Antón Txapartegi / Bizkaiko Jatorri-Deituraren Kontseilu Arautzaileko Presidentea.
2010eko abenduan, Gaztela eta Leongo Gobernuak ‘chacoli’ izenpean aurkeztu zuen Burgosen ekoizten den ardoa. Horrek harridura eta haserrea sortu ditu euskal ekoizleengan. Europako Batzordearen arabera, “txakolin” edo “chacoli” izenak Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban dauden jatorri-deituraren kontseilu arautzaileek baino ezin dute erabili.
Zertan datza gatazka? Gaztela eta Leongo gobernuak sustatu eta bultzatu du Burgosen eta Miranda de Ebron ekoizten den ardoa, eta “chacoli” esaten diote horri. Hala ere, 2002an Europako Batzordeak arautu zuen moduan, “txakolin” edo “chacoli” izenak Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban dauden Jatorri-Deituraren Kontseilu Arautzaileek baino ezin dute erabili. Beraz, gure ustez, Gaztelako gobernuak iruzur egin du eta Europa mailako arauaren kontra agertu da. Gainera, nahastea sorrarazi du kontsumitzaileengan. Euskadi eta Gaztela eta Leongo gobernuen artean gaztaka argia dago. Izan ere, Gaztelatik ez digu inork ezertxo ere esan, ez guri, ez Eusko Jaurlaritzari.
Kantabrian ere zerbait antzekoa gertatu da, ezta? Ez. Bertan Kantabriako kostaldea izeneko Jatorri-Deitura dute eta hango ardandegi-jabe gehienek bat egiten dute horrekin. Beste batzuk –uste dut bakarra dela– eta elkarte erregionalista bat, ordea, “txakolin” deitura defendatzen dute, baina gobernuak ez die azken horiei babesik eman, Gaztela eta Leonen gertatu den bezala.
Gaztelatik arazo politikoa dela esan dute... Gaia zelan aurkezten duzunaren arabera, arazo politikoa izan daiteke edo ez. Ni ez nago ados. Denok bete behar dugu legea, eta 2002an lege hori ezarri zenean, Alderdi Popularrak bultzatu zuen. Era berean, 2009an egokitu egin zen legea, eta Alderdi Sozialista zegoen gobernuan orduan. Gatazkak ez du zerikusirik abertzaletasunarekin; legeak ’txakolin’ izena babesten du, eta horrekin Estatuko alderdi guztiak etorri dira bat.
Arrazoi historikoak ere adierazi dituzte, han betidanik txakolina egin delako.... Egia da, testu zahar batzuetan agertzen da. Hala ere, duela 30 urte inork ez zuen ezer jakin nahi izan txakolinari buruz, eta gu hasi ginen, hiru euskal Jatorri-Deiturok, txakolina bultzatzeko lanean. Azken hiru hamarkada horietan berreskuratu dugu produktua, eta hara non agertu diren orain Gaztelatik txakolina aldarrikatzen. Ez dut uste zilegi denik, eta aprobetxategi hutsak iruditzen zaizkigu. “Txakolin” izena jatorri-deitura bati dago lotuta, hau da, ardo berezi bat da.
Batzuetan esaten da baserritar batek txakolina egiten duela bere etxean, baina hori ez da zuzena. Honek ekoizten duen ardoak gure etiketa eta gure kontrola ez baditu, ezin da txakolina izan. Hizkera arruntean txakolina esango zaio, baina ofizialki ez da txakolina izango. Antzeko gauza gertatzen da Gaztelako ardoarekin: ez dute legea betetzen, ezta kontrol bat ere pasatzen, ez dakigu nondik datozen mahatsak....
Gaztelan ardoak dagoeneko aurkeztu dituzte. Zer egingo duzue horren kontra borrokatzeko? Guk, Kontseilu Arautzaileak, ez dugu ezer egin, horren ardura erakunde publikoen eskuetan dagoelako, hau da, Eusko Jaurlaritzak duelako. Eusko Jaurlaritzak agiriak bidali ditu Espainiako Nekazaritza Ministeriora eta Gaztela eta Leongo Gobernura, iruzurraren berri emateko. Gaztela eta Leongo Gobernuak ez dio jaramonik egin, eta Nekazaritza Ministerioak horri gogorazi dio legea bete behar dela.
Eusko Jaurlaritzak Gaztela eta Leongo Gobernuari ohartarazi dio euren ardoa ekoizten jarraitzen badute, epaitegietara joko duela. Orain urratsak Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak eman behar dituzte, eurak direlako horretarako eskumena duten agintaritzak. Europak ere zeresana izango du, berak ematen dituelako jatorri-deiturak. Eusko Jaurlaritza gure alde dago, eta heldu behar den tokiraino helduko direla esan digute.
Zein izango litzateke irtenbidea? Burgosko ekoizleek euren jatorri-deitura propioa sortu ahal dute, baina horretarako mahastiak eta arauak jarri, eta izena aukeratu behar dute. “Txakolin” izena hautatzen badute, Eusko Jaurlaritza eta gu kontra agertuko gara, eta Madrilek eta Bruselak erabakiko dute beste txakolin jatorri-deitura sortzea zuzena den ala ez.
Eta zuen jatorri-deituran sartzeko baimena eskatuko balute? Horrek ez luke zentzu handirik izango. Alde batetik, eguraldi ezberdinak ditugulako, eta ondorioz, sortzen ditugun ardoak ere desberdinak direlako. Euskal Herrian eguraldi atlantikoa dugu, hezea; Burgosen eguraldia kontinentala da eta neguak oso hotzak dira, eta udak, oso beroak. Beste alde batetik, kudeaketa zailagoa izango litzateke: Burgoskoak sartzen badira, Eusko Jaurlaritzaren eskuetan baino, Espainiako Nekazaritza Ministerioarenetan geldituko litzateke kudeatzeko ardura.
|