|

Juanma López Iturriaga Kirolari ohia eta enpresaria
“Talde guztiak antzekoak dira, ez du garrantzirik kirol arlokoak edo enpresa mailakoak diren”
“Hasi ginenean proiektu aitzindaria izan zen, baina gaur egun gure moduko beste enpresa batzuk ere badaude”
Telebistaz gain, Make a team enpresako kidea da bilbotarra, eta hitzaldiak ematen ditu Estatu mailan liderrak hezteko asmoz.
Zer da Make a team?
Goi-mailako hainbat kirolari ohik Make a team enpresa sortu zuten duela 10-12 urte. Sortzaileak hauek dira: Jorge Valdano Real Madrid futbol taldeko jokalari ohia, Andoni Zubizarreta Athletic Club, Bartzelona edo Valentzia taldeetako jokalari ohia eta Juan Antonio Corbalán Real Madrid saskibaloi taldeko jokalari ohia, besteak beste. Ni duela 10 urte sartu nintzen proiektuan. Make a team enpresak hau egiten du: kirola abiapuntutzat hartuta, eskatzen digun enpresa bakoitzaren egoera aztertu eta txostena helarazten diogu bere baliabideak ahalik eta ondoen aprobetxatzeko. Talde guztiak antzekoak dira, ez du garrantzirik kirol arlokoak edo enpresa mailakoak diren. Eta taldeak ondo aritzeko ezaugarri berezi batzuk izan behar ditu. Hasi ginenean proiektu aitzindaria izan zen, baina gaur egun gure moduko beste enpresa batzuk ere badaude. Zertan datza zure lana enpresan? Nik hitzaldiak ematen ditut. Aspalditik zenbait komunikabidetan egin dut lan eta publikoaren aurrean hitz egiteko ohitura daukat. Beraz, erraztasuna daukat tailerrak edo hitzaldiak emateko. Horretarako, ikasi behar izan dut, eta gainera gaur egun gertatzen ari denaren berri izan behar dut.
Zein enpresa motak dira zuen bezeroak? Era guztietakoak: bankuak, unibertsitateak, telefonia arloko enpresak, ekintzaileei zuzendutako jardunaldiak ere eman ditut... Gure ikuspuntua nahiko orokorra da eta edozeinentzat izan daiteke baliagarria.
Kirolariak, aktoreak, kazetariak... Hainbat lagun enpresa munduan dabiltza sartzen. Moda bat da? Ez dut uste. Zure ezagutza aprobetxatzeko era bat da. Kirolak presentzia nabarmena du geure bizitzan. Eta gainera, enpresa-taldea motibatzeko era aproposa da kirola. Eta hori ondo baino hobeto dakite Estatu Batuetan. Izan ere, bertan hasi ziren kirola edo kirolak sortzen dituen balioak enpresa munduan erabiltzen. Guk, punta-puntako kirolariok, eskarmentua dugu eta eskarmentu hori ezin da alferrik galdu. Kirol bizitza profesionala amaitzen duzunean, ez duzu galdu behar kirolarekin duzun harremana; are gehiago, ikasitakoa baliagarria da.
Make a team, Inmark taldeko zati bat da, eta bulego bat du Bilbon... Bai. Gure bazkideetako bat Andoni Zubizarreta da, eta bera Bilbon bizi da, edo bizi zen, orain Bartzelona taldean ere lanean baitabil. Gainera, oso leku aproposa iruditu zitzaigun Bilbo, hor bulego bat irekitzeko.
Bazkide batzuk famatuak dira. Horrek enpresan laguntzen du? Argi dago Zubizarretak edo Valdanok duten irudia oso ona dela. Gainera, behin baino gehiago tan utzi dute agerian trebeak direla. Hau da, Andoni eta Jorge ez dira kontakizunak aipatzen dituzten kirolari ohiak. Irudiaren atzean, badugu zer esan eta bezeroek konfiantza handia dute gugan.
Zure irudia telebistako aisia-saioei dago lotuta, eta askotan horiek ez dira oso serioak izan. Onuragarria da hori zure lanean Make a team enpresan? Hamar urte daramatzat hitzaldiak ematen eta batzuetan jendea harrituta gelditzen da nire irudi serioagoa ikusten duenean. Ez dut uste hainbesterako denik. Izan ere, azken 25 urteotan artikuluak ere idatzi ditut eta horiek ez dira barregarriak izan, gai serioak ere jorratu egin ditut. Nik esango nuke bi pertsonaia ezberdin daudela: bata, telebistan agertzen dena, txantxetan aritzen dena; eta bestea serioago jartzeko gauza dena.
Ba al dago umorerako lekua negozioetan? Gauzak aldatzen ari dira enpresetan. Argi dago profesionalak hobeto jardungo duela laneko giroa atsegina bada. Lehen, bilerak serioagoak izaten ziren; gaur egun, ordea, lasaiagoa da laneko giroa, eta hori aproposagoa da lan egiteko. Hitzaldietan ere nabarmena da aldaketa: gaur egun, beste era batean egiten dute berba hizlariek, normaltasun handiagoa erabiliz. |