Joseba Barandiaran / Ekonomialaria.
Joseba Barandiaran ekonomialariak gaur egun pairatzen dugun krisiaren berri eman digu, eta horretarako euskara erraza eta ulergarria erabili egin du. Bere ustez, Estatuan baino hobeto gabiltza Euskal Herrian, eta Europan baino okerrago. Etorkizunari begira ez da baikor agertu: “Bide luzea dugu krisitik ateratzeko”, esan du.
Krisia gogor ari da jotzen eta guztiok pairatzen dugu bere eragina. Mailegua bankuetan lortzea lehen baino askoz zailagoa da, eta edonork du lana galdu duen lagun edo senideren bat. Halaber, behin eta berriro krisiari buruzko albisteak helarazten dizkigute komunikabideek: lantegiak itxi egiten dira, hazkunde ekonomikorik ez, soldatak behera... Guztiok hitz egiten dugu horren inguruan, batzuetan ekonomiari buruz gutxi edo ezer ez jakin arren. Krisiaren ondorioak ondo baino hobeto ezagutzen ditugu, baina askotan ez dakigu zergatik sortu zen, nor den erruduna edo zeintzuk dira konponbideak. Joseba Barandiaranek, ordea, bai, eta horregatik krisiari buruzko hainbat hitzaldi eman ditu azken hilabeteotan.
Josebak argi eta garbi hitz egiten du. “Krisia finantza arloan sortu da, zalantzarik gabe. Jendeak maileguak merke-merke lortzeko aukera izan du, eta bankuek ere interesa izan dute hori hala izan dadin. Horrek hazkunde itzela sortu du eraikuntzan, prezioek ere gora egin dute eta ondorioz, aberastasun irudipena izan dute herritarrek. Beraz, kontsumo eta inbertsioa piztu egin dira, burbuila lehertu arte. Eragina handia izan da hori guzti hori Euskal Herrian, Estatuan baino gutxiago, baina Europan baino gehiago”.
Krisiaren arrazoietako bat eredu ekonomikoa omen da, baina hori ez da zalantzan jartzen. Ezta Josebak ere. “Agian eredu kapitalista ez da zuzena, baina zein da beste aukera? Nik ez dut ezagutzen jendearen atxikimendua lortzen duen beste bat. Garapen-bidean dauden herrialdeak gure ereduari jarraitu nahian dabiltza: Txina, Brasil....
“Finantza arloak garrantzi handia du ekonomian. Hori kezkagarria da, burbuilak sortzea errazagoa baita, eta eragina mundu mailan zabaltzen baita”
“Orain arte ohiko industriak izan direnak kanpora eramango dira eta hemen industria berritzaileak hasiko dira lanean. Teknologian dago gakoa”
|
Zalantzak sortzen dira, batez ere ikuspuntu ekologiko batetik, baina munduan botere osoa duen erakunderik ez dagoenez, ez da erabaki bateraturik hartzen, eta konponbidea zaila da. Planetaren jasangarritasunaren mesedetan, prest egongo ginateke geure kotxeetakoren bat kentzeko, txinatarrek auto bat izan dezaten, eta munduko kotxe-kopurua handiagoa izan ez dadin? Egoera honek planetaren galbidera eramaten gaitu. Batzuetan gauzak egin dira egoera hobetzeko, baina aldaketa horiek epe luzean baino ez dira ikusgarriak izaten”.
Jendeak uste du krisiaren errudun nagusiak bankuak direla. Izan ere, dirutza irabazteaz gain, zenbait diru-laguntza jaso omen dituzte. Hala ere, “Estatuan aurrezki kutxei eman zaie laguntza, besteei, hau da, BBVA edo Santander, bat ere ez. Aurrezki kutxa horien atzean familiak eta enpresak daude, gizartea bera, azken batean. Beste alde batetik, esan beharra dago finantza arloak garrantzi handia duela ekonomian. Hori kezkagarria da, burbuilak sortzea errazagoa baita, eta eragina mundu mailan zabaltzen baita”.
“Errudunak, guztiak”. Horregatik, krisia “guztion errua” da, Josebaren hitzetan. “Erantzukizunaren zati bat bankuena da, baina ez bakarra. Zenbait etxebizitza saldu eta erosi egin dira, eta negozio horietan enpresa eta partikularrak ibili dira. Erakunde publikoek ere badute zer esan. Izan ere, hainbat lurzoru birkalifikatu egin dituzte dirutzaren truke, eta plangintza asko ordaindu dituzte horri esker. Gainera, ez dituzte bankuak arretaz kontrolatu”.
Galdera da momentu honetan non gauden. Barandiaranen ustez, Estatuan baino hobeto gabiltza Euskal Herrian, eta, halaber, Europan baino okerrago. “Duela bost urte baino langabetu gehiago daude, gaur egun askoz zailagoa da etxebizitza erostea, eta enpresek baliabide gutxiago izan arren, lehian jarraitu behar dute. Esate baterako, orain oztopo gehiago daude esportazioak egiteko orduan. Erakunde publikoei dagokienez, udalek eta gobernuek oro har diru gutxiago dute, eta ondorioz, gastu soziala jaitsi egin da”.
Hemendik aurrera hartu behar dugun bidea “gure esku” dago, Josebaren iritziz. “Gizarte aberats batean bizi gara, baina arazo argia dago demografikoki. Energia berritzaileei begira ere erronka garrantzitsua dugu. Nora goaz? Bakoitzak bere mikroerabakiekin eramaten duen egoera batera. Gu beste batzuk baino hobeto bizi gara, eta, horrela jarraitu nahi izanez gero, beste lekuetan egiten ez diren gauzak geuk egiten ikasi behar dugu, hau da, berriztatzaileak izan behar dugu. Orain arte ohiko industriak izan direnak kanpora eramango dira eta industria berritzaileak hasiko dira lanean. Teknologian dago gakoa”, gaineratu du.
Etorkizunari begira, Joseba ez da batere baikor agertu. “Krisiak irakatsi behar digu esparru guztietara zabaldu dela. Baloreen krisian ere murgilduta gaude, kontsumoari izugarrizko garrantzia ematen diogu, lan kultura galtzen ari da, elkartasuna bultzatu behar da. Ez dakit krisia noiz emango den bukatutzat. Ziurrenik etorkizunean ez gara hain ausartak izango dirua inbertitzen, baina hori ona da berez. Gero eta hobeto goaz, baina bide luzea dugu krisitik ateratzeko”. |