|
 ELAY. Antzuolako ekoizpen-planta. Argazkia: www.elay.com
“Egun, ez dago Euskal Herrian beste ebaketa zehatzeko mundu-mailako hornitzailerik, geu gara bakarrak”. “Europa mailan, antzuolako lantegian gaur egungo aktibitate maila mantentzea da gure erronka”.
Antzuolan (Gipuzkoa) kokatzen den ELAY enpresak 1965ean eman zituen bere lehen pausuak. Hasiera batean, piezen mekanizazioan aritzen zen eta denborak aurrera egin ahala, makinak erosi, lantegia handitu eta jarduera berriak burutzen hasi zen.
Hamarkadak igarota, ELAYren ekoizpena hain zen handia non nazioarteari ateak ireki zizkion. Baina, produkzioaz gain, ELAYk badu xarma berezia, Antzuolakoa lehena izan zen bat egiten euskara-planekin. Euskara eta lan-mundua uztartzeko asmoa berehalakoa zen eta, horiek horrela, 1991n Elhuyar Kultur Elkartea zenak eta Eusko Jaurlaritzak lankidetza akordio bat sinatu zuten. Eta hartan parte hartu zuen ELAYk.
“ELAYk erabakita zuen hizkuntzen inguruko egitasmo bat aurrera eramatea eta orduko hartan jaurlaritza ere alor sozioekonomikoan euskara txertatzeko ahaleginean zebilen. Beraz asmo biek bat egin zuten”, azaldu du Anaje Narbaizak, ELAYko Euskara Batzordeko idazkariak. Orduan, ekimen ugari ipini zituzten martxan. “Ikaste prozesuak; orduan 150 langile ginen eta %35ak ez zekien euskararik. Hori kontuan izanik euskalduntze eta alfabetatze kurtsoak eman ziren lehen lau urtetan. Guztira, 90 pertsonek egin zituzten ikastaro horiek, lan ordutik kanpo. Gainera, garai hartan, kurtsoa burutzeko beka bat eman zitzaien, 50.000 pezetakoa.
Komunikazio zirkuluak; ELAYko kulturan oinarrituta, Elhuyarrekoek egin ziguten ekarpen hau oso baliagarria egin zitzaigun lana gazteleraz egitetik euskaraz egitera pasatzeko. Horrela langile euskaldun guztiok aztertu genuen egiten genuen guztia eta zein oztopo genituen identifikatu euskaraz lana egiteko. Behin identifikatuz gero akzioak proposatzen ziren egoera aldatzen joateko. Oinarrizkoena pertsona bakoitzaren hizkuntza eskubideak errespetatzea izan zen”, gaineratu du Narbaizak.
Lehen pausu haiek eman ostean, enpresak konpromiso ezberdinak izan ditu hizkuntzarekin; adibidez: “hasierako helburu hura lortzeko, ELAYko lan hizkuntza euskara izatea, beharrezkoak izan diren inbertsioei aurre egitea eta ikaste eta erabilera prozesuak bateratzeaz gain jarraipen pertsonalizatuak egitea. Bestetik, langileek egin duten esfortzua, guztiz aipagarria da, beraiek sortu dituzte hizkuntza premia berriak eta egoera berrira behin eta berriro egokitu dira, 1992an denon artean erabaki genuena konpromisoz hartu eta 2011ean esan dezakegu ELAYn lana euskaraz egiten dela.
Azkenik, aipatuko nuke bere inguruko hornitzaile/administrazio/aholkularien artean euskaraz egiteko premia sistematikoki areagotzen ari dela eta produktuak eskuratzen dituenean euskaraz erosteko baldintza sistematizatua duela. Era honetan software, katalogo edo produktuari lotutako hainbat produktu merkatuan euskaraz egotea lortu du”, adierazi du Mª jose Llamas Prebentzio teknikariak.
Hainbat helburu lortuta, lanean diraute enpresan. “ELAY ez da irla bat, sarri gizartearen eraginez, kanpoko hizkuntza ohiturak nekezak dira lanean aldatzen. Horretan kontzientzia hartzeko saioak egin ditugu, arazo batzuk identifikatu eta neurriak hartzen gabiltza. Hemendik pare bat urtera ebaluatuko ditugu martxan jartzen ditugun akzioak eta espero dezagun eraginkorrak izatea, dena den ez badira beste batzuk ezarriko ditugu”, azaldu du Eider Juanenak, Giza Baliabideetako Teknikariak.
Euskara garrantzitsua izan da bidean, baina enpresak bi erabaki esanguratsu ere hartu ditu. “Lehena orain dela berrogei urte hartu zena, Elay sortu eta urte gutxitara: enpresaren aktibitate aldaketa, mekanizazio lantegi bat izatetik ebaketa zehatzaren bidez ekoiztutako pieza metalikoen hornitzaile bat izatera. Oso prozesu berezia izanik, eta erabat ezezaguna garai haietan, aukera eman zigun mundu osoan ezagunak izateko, gure mailan; gaur egun ez dago Euskal Herrian beste ebaketa zehatzeko mundu-mailako hornitzailerik, geu gara bakarrak. Bigarrena, dela hamaika urte hartutakoa, internazionalizazio bidean eman genuen jauzia, Mexicon planta bat zabalduz. Asko dira gaur egun atzerrian lantegiak dituzten enpresa euskaldunak, baina 1.999 urtean ez zegoen hainbeste jende kanpora begira”, aipatu du Kristina Elkorok, Sistemen buruak.
Horiek horrela, globaltasun kontzeptuak garrantzia dauka ELAYn. “Arrazoi oso sinple batengatik: geure bezeroak mundu guztira zabaldu dira, eta gu beraien aldamenean egon behar gara, nahitaez. Ba ditugu bezero batzuk beraien bulego nagusiak Alemanian dituztenak, eta ekoizpen lantegiak Europa osoan, Ipar Amerikan eta Asian. Gu negoziatzera Alemaniara joaten garenean, bezeroak ez du ulertzen guk esatea Europarako piezak ekoiztuko ditugula, baina ez AEBrakoak; koste zein zerbitzu mailan, epe luzera begiratuz, pentsaezina da Antzuolan piezak ekoiztea eta hemendik Detroitera bidaltzea. Beraz, bezeroa mantendu nahi badugu, ez dugu beste aukerarik: hornitzaile globalak bihurtu eta mundu osora piezak era konpetitibo batean nola zabaldu ondo aztertzea”, azaldu du Santi Agirregoikoak, ELAY taldeko zuzendari orokorrak.
“Europa mailan, Antzuolako lantegian gaur egungo aktibitate maila mantentzea da gure erronka. Denok dakigu zer gertatzen ari den gure inguruan geroz eta zailagoa da lana lortzea, eta are zailagoa proiektu berrientzat finantziazioa lortzea. Horretarako, ezinbestekoa da gure globaltasun estrategia mantentzea eta indartzea, gure bezeroak ez daitezen hasi beste hornitzaile batzuei begira beraien nahiak asetzeko. Hau lortzeko, Mexicoko lantegia indartu beharra daukagu, gaur egun Ipar Amerikara bakarrik begira gaudelako, eta Brasilgo merkatu zabala ere aztertu eta landu beharra daukagu. Bestalde, Asiara begiratzen hasiak gara. Dagoeneko gure bezeroak harantz joan dira eta gu bertan lantegi bat ezartzea aztertzen ari gara”, gaineratu du Agirregoikoak. |