|
Begoña Muruaga / Euskara Sustatzeko Zuzendaria
Eusko Jaurlaritzak urtez urte eskaintzen dituen ‘Hedabideak’ deialdiko diru-laguntzak berriz banandu dira euskara jorratzen duten komunikabideen artean. Euskara hizkuntzaren erabilera sustatzeko asmoz, euskara zabaltzen duten komunikabideak sendotu, garatu, gehitu eta normalizatzea du helburu deialdi honek.
Begoña Muruaga Laca Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Euskara Sustatzeko zuzendaria da apirilaz geroztik. Euskal filologian lizentziatua da Muruaga; hori dela-eta, bere ibilbide profesionala euskararen alderdi desberdinekin lotuta egon da. Hala ere, lan ugari burutu ditu.
Besteak beste, euskarazko klaseak eman ditu AEKn eta Gasteizko Udalean; euskal literatura eta gaztelaniazko literatura klaseak IVAPen; ‘Emakunde’ aldizkariko koordinatzailea izan da; Arabako Foru Aldundian euskarazko normalizazio teknikari eta itzultzaile lanetan aritu da, Gasteizko Ignacio Aldecoa Kultura Etxean aritu da eta hainbat komunikabidetan kolaborazioak egin ditu. Bestalde, mugimendu feministan ari da 1977tik aurrera eta egun Maria Maeztu Forum Feministako kidea da.
Urte honetan zer sustatu nahi duzue ‘Hedabideak’ deialdiaren bidez? Hedabideak deialdiak helburu nagusi bat dauka: euskarazko hedabideak sendotu, garatu eta normalizatzea. Horretarako, sei multzo nagusitan banatzen da deialdia: euskara hutsezko eguneroko prentsa inprimatua, euskara hutsezko aldizkari inprimatuak, nagusiki gaztelania darabilten egunkariak (euskarazko gehigarriak eta euskarazko erreferentzia-orriak), euskaraz ari diren irratiak, euskaraz emititzen duten telebistak eta Internet bidezko hedabideak eta berri-agentziak.
Orain arte, zein izan da ‘Hedabideak’ ekimenarekin eskuratutako lorpen handiena? Euskal hedabideak gehitzea eta zabalkunde handiagoa izatea. Pentsatzekoa da, bestalde, irakurle kopuruak ere gora egingo zuela.
Besteak beste, enpresa publiko eta pribatuetan, erakundeetan eta elkarteetan euskararen erabilera sustatzea da helburua. Nola bultzatuko duzue ekimena? Euskararen erabilera sustatzeko, edozein dela ere erabilera horren eremua, azpiegitura sortu behar da. Euskaraz nekez egingo da, hizkuntza jakin arren, inguruan hizpide izan daitezkeen hainbat elementu ez badaude euskaraz, hau da, haien erreferentzia beste hizkuntza batean eskaintzen bada. Beraz, Administrazio publikotik erabilerarako ezinbestekoa den oinarria bermatzen saiatu behar dugu, kontuan izanik esparru publikoan eta pribatuan eskakizun maila oso desberdina dela.
Bereziki enpresa pribatuei LANHITZ izeneko diru-laguntza zuzentzen zaie, euskara planak diseinatzeko eta garatzeko. Udalei eta udal erakundeei, berriz, EBPN deiturikoa, eta elkarteei, EUSKALGINTZA izenekoa. Azken horren bitartez, gizarte-bizitzan euskara sustatzeko, garatzeko eta normalizatzeko diru-laguntzak banatzen dira. Arlo honetan diruz lagundu daitezkeen egitasmoek oso eremu zabala hartzen dute.
Batzuk aipatzeagatik honakoak azpimarra daitezke: eskola-ordutegitik kanpo, euskara sustatzeko jarduerak; eguneroko harremanetan, euskara erabiltzeko eta indartzeko egitasmoak; ibilbide oparoa izan duten pertsona edo elkarteak omentzeko ekitaldiak; euskaraz irakurtzeko zaletasuna sustatzeko egitasmoak; emakumeen sormen kulturala bultzatzeko proiektuak eta etorkinen artean euskara erabiltzera zuzendutako jarduerak.
Egun, zeintzuk dira Euskara Sustatzeko Zuzendaritzan jarraitzen dituzuen ildoak? Hiru ildo nagusi aipatuko nituzke: diru-laguntzen deialdiak; zenbait elkarte eta erakunderekin sinatzen ditugun hitzarmenak, eta zenbait proiektu estrategiko aurrera eramateko garatzen direnak. Horien artean bi nabarmenduko nituzke: batetik, euskarazko irakurketa publikoa bultzatzeko egitasmoak, eta, bestetik, teknologia berriekin zerikusia duten zenbait arlo (itzulpen automatikoa, izendegi geografikoa, toponimiako datu-basea, itzulpen memorien banku publikoa, EUSKALTERM…). Bestalde, aurki jarriko ditugu abian ikus-entzunezko materialetan euskara sustatzeko programak ere.
Zein hedabidek jasoko dute aurten Eusko Jaurlaritzako euskarazko komunikabideak sendotzeko diru-laguntza? Oso zerrenda luzea da, eta interesdunek jadanik jaso dute zerrenda hori, baina interesatuta dagoen orok abenduaren 10eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria kontsulta dezake.
Aurkeztutako proiektu guztiek diruz laguntzea merezi al dute? Ez, denek ez, baina 127 eskabidetatik 6 bakarrik bota ziren atzera. Bestalde, aurten deialdi baten ebaluaketa egingo dugu, eta datorren urtean guztiena; horrela ikusiko dugu zein proiektu diren interesgarrienak eta bultzatu beharrekoak.
Gutxi batzuek ez dute laguntzarik jaso. Zein irizpide jarraitzen dituzue proiektu bat atzera botatzeko orduan? Proiektuak atzera botatzeko arrazoi nagusia oinarrietako baldintzak ez betetzea izaten da. Hala ere, aurten bat ez da bideratu proiektua datorren urtean burutzeko zelako.
Zenbat diru bideratu da aurtengo deialdian? Orotara, 12.890.000 euro bideratu dira horrela banatuta: Hedabideak: 5.725.000 euro; Euskalgintza: 1.339.000 euro; Lanhitz: 2.400.000 euro; EBPN : 1.800.000 euro, eta IKT (Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak): 1.626.000 euro.
Krisi ekonomikoak eragin al du? Lau deialditan iazko kopuru berbera erabili dugu diru-laguntzetarako, baina Lanhitz-en jaitsiera gertatu zenez, hasieran aurreikusitako 2.200.000 euroei 200.000 euro gehiago gehitu dizkiogu, eta horrela mantenduko da datorren urteko aurrekontuetan.
Berrikuntzak izango al dira hurrengo urtean? Datorren urteko deialdiari begira, berrikuntzaren bat edo beste sartuko dugu, bai. Hala ere, 2012rako gustatuko litzaiguke deialdien helburu estrategikoak zehaztea, bai eta bultzatu nahi ditugun proiektuak ere. Horrela, hobeto erabiliko dugu diru publikoa eta hobeto erantzungo diegu gizartean dauden beharrizanei. |