Joxean Egaña / Zuzendari Kudeatzailea
Etengabeko hobekuntzaren alde egiten du institutuak. Zein jarduera dauzkazue egun abian? IMH sortu zenetik pertsonak alor teknikoan prestatzeko xedez dihardugu lanean, bai pertsonen eta baita enpresen zerbitzura, gure sektore industrialaren eta gizartearen osagarri eta aurrerapenaren aberastasunean eragile izanik.
1991. urtetik gure jarduera pausoz-pauso egin dugu, gure inguruko kalitate sistemetan uztartuz, eta horren adierazgarri, lortu dugun Laneko Segurtasun eta Osasunerako OHSAS 18001:2007 azken ziurtagiria da. Egun Espainiako gobernuak lanean dihardu lanbide heziketaren figura berrian, erreferentzia zentroena alegia, eta IMH horietako bat izanik, proiektu berriak antolatzen ari gara, lidergotasuna, sare-lana, sustapena eta berrikuntza gidalerro ditugula.
Errealitate soziolinguistikoari begira, zein ekarpen egiten ditu IMHk? IMHk euskararen erabilera sustatzeko plana abiatu zuen, ikasleei zein langileei erantzuna emateko. Gure berehalako etorkizuna eleaniztasunean ikusten dugu eta ezinbestekoa da gure hizkuntza den euskara aintzat hartzea eta gaztelaniarekin eta atzerriko hizkuntzekin era egokian uztartzea, modu planifikatu eta koherentean, helburuak lortu ahal izateko. Bestalde, IMHren jarduera ikasleekin eta enpresekin zuzenean lan egitea da eta, beraz, gure burua kate-mailatzat dugu. Horrela, guregana iristen diren ikasle hiztun euskaldunen hizkuntza-katea bermatu behar dugu eta aldi berean etorkizunean katea eten ez dadin eragiten saiatu behar dugu. Azken horren adierazgarri da 30+10 mintegia da. Hizkuntza-kudeaketaren inguruan aurten egin dugun 5. honen bitartez, enpresei azaldu nahi diegu aukerarik badagoela eleaniztasunean lan egiteko, eta jardunbide onak, kasuak, tresnak eta erremintak euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta beharrezkoak diren hizkuntzatan erabil ditzakegula.
IMH sortu zenetik zeintzuk izan dira mugarri eta erronka nabarmenenak? IMHren sorreraren eta hasieraren bereizgarri izan zen izpiritu berritzaileari eusten diogu. LOGSE ezarri aurretik LHko moduluekin eta Goi eta Erdi Mailako zikloekin esperimentatu genuen. 20 urte hauetan berrikuntzaren bila ibili gara. Funtsean, betidanik bilatu izan dugu bereiztea, eta garaien arabera, erreferente izatea edo bikaintasun erakunde izatea. Egun pertsonen eta enpresen gaitasunen garapenerako Europako Fabrikazio Mekanikoaren erreferentzia zentro izateko ahaleginetan gabiltza. Enpresa txiki eta ertainek ekartzen dizkiguten arazo teknikoen ebazpenen haria hartzen ari gara. Trebeak gara konpetentzien eta profil profesionalen definizioan. IKTetan inbertsioak egin ditugu eta horrek aintzindari izateko aukera eman digu, sare korporatiboetan, on-line prestakuntzan, atari eta web aktibo eta sare-sozialetan parte-hartzearekin, IMH 2.0. izatera ahalbideratuz. Horrez gain, nazioartekotzen ikasi dugu eta AFMrekin dugun uztarketa bikainak Asian eta Latinoamerikan ezarpenak egiteko aukera eman digu.
Zer da nabarmentzekoa Asiarekin eta Latinoamerikarekin duzuen elkarlanean? IMHko Hezkuntzaren Berrikuntza eta Hedapen arloak helburutzat du diseinuan eta prestakuntza teknikoan aplikatutako praktika onak eta esperientziak transmititzea. Horretarako, elkarlan zuzena egiten du Makina Erremintaren Ekoizleen Elkartearekin (AFM) prestakuntza tekniko arloko ikastetxeak sortzeari dagokionean. Adibide esanguratsuak dira Asian eta Latinoamerikan burututako proiektuak: Malaysiako UniKL Malaysian Spanish Institutearen sorreran eragile zuzena izan zen IMH, eta bertan ikastetxe integrala osatu zuen epe luze eta motzeko adituen laguntzarekin. Tianjin-eko CSMC Institutuaren prestakuntza iraunkorra abiatzeko laguntza teknikoa eta pedagogikoa eman du IMHk hasieratik eta harremanetan jarraitzen du Txinako Institutu horri etorkizuneko erronkei aurre egiten laguntzeko. Bestalde, Latinoamerikan Venezuelan eta Mexikon bertako industriaren beharrei erantzuteko institutuak sortu eta martxan ipini zituen Aragua eta Guadalajaran eta Txilen hainbat urteetan lanean dihardugu, bertako lanbide heziketako ikastetxeetako zuzendari eta ardura postuetako gaitasunen garapenean eta hobekuntzan.
Ondare industriala berreskuratzeko zein ekimen daude martxan? Ondarea berreskuratzeko duela 12 urte sortu genuen Museoa eta ordutik hona Makina Erremintaren historia erakusten duten dokumentuen eta makinen eguneratze eta bilketa trinkoa egin dugu. Makina erremintari propio dedikatutako munduko bakarra da Elgoibarkoa, makinak erabat martxan dituena (beste bi dira munduan, Suitzan eta Italian). Museoa Elgoibarren dago, Gipuzkoako ingurune honrk aspaldiko tradizio industrial handia baitu. Espainiako makina erremintaren ekoizleen %30ak Elgoibarren du sorrera eta egun gehientsuenak Elgoibar eta inguruan daude. Museoaren helburu nagusia makina-erremintaren eremuarekin zerikusia duen ondarea berreskuratzea eta iraunaraztea da. Museoaren eraikinak XX. mendearen hasierako fabrika baten antza du eta hiru atal ditu: erdiko lantegi nagusia, mekanizazio eta erreminta metrologia gelarekin, alde bateko atala "Patxi Aldabaldetreku", erakusgelarekin eta ikus-entzunezko gunearekin eta eskuineko nabea, eskualdean ohikoak ziren errementariarekin. |