|
|
|
|
|
2011ko Apirila |
Bizkaiko Foru Aldundiak goi-mailako trebakuntza duten langileak erakarri nahi ditu eta horretarako Bizkaia: xede Laguntza Programa jarri zuen martxan duela bost urte. Programak 3,2 milioi euroko aurrekontua du, eta Europar Batasunaren 2 milioi euroko laguntza ere badu; guztira, 40 erakundek eta 71 lagunek hartu dute parte aldundiaren planean.
Askotan esaten da gizakiok adimena zorrozten dugula negu gorrietan. Gaur egun inork ez du zalantzan jartzen krisia gogor ari dela jotzen, eta adituen hitzetan, talentua, kreatibitatea eta ekintzailetza ezinbesteko tresnak dira aurrera ateratzeko. Bizkaiko Foru Aldundia bat dator horrekin, ziur asko, eta horregatik, langile adituak Bizkaian bertan lan egiteko ahalegina egiten ari da. Horretarako, Bizkaia:xede Laguntza Programa jarri du martxan, eta guztira, 40 erakundek eta 71 lagunek hartu dute parte. Planaren aurrekontua 3,2 milioi eurokoa da, eta Europar Batasunak ere finantzatuko du aldundiaren programa 2 milioi eurorekin, 2011-2014 laurtekorako. Diru hori mundu osoko 53 profesional eta ikertzaile kontratatzeko erabiliko da, euren lana egoitza Bizkaian duten erakundeetan egin dezaten.
Askotan abagunerik eza dute goi-mailako trebakuntza duten langileek gure artean lan egiteko. Horixe ekidin nahi du Bizkaiko Foru Aldundiak, buru argiek alde egin ez dezatela. Gainera, talentu berriak fitxatzea eta joan zirenak berreskuratzea ditu helburu aldundiaren programak. Halaber, planari esker, balio handiko langile horiek kontratatu, trebatu, gaitu eta lotzeko aukera izango dugu Bizkaian. “Goi mailako profesionalak behar ditugu, eskarmentu handikoak eta konprometituak, XXI. mendeko liderrak izateko”, esan du Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiak.
Hainbat erakundek hartu dute parte programan: teknologia-zentroak, ikerketa-taldeak, unibertsitateak, elkarteak, fundazioak... Horiek guztiak hartu zituen Aldundiak foru jauregian ekitaldi batean, martxoan, eta bertan omenaldia ere egin zitzaien. “Bizkaiko Lurralde Historikoan ezagutza aurreratuan oinarritutako gizartea eratzeko gai izango den giza egitura lortu behar dugu guztion artean”, esan du Bilbaok. Programa bost deialditan garatu da azken urteotan: lehenengoan, 336.000 euro bideratu ziren 6 onuradunentzat; bigarrenean, 475.000 euro, 8 hitzarmen berrirekin; hirugarrenean, 887.224,43 euro eta 19 onuradun; laugarrenean, 809.130,05 euro 21 onuradunekin; eta, azken honetan, 789.227,32 euro 17 onuradun berrirekin. Onuradunak egoitza Bizkaian duten erakunde mota asko izan dira. Horiek, urte horietan, prestakuntza handiko eta lanbide-esperientzia luzeko pertsonak kontratatu dituzte, baita prestakuntza handia baina lanbide-esperientzia mugatua dutenak ere.
Gainera, emigratu egin duten Bizkaiko gazteak ez ezik, prestakuntza-maila handia baina lanbide-esperientzia mugatua duten profesional gazteen prestakuntza eta erakarpena sustatu dute. Era berean, goi-mailako prestakuntza eta egiaztatutako nazioarteko esperientzia duten pertsonak lotu dituzte, aldi baterako edo era mugagabean, Bizkaian dauden proiektu berritzaileetarako.
Parte-hartzaileak. Bizkaia: xede ekimenean parte hartu duten erakundeak anitzak dira, baita bakoitzak lantzen duen esparrua ere: 20 kandidaturak Biozientziak jorratzen dituzte; 31k, Ikerketa, Garapena eta Berrikuntza (I+G+B) mailako proiektuak; eta gainerako 20ak antolakuntzan eta kudeaketan aritu dira. Lau urte hauetan, 32 bizkaitar berreskuratu dira (20 gizon eta 12 emakume), eta besteak (39), hainbat lekutatik etorri dira: bai Euskal Herritik (Araba, Gipuzkoa eta Nafarroa), bai Estatu espainiarretik (Kantabria, Errioxa, Valladolid, Galizia, Asturias eta Katalunia), bai atzerritik (Errusia, Argentina, Alemania, Erresuma Batua, Polonia, Suedia, Danimarka, India, Austria, Mexiko, AEB, Frantzia eta Italia).
Ikertzaileak pozik agertu ziren ekitaldian, eta euren esanetan, “erakunde publikoen babesa funtsezkoa da, eta Bizkaian eskaintzen den lan egiteko aukera ez dute beste inon topatu”; hori dela-eta, hemen daude lanean. Aditu horiek zenbait arlotan jarduten dute: automobilgintzan, aeronautikan, energia-iturrietan, telekomunikazioetan eta Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologietan (IKT) eta finantzetan, besteak beste.
|
|
|
AGENDA
|
Enpresentzako finantza kudeaketa praktikoa |
2012/05/22. Elkargik hiru jardunaldietan garatzen den ikastaro berria antolatuko du. Erabat praktikoa izango da eta enpresaren finantza-kudeaketako ikuspegi integrala eskaintzen du. Ikastaro honek, kudeaketa ekonomiko - finantzarioari eta bere printzipio oinarrizkoei buruzko ezagutza eskainiko du; finantza eta banku produktuei buruzko ikuspuntu praktiko bat.
Noiz: Maiatzaren 22tik ekainaren 5era arte. 09:30etatik 13:30etara eta 15:00etatik 18:00etara.
Lekua: Elkargiko formakuntza aretoa, Mikeletegi Ibilbidea, 50 |
|
|
|
Enplegua 2.0: ez bilatu aukerak; haiek zu aurkitzea da kontua |
2012/05/17. Bizkaia Enpresa Digitalak enplegua nola topatu ikasteko jardunaldia antolatu du. Lana bilatzen ari den pertsona orori edota IKT-ak erabilita lana nola topatu jakin nahi duen pertsona orori zuzentzen zaio. Bost orduko iraupena izango du.
Noiz: Maiatzaren 17an, 09:00etatik 14:00etara.
Lekua: CEDEMI - Bizkaiko Labe Garaien Etorbidea, 33 (Barakaldo, Bizkaia)
|
|
|
|
Nafarroako Unibertsitate Klinika (CUN) |
2012/04/24. Nafarroako Unibertsitatea Klinika Nafarroako Unibertsitatearen zati da; horren gainean arituko dira topaketan. Informazio-sistemak, ospitaleko baliabideek kudeaketa informazio-sisteman, informazioaren azterketa aztertuko dituzte.
Noiz: Apirilaren 24an, 11:00etatik 16:00etara.
Lekua: ADEGIko egoitza. |
|
|
|