Patxi Ormazabal / Euskadiko Kooperatiben Konfederazioko Presidentea.
“Formula kooperatiboa historian zehar funtzionatu duen enpresa eredua da”. “Enplegu eta prestakuntza arloko eta bestelako gaitasunak ditugu eta enplegu sortzaileak garela erakutsi dugu”. “500.000 pertsona inguruk daukate harreman zuzena kooperatiben munduarekin”.
Kooperatibena mugimendu indartsua da. Pertsona askok eredu hau hautatzen dute, filosofiagatik edo izandako esperientziengatik. Alde onak eta alde txarrak ditu kooperatiba batean aritzeak, baina arlo sozio-ekonomikoan berebiziko garrantzia eta eragina dute; EAEko garapenean, lanpostuen sorkuntzan edo enpresen sustapenean pisu astuna dute, hori ukaezina da.
Patxi Ormazabal Euskadiko Kooperatiben Konfederazioko presidentea da eta Kooperatiben jarduerei buruz aritu da Lanabesarekin. Ugariak dira, 2.000 inguru, eta ia milioi erdi pertsonak harremanetan daude kooperatibekin.
Zein da egun Euskadiko Kooperatiben Konfederazioaren funtzioa? KONFEKOOP, Euskadiko Kooperatiben Konfederazioaren jarduerak lau ardatz estrategikotan oinarritzen dira, honakoak litzateke: gizarte elkarrizketa, honen bidez lantzen ditugu erakunde arteko harremanak eta parte hartzen dugun organismo eta batzordeetako Kooperatiba Mugimendua lantzen ditugu; Kooperatiba Mugimenduaren ikuspena, kanpo-komunikazioari dagozkion aspektuak lantzen ditu: gizarteko Kooperatiba Mugimenduaren proiekzioa: Balio eta posizionamendu kooperatiboen analisi eta zabalkuntza (krisiaren aurrean, esaterako), eta abar; barneko kooperazioa, oso garrantzitsua barneko loturei eta elkartasunari dagokienez; ardatz honek aspektu hauek hartzen ditu kontuan: Barne komunikazioa, kooperatiben legearen analisia, prestakuntza, barneko kooperaziorako zerbitzu eta tresnak, hala nola ELKAR-LAN (kooperatibak sortzeko sozietatea), OINARRI (gizarte ekonomiako enpresetarako elkarrekiko berme-baltzua), PROMOKOOP (kooperatibentzako jarduera-eremu berrien ikerketarako) edo ELKAR-IKERTEGIA (ikasketa kooperatiboen sozietatea) eta gizarte inplikazioa, kooperatibismoa ez dago bere baitan bilduta, gizartearenganako jarrera irekia izan nahi du eta immigrazioa, familia, gizarteratzea, etxebizitza eta bestelako gaietan esku hartu, erakundeen bidez. Zein eragin daukate Euskadiko Kooperatibek? EAEn 1.800 kooperatiba inguru daude. Horietatik erdia baino zerbait gehiago gure federazioetan bazkidetuta dago. Kooperatiba horiek kooperatiba kopuru osoaren produkzio, esportazio eta fakturazioaren %90 baino gehiago egiten dute. Euskal Kooperatibismoak garrantzia handia duela uste dut, eta Euskadiko arlo sozio-ekonomikoan duen eragina handia da. Ekonomiaren arlo batzuetan BPGren eragina %10ean dago, gutxi gora behera.
Bestalde, ezin dugu ahaztu 500.000 pertsona inguruk daukatela harreman zuzena kooperatiben munduarekin: Gure kooperatibetako langileak, kontsumitzaileak, ikastoletako gurasoak, ikasleak, eta abar; gure Erkidegoko biztanleria kontuan izanda... kooperatibek gure inguruan duten eragina oso adierazgarria da!!
Ba al dago tradizio kooperatibistarik? Zein zonaldetan ematen da gehien? ACIk (Nazioarteko Aliantza Kooperatiboa) emandako datuen arabera, munduan 900 milioi pertsona baino gehiago daude kooperatibismoarekin eta kooperatibekin erlazionatuta. Kooperatiben tradizioa eta kultura duen lekurik bada munduan, Euskadi da, eta bereziki Debagoiena, Arrasate inguruan, kooperatiba multzorik handiena dagoen lekua. Gure eredu kooperatiboa munduko beste herrialde batzuetan aztertzen eta ikasten da, eta denek nahi dute “Arrasate txiki bat” eduki.
Zeintzuk dira Kooperatiba batean lan egitearen alde positibo eta negatiboak? Kooperatiba batean lan egiten dugunok langile eta jabe gara aldi berean, horrek dakarren guztiarekin; enpresako kapitalaren zati bat daukagu, gure enpresaren kudeaketan eta irabazi eta galeretan parte hartzen dugu, eta azkenean, enpresaren etorkizunean inplikatuta gaude. Inplikazio hori argiago ikusten ari da krisi garaian kooperatibistak hartzen ari diren konpromisoekin: soldaten jaitsiera, langileak berriro kokatzea hobeto doazen beste kooperatiba batzuetan, produkzio beharrizanen araberako malgutasuna duten ordutegi eta oporraldiak, kooperatiben arteko elkartasuna eta abar.
Alde negatibo bezala, garrantzitsuena zera da, batzuetan oso zaila dela erabakiak hartzea, gure parte-hartzeko antolamendua dela-eta, baina erabakiak hartzen direnean, talde osoak hartzen ditu eta denok goaz norabide berean.
Zein sektore ekonomiko dira ugarienak Kooperatiben Konfederazioaren barruan? KONFEKOOP, Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak sektore eta tamaina desberdinetako kooperatibak hartzen ditu barne: Industria arloko kooperatibak, industriakoak, nekazaritza eta elikagaien arlokoak, irakaskuntzakoak, kreditu-kooperatibak, zerbitzu-kooperatibak eta abar. Egia esan, edozein negozio mota antolatu daiteke kooperatiba bezala.
Kooperatibei aitortzen al zaie beren lana, edo ez dira enpresa erakundetzat hartzen? Badago aitorpen handi bat gizartearen aldetik, eta erakundeen aldetik ere, nire ustez; hala ere, traba asko izaten ditugu erakunde egituretan parte hartzeko, eta uste dugu zeresan handia dugula; azken eztabaida LANBIDEn parte hartzeari buruzkoa da; ez dugu ulertzen nola utzi daitekeen hain organismo garrantzitsua alde batera. Izan ere, enplegu eta prestakuntza arloko eta bestelako gaitasunak ditugu eta enplegu-sortzaileak garela erakutsi dugu, baita krisi garaian ere.
Zein da mugimendu kooperatibistaren etorkizunaren aurreikuspena? Formula kooperatiboa historian zehar funtzionatu duen enpresa eredua da, bai krisi garaietan, baita garai onetan ere. Egun funtzionatzen duen eredua da (900 milioi pertsona kooperatibismoarekin lotuta, mundu osoan). 2010ean 100 enpresa kooperatiba baino gehiago sortu dira EAEn, eta kooperatiba horien eta dagoeneko existitzen zirenean artean 1.500 lanpostu baino gehiago sortu dira.
Etorkizunerako eredu bat da: Urte hauek erabakigarriak dira gure planetaren etorkizunerako. Kooperazioaren eredua, gutxienez zati batean, etorkizunerako konponbide bat da, nazioarteko hainbat organismok hala aitortuta, eta NBEk (Nazio Batuen Erakundea) sinbolikoki, 2012a izendatu du “Kooperatiben nazioarteko urtea”. Izendapen garrantzitsua da, eta kooperatibismoa zer den, zer ematen digun eta kooperatibista izateak zertarako balio duen ulertzen lagunduko digu.
|