|

Donostiako Txomin Enean kokaturik dagoen egoitza 80. hamarkadatik ari da artistei laguntza eta informazioa ematen, formazioa eskaintzen eta artea bultzatzeko topagunearen erreferentzia izaten.
Arteleku nahiko toki bitxia eta ezezagun samarra izan daiteke. Donostiako Martutene eta Loiola auzoen artean kokaturik dago, Txomin Enean hain zuzen ere. 80. hamarkadan sortu zen, Imanol Murua Gipuzkoako ahaldun nagusia zenean. Easo izeneko fabrika krisi garaian zela-eta, Foru Aldundiak eskuratu eta Artelekuren egoitza bihurtu zen.
Egiteko, pentsatzeko, hausnartzeko eta iritziak trukatzeko jaio zen Arteleku. Garai horretan oso proiektu berria zen, Europan eta Ameriketan zeuden antzekoak, baina hemen inongo tradiziorik ez zuena. Hala ere, lehenengo momentutik helburu garbia bilatzen zuen: arte eta artisten proiektuak garatzeko gune bat sortzea eta artea bultzateko topagunea izatea.
Urteen poderioz, gizartearen eboluzioarekin batera, Artelekun egindako lanek ere eboluzioa jasan dute, baina beti mantendu izan da filosofia bera. Hau da, artisten obrak, asmoak eta pentsaera kontrastatzeko gunea izatea eta, aldi berean, artistek euren lanak egin ahal izateko tresneria, informazioa eta formazioa eskaintzea.
Artelekun gauza ugari aurki daitezke. Bere garaian egurra, burnia eta halako materialak lantzeko tailerrak zeuden, nahiz eta orain, aro digitalean murgilduta gaudela, artelan gutxiago egiten diren. Bestalde, obra grafikoak, serigrafia, teknologia berrien gunea, grabaketaren ekoizpena egiteko tresneria eta ordenadoreak daude egoitzan. Aipatzekoa da ere bertan aurki daitekeen dokumentazio zentro handia. 30.000 arte-liburu, mundu mailako artisten katalogoak, DVDak eta musika eta artistei buruzko dossierrak daude, besteak beste.
Honez gain, Artelekuk baditu ere artistek euren proiektuak garatzeko guneak, bilera-gelak eta hitzaldi aretoa. Gela handi batean, erabilera anitza duen espazio batean, erakusketak, “performance” deritzona eta halako gauzak egiteko tokia dago. Gainera, duela urte batzuk dantzagunea edo, izenak berak esaten duenez, dantza egiteko gunea sortu zen.
Gaur egun, enpresa batek eramaten du Artelekuren egunerokotasunak eskatzen dituen betebeharrak. Hamar bat lagun inguruk lan egiten dute bertan: bi langile dokumentazio zentroan, beste bi pertsona programazioen ekoizpenean, ikus-entzunezko arduradun bakarra eta bi langile dantzagunean. Honez gain, Tabakalera txertatu zenetik, beste bizpahiru lagun ere badira bertan.
Egoitzan dauden artistei dagokienez, momentu honetan 20 bat lagun ari dira bertan lanean, eta beste hainbeste dantzagunean. Serigrafia bezalako tailerrak egiten direnean, aldiz, 10-12 lagun egoten dira gutxi gorabehera. Honek ez du esan nahi Artelekuren helburua artisten egoitza finkoa izatea dela. Malgutasuna ematen zaie artistei euren lanak egiteko, beti ere eskaintza gutxi baldin badago.
Artista batzuek eskertzen dute bertan egote horrekin, bere ikuspuntua aberastu eta zabaldu egiten baita kasu askotan. Gainera, beste artistekin izandako harremanen ondorioz, euren lana garatzeko ziurtasun handiagoa izan dezakete. Esan daiteke, era natural batean, kutsadura sortzen dela. Hau da, artista batzuk euren estudioan sartuta bere obra besterik gabe garatzen duten bitartean, beste batzuek, nahi dutenek, besteengandik har dezakete.
EZUSTEKOEN AURREAN, INDARRA BERRESKURATUTA Artelekuk kalte handiak izan ditu duela gutxi, Euskal Herrian gertatutako uholdeengatik. Ondorioak aipatzekoak dira, beheko plantako tresneria guztiak kalteak izan baititu: kamerak, ordenadoreak, filmak editatzeko tresneria, hitzaldi-aretoko soinu eta irudi instalazioa... Artelekuko arduradunen balorazioa aztertuz, esan daiteke materialaren %45a galdu edo oso egoera txarrean geratu dela.
Artelekuren artxiboak, aro digitala baino lehenagoko dokumentazioa, izan du kalterik handiena, ur azpian geratu baitzen. Hala ere, zorionez, lan itzela egin da errekuperatzeko. Prozesu horretan Artelekuk laguntza handia izan du Tolosako artxibotik. Paper zaharberritzeko tailerra dago bertan, eta sekulako lana egin da artxiboak salbatzeko. Hala, kaltetuak izan diren artista ugariren obrak berreskuratzea lortu dute: Goenaga, Zumeta, Nagel, Frederic Amat, Vicente Ameztoy, Raul Urrutikoetxea...
Bestalde, Artelekuk Arkitekturatik eta aseguratzaileen laguntza jasotzen ari da ere, eta baita Txomin Eneako herritarrena, nahiz eta egoitzako arduradunek ez duten jendea inplikatu nahi. Boluntarioak eskatu, eta talde polita sortu zuten laguntzeko, artistak tartean zirela.
Gauzak hala, Artelekuko arduradunek oso begirada honez jaso zuten Lanabesako Kultur saria. “Sorpresa baikorra eraman genuen. Pozik egon ginen. Gertatutakoa ez ahazteko, baina gertatutakoaz indarrez ateratzeko balio zigun ekimena. Pertsonalki, ilusioa piztu zigun, eta bestetik, gure proiektua gizarteratzeko balio izan zuen. Egunero egindako lanari keinu bat izan zen. Hainbeste urteetan artistei ateak zabaltzea, badu bere garrantzia. Sari honekin egunerokotasun horri garrantzia eman zitzaion”, adierazten du Frantxis Lopez Artelekuko ordezkariak.
Lehenengo helburua, memoria salbatzearena, lortuta, Artelekuk beste erronka batzuk ditu etorkizunerako. Tabakaleraren obrentzat dirua jarri bada ere, krisi garai honetan ez da apropos ikusten betan eta Artelekun, bietan, inbertsioa egitea. Bestalde, eta agian garrantzitsuena, kokapenaren ahuleziari aurre egitea izango da Artelekuren helburu nagusietako bat, euriek kalte larriak sor baititzakete berriro. Azkenik, auzo berri bat egiteko asmoa dago bertan. Hori egiteko, kota 2-3 metro altxa egingo litzateke, uholdeei aurre egiteko, baina kasu horretan Arteleku beheko zonaldean geratuko litzateke.
|