Carlos Ruiz Gonzalez / Kutxako Gizarte Alorraren eta Komunikazioaren Arduraduna
Euskararen biziberritzeak lan munduan egin duen ibilbidean aurrezki kutxak aitzindariak izan ziren aurreko hamarkadetan, eta hala dihardute oraindik ere. Gipuzkoa Donostia Kutxa, finantza etxeen panoraman, bereziki nabarmendu da azken urteetan, besteak beste, hizkuntza kudeaketan egindako lanarengatik. Lanabesa egunkariak, gakoak ezagutu asmoz, azken hamarkadan Kutxaren Hizkuntza Politikarako arduradun Carlos Ruiz elkarrizketatu du.
Zein da zure eginbeharra? Kutxako Hizkuntza Politikaren atzean ibilbide luzeko talde-lana dago. Joxe Austin Arrietak, itzulpenen eta testuen egokitasunaren arduradunak, 25 urtetik gorako ibilbidea egin du jardunean; 2006 eta 2010 urteen artean Mikel Irizarrek, hizkuntza kudeaketa lanak berrabiatu zituen eta berak utzitako lekuan orain Imanol Minerrek dihardu. Nire eginbeharra departamenduaren lana zuzentzea da, ekarpenak eginez, ikuspegiak kontrastatuz eta bidea erraztuz eraginkortasunez jardun dezagun.
Zenba denbora daramazu karguan? Gizarte Alorraren eta Komunikazioaren zuzendari 2008an izendatu ninduten arren, Hizkuntza Politikaren ardura aurreko hamarkadaren hasieran hartu nuen, Miramongo Trebakuntza Eskolaren arduradun izendatu nindutenean, 1998an. Geroztik nire ardurapean egon da Kutxan hizkuntza gaiak jorratu dituen lantaldea.
Zein izan da euskararen bilakaera Kutxaren barruan azken urte hauetan? Aldaketa nagusia, 2000. hamarkadan abiatu zen, Gipuzkoan jendeaurreko lanetarako kontratatutako langileak elebidunak izatea lehenetsi baikenuen, eta neurri honi esker gaur egun Gipuzkoako bulegoetan ia langile guztiek bi hizkuntzetan lan egin dezakete. Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratu ondoren, 2007an Ukan Saria eta 2008an zilarrezko Bikain Ziurtagiria eskuratu genituen eta ondorioz abiatutako hobekuntzei esker, bezeroarekin, berak hobetsitako hizkuntzan komunikatu ahal izateko eraldaketa prozesu batean murgilduta gaude orain. Bide beretik, Kutxako langileok euskaraz lan egiteko aukera errazten duten baliabide geroz eta gehiago ditugu eskura: intraneteko albisteak, teleprozesuak, helbidetegi telefonikoan elebidunak identifikatzeko aukera, bulegotika aplikazioak eta trebakuntzako berariazko ikastaroak, esate baterako. Euskararen kudeaketak bilakaera positiboa izan du azken urteetan, finantzen esparruan hizkuntza kudeaketari dagokionean, lidergo posizio batean kokatzeraino.
Zein da Kutxako langileen artean dagoen elebitasun maila? Geroz eta maila altuagoa dago, bai Gipuzkoan eta baita hedapenean ere. Kontuan izan behar da Kutxak mila langile inguru dituela Euskal Herritik kanpo, baina hala ere hamarretik zortzi eremu elebidunetan ari dira lanean, euskararen, katalaneraren eta galegoaren eremuetan hain zuzen ere. Gipuzkoan ere, jendartearen bataz bestekoaren dezente gainetik daukagu lankideon elebitasun maila.
Euskara bezalako gutxitutako hizkuntzek sustapen lana ezinbestekoa dute biziberrituko badira. Zer ari zarete egiten zehazki alderdi honetan? Kutxaren jatorrizko lurraldeko berezko hizkuntza gutxitua den arren, euskara sustatzea baino haratago, hizkuntzen kudeaketa eraginkor bat egitea da enpresa gisa dugun eginbeharra. Euskararen erabileraren normalizazioan urte luzez egindako lanak, gainerako hizkuntzen kudeaketarako ezagutza eman digu, eta beraz, Kutxa beste lurraldeetara hedatu denetik ez gara hizkuntza bakarraren sustapenean ari, sei hizkuntza baliatzen baititugu Kutxan egunerokoan -euskara, gaztelera, katalanera, galegoa, ingelesa eta frantsesa– eta horrek ezinbestean ikuspegia zabaltzea ekarri du, euskara-gaztelera dikotomia gaindituz.
Horrekin batera, gipuzkoar gizartean txertatutako zerbitzu enpresa garen aldetik, gizartetik edo bezeroengandik ez ezik, Kutxako langileengandik jasotako igurikapenei eta eskaerei ere arduraz erantzuteko ahaleginean dihardugu eta horretan jarraitzeko konpromiso sendoa dugu aurrera begira ere.
Kutxaren baitan edota beste erakundeekin elkarlanean, zein proiektu duzue abian euskararen biziberritzearen mesedetan? 2008an eskuratutako zilarrezko Bikain ziurtagirian abiatutako bidetik, txostenean jasotako hobetzekoekin dihardugu buru-belarri. Luze gabe urrezko ziurtagiria lortu nahi genuke. Era berean, aurrerantzean Kutxaren Gizarte Ekintza kudeatuko duen Kutxa Fundazioa bera ere hizkuntzaren kalitatezko kudeaketa klabeetan jartzeko urratsak abiatu ditugu.
Gainerakoan, Soziolinguistika Klusterraren zuzendaritzapean, Eralan 2 ikerketa programan parte hartu dugu, besteak beste Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta hainbat hizkuntza aholkularitza enpresarekin elkarlanean, lidergoaren eragina hizkuntza erabileran ardatz hartuta. Mintzola Fundazioarekin eta UZEI bezalako erakundeekin elkarlanean dihardugu, euskararen biziberritzerako estrategikoak diren egitasmoetan parte hartuz. |