Ana Izaguirre / Basquetourreko Zuzendaria
Gaizka Eguzkiza
Krisiari izkin egin dio Euskadiko turismo sektoreak. Izan ere, aurten inoiz baino turista gehiago etorri dira gure herrira. Bitartean, Eusko Jaurlaritzak eta Estatuko Gobernuak turismoa sustatzeko hitzarmena sinatu dute lehen aldiz. Horrek eztabaida piztu du eta, besteak beste, horren inguruan egon gara hitz egiten Ana Izaguirre Basquetourreko zuzendariarekin.
Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak turismoa bultzatzeko hitzarmena sinatu dute aurten. Zergatik aurten? Eta zergatik piztu du horrek eztabaida? Turespañak eta biok elkarrekin lan eginez gero, geure jarduerek errentagarritasun handiagoa izango dute. Aurten Turespaña dugu lankide; erakunde horrek eskarmentu handia du: aditua da turismoa sustatzen, eta urteak eta urteak daramatza sektore horretan. Gainera, oso ibilbide arrakastatsua izan du. Hori onuragarria da Euskadirentzat: guk turismoa bultzatzeko egiten ditugun ahaleginei Turespañarenak egiten dituenak gaineratu behar zaizkie, hitzarmenari esker. Gure ustez, horrela hobeto aprobetxatzen dira baliabide publikoak. Eztabaida? Hori politika eta turismo-sustapena nahastu dituenari galdetu beharko zaio. Gure ustez, ahaleginak eta baliabideak batzen baditugu onuragarria da Euskadirentzat. Eta emaitzak ikusita, zuzen gabiltza.
Krisi bortitza egon arren, gero eta turista gehiago hurbiltzen da Euskadira. Zer dela-eta? Turismoari dagokionez, urterik onena da aurtengoa. Azken 13 hilabeteotan hazi baino ez dugu egin, eta 2010ean %12 igo da turisten kopurua, iazkoekin konparatuta. Egoera ona da, besteak beste, sektoreko eragileek izugarrizko ahalegina egin dutelako zerbitzuak hobetzeko eta goi-mailako produktua eskaintzeko. Krisia aipatu dut. Zelan bizi du sektoreak krisia? Estatistiken arabera, sektorea ez dago krisian. Eta egotekotan, beste inor baino hobeto dabil krisia gainditzen. Ahalegin handia egin behar izan du sektoreak mundu mailan dagoen egoerara egokitzeko eta prezioak jaitsi behar izan dira, baina lehiakortasunari eutsi egin zaio.
Zeintzuk dira gabeziak? Eta indarguneak? Legealdi honetan Marketing Plana onartu dugu eta oraindik hori garatu behar dugu. Turismoa beste ekoizpen-sektore bat izango balitz bezala hartu behar dugu. Gure ustez, Euskadiko Barne-Produktu Gordinean turismoak duen garrantzia igotzeko aukera dago datozen urteotan. Beste alde batetik, produktu berri batzuk lantzen gabiltza: Done Jakue Bidea, surfa, natura... Ez gara zerotik hasi: gure turismo-sektorea lehiakorrena da Estatu mailan, Excelturrek eta Deloittek egindako MoniTur ikerketaren arabera. Kalitateari dagokionez, ziurtagiria lortutako establezimendu gehien dutenetakoak gara. Beraz, zerbitzuaren bikaintasuna bermatzen dugu.
Eguraldi onak erakartzen ditu turistak, baina Euskal Herrian eguraldia ez da batere fidagarria. Zer egin ahal da erakargarriak izateko? Ezin dugu eguraldia aldatu. Dena dela, hondartza eta eguzkia soilik bilatzen ez duen turista egon badago. Horiek esperientzien bila etortzen zaizkigu eta esparru horretan oso erakargarria da Euskadi: gastronomia, enologia, negozioak... Gaur egungo beharrak ezberdinak dira: adibidez, Internetek izugarrizko aldaketa ekarri du bidaiak antolatzeko orduan.
1997an Guggenheim Bilbao Museoa ireki zuten, eta horrek izugarrizko bultzada eman zion euskal turismoari. Bukatu da museo horren eragina? Zer iruditzen zaizu Urdaibain egin nahi izan den beste museo hori? Guggenheim gure baliabiderik onenetarikoa da, baina, horretaz aparte, zorionez, beste eskaintza erakargarri batzuk ere baditugu. Urdaibain egin nahi den beste Guggenheim museo horri dagokionez, esan behar dut Eusko Jaurlaritzak beste apustu bat egin duela, eta eskualde horren garapena beste era batean bideratuko dugula.
Gurera etortzen diren turista batzuk kexatu egiten dira jaiegunetan dendak eta jantoki asko itxita daudelako. Egia al da? Ba al dago konponbiderik? Donostia bezalako hiri batzuetan negozioa egiteko aukera aspaldian ikusi zuten eta jaiegunetan dendak eta jantokiak irekita daude gehien bat. Ostalaritza-enpresariek ulertu behar dute aukera hori. Adibidez, Bilbon ez dira oraindik konturatu. Turistak asteburuetan etortzen bazaizkigu, zerbitzuak eskura izan beharko lituzkete: erosketak egiteko, bazkaltzeko... Hori izango litzateke logikoena. |