hasieraenpresakeuskarairitziaelkarrizketakherrialdeakkulturguneagertakizunakfinantzakformakuntzaerreportajeak
“Donostiako Udaleko eguneroko lanean euskara lan-hizkuntza bihurtzen ari gara”
2012ko Otsaila

Isaac LoiolaNerea Txapartegi / Donostiako Udaleko Euskara eta Kultura Zinegotzia

Iragan urteko ekainaren 17an izendatu zuten Nerea Txapartegi Donostiako Udaleko Euskara eta Kultura Zinegotzi. Politikaria izateaz gain, lehen hezkuntzako irakaslea da eta euskara eta kultura mugimenduetan ibili da "bizitza osoan".

Imanol Carrillo


Zer nolako balantzea egiten duzu kargua hartu zenuenetik hona?
Euskarari dagokionez, asmo ba­tzuekin sartu gara, lau urteko legegintzaldi honetan euskarari lehentasuna eta euskararen normalkuntza bide horretan aurrera pausoak emateko asmotan, bai ­udalean eta baita hirian ere. Uste dut lan hori nabaritzen ari dela ­udal barruan, eguneroko lanean euskara lan-hizkuntza bihurtzen ari baikara. Nabarmena da hori hainbat batzordetan, lehen euskara erabiltzen ez zen batzordeetan, guk ahal egiten dugulako erabat euskaldun bihurtu dira. Gobernu batzordea, batzorde informatzaileak eta tarteka izaten diren talde ezberdinetako bilerak ere euskaraz egiten ditugu. Aurrera goazela baloratzen dut.

Euskal Herriko beste hiriburuetako udaletako euskararen ­ego­e­ra ezagutzen al duzue? Hala bada, euskara mailan zein ezberdintasun dago Donos­tia­koarekin alderatuta?
Datuek esaten dutenez, Euskal Herriko hiribururik euskaldunena, ezagutza aldetik, Donostia da; eta ausartuko nintzateke esatera, ziur aski erabilera aldetik ere hala dela. Ondoren, Autonomia Erki­de­goan, Bilbo Gasteiz baino hiri euskaldunagoa izango litzateke. Bestalde, denok ezagutzen dugu Iruñeko egoera. Nafarroak euskararen lege berezia duela-eta, zigortuago dago. Azkenik, Iparral­deko beste hiru hiriburuak izango genituzke. Beraz, esan dezakegu, Donostia dela Euskal Herriko hiribururik euskaldunena, eta horretan aurrera egin nahi dugu Donostiako euskararen normalkuntzan, Donostia euskararen hiria bihurtu nahi horretan.

Duela gutxi, urtarrilan hain ­zu­zen ere, Euskararen Udal Patro­natua udal egituran ­txertatu da. Zer da zehazki Euskararen Udal Patronatua?
Euskararen Udal Patronatua nolabait euskara eta euskal kultura suspertzeko eta euskararen normalkuntzaren bidean tresna bat ­izan behar du, bai udal barrura begira eta hiriari begira ere. Asmo horrekin sortu zen 1986an, eta ­orain Patronatua Udaleko Eus­kara Zuzendaritza bihurtu dugu, bide horretan eraginkorragoa ­izan dadin.

Zer dela-eta eman duzue pauso hau eta zein abantaila ditu?
Momentu honetan euskarak zuzendaritza propioa du, besteen ­status bera du. Kontuan hartu behar da patronatua izanda, bazuela bigarren mailako status bat. Orain, aldiz, udal barruko zuzendaritza bat gehiago da. Nolabait ­ekimenetan eta euskararen normalkuntzan jarduera-pausoa ­ema­terakoan, oraingo honetan Do­nos­tiako Udala izango da erreferentea, eta ez Euskara Patronatua.

Bestalde, pentsatzen dugu ­eragin­korragoa izango dela udaleko organigraman sartuta egotea. Kon­tuan hartuz euskarak duen ­izaera transbersala, euskararen normalkuntzan ez da jardungo bakarrik Euskara Zuzendaritza. Gainerako zuzendaritzek, udal po­litikan ari direnean, kontuan hartu behar dute euskara-hizpide hori ere. Hemendik aurrera, hiriaren eta ­udalaren euskararen normalkuntzaren ardura guztiona izango da. Azkenik, errazago ikusten delako. Udal organigrama barruko zuzendaritza bat izanda, eragitea udal barruan eta kanpoan ere.

Patronatua desegin eta zuzendaritza bihurtzerakoan, zein­tzuk izango dira langileen baldintzak?
Patronatuan zeuden langileak ­orain arteko baldintzetan pasa dira Udalera. Aldaketa txikiren bat eman da, patronatuak berak bere estatutuak dituelako eta Udalak beste arautegi bat izan dezakeelako. Baina, oinarrean, baldintza berberetan pasa dira udaletxera.

Zuzendaritzak hiru atal izango ditu. Zeintzuk dira atal horiek eta zein da euren funtzioa?
Euskara Zuzendaritzak, momentuz, bi atal ditu, nolabait normalkuntzari dagozkionak. Batetik, Udaleko hizkuntza normalkuntza atala dago, barruraka begira lan ­egingo duena. Honek bere administrazio bulegoa izango du. Bes­tetik, hiriko hizkuntza normalkuntza atala ere dago, hiriari ­erantzungo diona; eta honek ere bere administrazio bulegoa izango du. Hala ere, Euskara Zuzen­daritza honi itzulpen atala ere ­txer­tatuko zaio. Gaur egun, Do­nos­­tiako Udaleko itzultzaileak gizabaliabidez zuzendaritzaren barruan daude. Normalkuntzako bi atal hauek egonkortzen ditugunean txertatuko ditugu itzultzaileak, itzulpen atala osatuz.

Kulturarekin zerikusia duten jarduerei dagokienez, zertan ­ari zarete lanean momentu ­ho­netan?
Udalari dagokio Nazioarteko Jazzaldia antolatzea, antzerki mailan ere, hemendik gutxira, dFeria izango dugu... Badira kultura arloan eta diziplina ezberdinetan hainbat ziklo antolatzen direnak. Bestalde, Tabakaleraren proiektua martxan jarriko da. Egin dena da obra arkitektonikoa bereizi eta ­­­­ e­duki kulturala landu. Obra arkitektonikoa dagoeneko martxan da eta hor ari gara kultur eduki hori lantzen.

Oraindik ez dago ­ezer gauzatua. Aurrekoa hartu eta aztertzen gabiltza. Datorren hilean administrazio kontseilu bat ­izango dugu eta bertan Tabaka­leraren egitasmo horretan aurrera egiteko gauza batzuk argituko direla uste dut. Gogorarazi nahiko nuke aurten Victoria Eugenia antzokiak 100 urte betetzen dituela. Vic­toria Eugeniari keinu ­egingo dioten ekitaldiak egingo ditugu. Adibidez, haur danborradaren aurkezpena hor egin zen. Hau­rrei jakinarazi zitzaien duela ehun urte nola eraiki zen antzokia. Oroimen hori berreskuratu nahi izan da. Hala, urtean zehar, hainbat ekitaldietan behin eta berriz aipatuko da Victoria Euge­nia antzokia.

Ekitaldi horiek antolaturik al daude jada?
Poliki poliki antolatzen goaz. Donostian egiten ditugun ekitaldi guztiek Victoria Eugeniari keinu egin diezaioten saiatuko gara beti. Sorpresak izango dira, ez dut aurreratuko. Gauzak ospatu edo antolatu ahala, joango gara jakinarazten zein keinu egingo zaion Victoria Eugeniari. Bes­talde, guretzat San Telmo museoak garrantzia handia du, ­ireki berria delako, apirilean ireki zen. Irekiera guztiak izaten dira garrantzitsuak propaganda aldetik. Beraz, aipamena egin nahiko nioke San Telmo museoari.

 
publizitatea:

ALBISTE BULETINA

Geure buletinera harpidetu zaitez

hemeroteka

lanabesa artium

Banner