hasieraenpresakeuskarairitziaelkarrizketakherrialdeakkulturguneagertakizunakfinantzakformakuntzaerreportajeak
“Gure produktua erakargarria eta kalitatezkoa izatea nahi dugu”
2010ko Azaroa

idoia.aldekoaIdoia Aldekoa / Elhuyar Aholkularitzako Bizkaiko Koordinatzailea

Elhuyar aholkularitzak iaz ireki zuen bulego berria leioan eta egundaino 19 proiektu kudeatu dituzte bertatik.

Idoia Aldekoa Elhuyar Aholku­la­ritzako Bizkaiko koordinatzailea da. Euskararen normalizazioarekin lotutako proiektuak aurrera eraman eta gizartearen hainbat kolektiborekin lan eginez, hobekuntza lortzeko zerbi­tzuak eskaintzen saiatzen dira; beti ere, parte-hartzean eta berdintasunean oinarrituta.

 

Bulegoa martxan ipini denetik zein ekimen eta proiektu burutu dira?
Bulegoa 2009ko irailean zabaldu genuen; horren berri emateko ­eta geure burua inguru horretan ezagutarazteko inguruko hainbat eragilere (udal zein enpresa) bisitatu genituen. Aurtengo o­tsailean egin dugu bulegoaren ­inaugurazio-ekitaldia eta bulegoak hartu du bere martxa. 3 teknikarirekin osatutako lantaldea dugu bertan eta urte hasieratik egundaino 19 proiektu kudeatu dira bulego honetatik.  Proiektu gehienak euskararen normalizazioarekin lotuta daude eta enpresetako euskara-planak dira, hala nola, Metro Bilbao, Euskaltel, Lantik, EHU… Gizon eta emakumeen arteko berdintasuna jorratzeko proiektuak ere baditugu eskuartean, horien artean dugu Getxoko Udaleko Berdintasun Plana…

Euskaldunen kopurua haziz doa etengabe. Egoera honen aurrean, zein metodo erabil­tzen dituzue zerbitzu eta produktuak euskaraz eskaintzeko?
Gure zerbitzuak eskaintzen ditugunean, zerbitzu hori euskaraz eskaintzen dugunaren marka geureganatuta dugu, eta horrek gure lanari balio erantsia ematen dio. Elhuyar Aholkularitzak euskararen normalizazioa du abiapuntu eta edozein proiektuetan, euskararen presentzia eta erabilera bermatzen du. Proiektu bakoitzaren ezaugarrien arabera, euskara eta gaztelania modu ezberdinetan kudeatzen ditugu, eta horrek proiektuan parte hartzen duten pertsonen hizkuntza-gaitasunarekin du harremana. Hala ere, lantaldeekin lan egiten dugunean, beraiekin adosten dugu euskarak eta gaztelaniak izan behar duten tratamendua. Gaia naturaltasunez lantzen dugu, eta garrantzitsuena da taldearekin batera adosten dugula hizkun­tzen gaia nola kudeatu. Gure aldetik ahalegintzen garena da: euskarak beti bere presentzia ­izatea.

Zer nolako harrera dute hizkuntza-jarrerak aktibatzeko pro­zesuek?
Harrera ona da, hizkuntza-erabileran eragiteko prozesu giltzarriak direlako. Euskararen ezagutza datuak gora doaz, eta erabilerarenak aldiz ez progresio berean. Erabilera sustatu eta areagotzean dugu lana, eta horretarako hizkuntza-jarrerak aktiba­tzeko prozesuak oso egokiak dira; hizkuntzarekiko dugun jarrerak hizkuntza-portaeran eragiten duelako, hau da, egiten dugun hizkuntza-hautuan. Prozesu horietan, norberak hizkuntzarekiko duen harremana aztertzen da eta norbere bizipenetatik ­abiatuta, taldea osatzen dugunon errealitateak ulertzera iristen gara eta hizkuntza-ohitura eta -jarrerak aldatzeko bideari ekiten zaio.

Bestalde, Udaletan euskararen erabilera normalizatzeko planak aurrera eramaten ditu Aholkularitzak.
Bai, horrela da. Bilbo inguruan batik bat enpresa-planekin gabiltzan arren, erakunde publikoko erabilera plan bat kudeatzen dihardugu, Mungialde Gizarte Zerbitzuen Partzuergokoa, hain zuzen ere. Aldiz, Bizkaia mailan arlo honetan hainbat udalekin gabiltza lanean: Elorrio, Bermeo, Zaldibar… Udalek zeregin garrantzitsua dute euskararen normalizazioaren aldeko lanean, bai udal barneko jardunean, bai herriko esparru ezberdinetan ere: merkataritza, hezkuntza, aisialdia, kirola, kultura, gazteak… bezalako esparruetan. Horre­ga­tik, euskararen udal-politikak definitzeko horrelako plangin­tzak ezinbestekoak dira.

Gainera, hizkuntzaren normalizazioa eta herritarren parte hartzea dira oinarri.
Bai; plan horien helburu nagusia euskara hizkuntzaren normalizazioa da, edota normalizaziora iristeko urratsak ematea. Uda­letako erabilera-planetan langileekin lan egiten dugu, eta udalerrietako planetan, batik bat, herritarrekin. Martxan ditugun prozesuetan, merkatariekin lan egin dugu, edota gazteekin, gurasoekin, elkarteetako partaideekin… Batzar batzuetan udaletako teknikariak eta zinego­tziek ­ere parte hartzen dute. Bestalde, bada kontuan hartzen dugun beste alderdi bat ere: genero ­ikuspegia. Planak kudea­tzen ditugunean, genero-irizpideak kon­tuan izaten ditugu.

Oztopoak oztopo, gizonen eta emakumeen arteko aukera-berdintasunaren alde egiten duzue. Zeintzuk dira bideak?
Aukera-berdintasunaz ulertzen duguna argitzea eta ulertzea da lehenbiziko urratsa. Hortik abiatuta, erakunde bakoitzari  bere ­egunerokotasunean aukera-berdintasuna nola kudeatzen duen aztertzea dagokio, eta diagnostikoa egin ondoren, gizon eta ­emakumeen arteko berdintasuna lortzeko neurriak diseinatu ­eta garatzea. Udalen kasuan, erakunde publikoak diren neurrian, beste ardura bat ere badute: aukera-berdintasuna sustatzeko politika publikoak garatzea eta gizartea gaiaren inguruan sentsibilizatzea, kontzientziatzea eta jabekuntza bideratzea. Gure lana erakunde horiei prozesu horietan laguntzea eta aholkularitza eskaintzea da.

Aholkularitzaren bereizgarri nagusienetako bat metodologia dela aipatzen duzue. Zer dela-eta?
Parte-hartzea eta eraldaketa oinarrian duen metodologiarekin lan egiten dugu. Metodologia honen atzean Reflect Ekintza ­ikuspegia dago, Paulo Freireren teorietan oinarritutatakoa. Az­tertu nahi dugun gaiarekiko jarrera kontzienteak eta positiboak lantzen ditugu eta prozesuetan beti taldeak sortzen ditugu, eta taldeak eta berau osatzen duten partaideak izaten dira prozesua egin eta elikatzen dutenak, norbanakoen nahiz taldearen bizipenak eta praktikak direlako abiapuntu. Eraikuntza kolektiboan oinarritutako ikasketa-prozesuak dira. Izan ere, parte-hartzea hitz egite soiletik haratago doa, prozesuan sortzen den guztia taldearen eraikuntza da. Edozein planen arrakasta, planean parte hartu behar dutenen pertsonetan eragitean datza, eta hasieratik gure erronka horixe izaten da: eragindako pertsonak planean inplikatzea, integratzea eta plana bere egitea. Horretarako teknika bereziak erabiltzen ditugu, partaideak gustura, eroso eta motibatuta sentitzea helburu dutenak: bakarkako hausnarketak, talde txikietan lan egin eta gero talde handian sozializatu, sormena eta adierazpena bilatzen da, kontaktu fisikoa, marrazkia…

Zein izan da Leioan egindako lorpen garrantzitsuena?
Balorazio sakonik egiteko besteko ibilbiderik ez dugula uste dugu, baina lorpenen artean kokatuko genuke, bezeroarengandik hurbilago izatea eta bezeroaren konfiantza lantzeko gertutasuna izatea. Gertutasun horrek zenbait proiektu ekarri dizkigu eta hori ona da guretzako.

 
publizitatea:

ALBISTE BULETINA

Geure buletinera harpidetu zaitez

hemeroteka

lanabesa artium

Banner