarako teknologiak, irudiaren eta ikusmenaren softwarearen garapena, garraio eta logistikarako irtenbideak... helburu dituzten potentzial handiko enpresak izaten dira hauek”, adierazi du zuzendariak.
Horrez gain, Kutxako Gizarte-ekintzarekin beste elkarlana daukate eta Oinarri Zientifikoa edo Berritzailea dituzten enpresentzako 0 intereseko maileguak bideratzen dituen hitzarmena lortu dute. Mailegu honekin urtero 5 eta 7 enpresa artean laguntzen dituzte. Beste alde batetik, “lehen fase hauetan, Seed Gipuzkoa Arrisku Kapitaleko funtsaren eta Euskal Herriko Arrisku Kapitaleko Enpresa Teknologikoen eta Berritzaileen laguntza dugu”, gehitu zuen. “Gainera, Enpresa Teknologikoen eta Berritzaileen nazioartekotzerako ‘Conect’ programa sendoa dugu. Honek, baliabide ekonomiko eta berezitu garrantzitsuak eskaintzen ditu enpresek merkatu globalean hazkundea izan dezaten”.
Baina kanpo harremanak ez ezik, beraien kontaktu sare zabala osatu dute Bic Berrilanen. Hamabost urtez ekintzaileekin lanean egon ondoren, kontaktu ugari dituzte egunerokotasuna aurrera eramateko, “egunero kolaboratzen dugun ‘Business Angels Sare’ bati buruz ari gara”, azaldu zuen Arriolak.
Aholkularitza zerbitzua ematerakoan irizpide batzuk jarraitzen dituzte, “eskatzailearen eta bere historia, interesak, ametsak eta arriskuak onartzeko gaitasuna baloratzen dugu, besteak beste. Ideiaren egiaztatze eta ebaluaketa egiten dugu, proposatzen duen prozesua edo beharrezkoa den teknologia, baina pertsona da gurentzat gakoa”, azpimarratu du zuzendariak. Urtean, 60 edo 70 proiektu ebaluatu behar izaten dituzte; horietatik, 30 edo 40 proiektu gelditzen dira. Eta azkenean, urtean, berrikuntza eta teknologia maila altua duten 15 eta 20 enpresa berri artean sortzen dira. Zerbitzu zabal hau emateko, programak, laguntzak, kontaktuak eta harremanak behar-beharrezkoak dira, baina profesionalak ezinbestekoak dira. “Bic Berrilanetik bere taldea nabarmentzekoa da”. |