hasieraenpresakeuskarairitziaelkarrizketakherrialdeakkulturguneagertakizunakfinantzakformakuntzaerreportajeak
“Gure ezaugarri berezietako bat gure lan metodologia da”
2012ko Otsaila

Eneko Aldaba

Eneko Aldaba / Ikerchem

IkerChem 2006an sortu zen EHUko Kimika Organikoa sailean. Eneko Aldaba kimikan doktorea (Beasain, 1978) da eta enpresa sortu zenetik lanean ari da bertan. Gaur egun, Pro­iek­tuen zuzendaria da eta Lana­be­sa­ri azaldu dizkio euskal enpresaren nondik norakoak eta zein lan mota burutzen duen.

Ianire Renobales


Nola sortu zen Ikerchem?
IkerChem 2006. urtean sortu zen, Euskal Herriko Uniber­tsi­tateko Kimika Organikoa saileko zenbait ikertzaileren eskutik: Fer­nan­do Cossío eta Ana Arrieta ­irakas­leak eta beraien taldean doktore-tesia egindako ikertzaile batzuk hain zuzen ere. Unibertsitateko ­ikerkuntza-taldean, hainbat enpresa bioteknologikorekin elkarlanean, aktibitate biologikoa zuten konposatuak aurkitu eta patentatu genituen, gero enpresa hauek patenteetatik abiatuz bere produktuak garatzen zituztelarik. Gure doktoretza-ikasketak bukatzen gindoazen heinean, guk ­ere geure enpresa sor genezakeela pentsatu genuen, molekula berriak diseinatu eta sintetizatzeaz gain, produktuen garapena ere geure gain hartuz. 2005. urtearen erdi-aldera, Bic Gipuzkoa Berri­lanen lagun­tzaz, merkatua azter­tzen hasi ginen, eta azterketa honen ondorioz ikusi genuen bazegoela merkatuan guk proposatutako aktibitatearen beharra. On­doren, enpresa-plana eta bideragarritasun-azterketa egin genituen, eta proiektuak eskaintzen zituen aukerak eta beharrak zehaztu ondoren, IkerChem enpresa moduan eratu zen 2006ko maiatzean.

Zeintzuk dira bere eginkizun nagusienak?
Gure eginkizun nagusia onkologiaren arloan sendagai berriak aurkitu eta garatzea da. Minbi­zia­ren tratamenturako dauden hurbilketen artean, epigenetika izeneko arloan lan egiten dugu. Arlo honek garapen ikusgarria izan du azken 10 urteetan, eta kimioterapia konbentzionalek baino toxizitate txikiagoa duten konposatuak lortzeko aukera eskaintzen du. IkerChem-eko ikerlariak formakuntzaz kimikariak, biokimikoak eta farmazeutikoak gara.

Enpresa gaztea da, baina ibil­bide horretan baduzue zer esan. Iaz ekintzailetzarekin lotutako saria ere eskuratu zenuten.
IkerChem-ek urte hauetan egindako ahalegina eta ibilbidea, jasotako sarietan islatzen da. 2005ean Manuel Laborde Werlinden le­hia­ketaren 1. saria jaso genuen, unibertsitate-ingurunetik sortutako enpresa-ideia berriei zuzendurikoa. 2006an Toribio Eche­ve­rría lehiaketaren enpresa-ideien 1. saria eta sari teknologikoa jaso genituen. Azkenik, 2010eko ma­iatzean Emprendedor XXI lehiaketaren 1. saria irabazi genuen. Lehiaketa hau la Caixa-k antolatua da, eta hazkunde-ahalmen handia duten enpresa gazte eta berritzaileak saritzen ditu. Lortu­tako sariek bultzada ematen digute aurrera jarraitzeko, eta gainera gure lana ezagutzera ematen laguntzen digute.

Molekulen ikerketa da enpre­saren zutabeetako bat. Zein lan burutzen dituzue laborategi barruan?
Gure ezaugarri berezietako bat gure lan-metodologia da, enpresa farmazeutiko handiek erabiltzen duten hurbilketarekiko ezberdina dena. Multinazionalek konposatu-bilduma handiak hartu eta saiaketa masiboak egiten dituzte, tratatu nahi duten gaixotasunaren aurkako aktibitate biologikoa duten molekulak aurkitu arte. Gure hurbilketa, berriz, diseinu razionalean oinarritutako bilaketa zuzenduagoa egitean datza, metodo konputazionalak erabiliz. Modu honetan lan eginez, baliabideak optimizatzea lortzen dugu, eta aldi berean, egitura kimiko berritzaileagoak sartzeko aukera daukagu.

Horretarako, lehenik gaixotasunaren jatorria aztertzen dugu, zehazki bere zereginetan akatsak dituzten proteinak aztertuz. Ordenagailuez baliatuz, proteina hauen egituraren eredu tridimentsionalak sortzen ditugu, eta eredu hauetan oinarrituz, proteinen aktibitatea geldiarazteko gai diren konposatuak diseinatzen ditugu. Jarraian, ordenagailuz diseinaturiko konposatu horiek laborategian sintetizatzen ditugu kopuru txikietan, kimika organikoan erabili ohi diren teknikez baliatuz. Behin konposatuak lortu ondoren, bere aktibitate biologikoaren neurketa kanpoko laborategi batean egiten da. Lehen belaunaldi honetako konposatuak aktiboak badira, aurrera jarraitzen dugu bere garapen preklinikoarekin. Aldiz, behar adinako aktibitaterik ez badute, bere egituraren diseinua berrikusten eta berregiten dugu, konposatuei aldaketak sartuz belaunaldi berri bat sortzeko. Behin konposatu aktiboenak lortutakoan patentatu egiten ditugu. Lortutako konposatu aktiboenekin froga preklinikoak hasten ditugu. Froga hauen bidez, gure konposatuak animalietan seguruak eta eraginkorrak direla egiaztatzen da, ondoren gizakietan probatu ahal izateko. Fase preklinikoak gainditzen dituzten konposatuak gizakien fase klinikoetan (I., II. eta III. faseak deituriko saio klinikoak) sartzen dira.

Eta nola gizarteratzen duzue zuen lana?
Batetik, lortutako aurrerapen zi­en­tifikoak kongresuetan eta ferietan ezagutzera ematen ditugu, eta baita gure web orriaren bitartez ere. Bestalde, gure lana kaleko jendearengana helaraztea zailagoa da, gaia konplikatu samarra ­izateaz gain gure bezeroa ez baita zuzenean gaisoa, baizik eta enpresa farmazeutiko handiak. Horregatik, hedabideetan egindako elkarrizketak dira batipat gure lana gizarteratzeko modu nagusia, eta lortutako sariek ere gure izena ezaguterazten laguntzen digute.

Emaitza arrakastatsurik izan al duzue orain arte?
Orain arte burututako ikerkun­tza-lanari esker, IkerChemek onkologiaren arloan garatu daitezkeen 4 patente erregistratu ditu. Gainera, gure 2 molekulekin fase preklinikoetan aurrerapausoak ­ematen ari gara, oraingoz oso ­emaitza itxaropentsuak lortu ditugularik. Konposatu hauetako bat gibeleko minbiziaren aurka zuzendua dago, eta saguekin eginiko esperimentuetan emaitza ­onak izateaz gain, gaur egungo kimioterapia konbentzionalek baino askoz toxizitate baxuagoa du. Garatzen ari garen beste konposatua pankreako minbiziaren aurkakoa da, eta saguekin egindako esperimentuetan emaitza ­ikusgarriak lortu ditugu. Beraz, konposatu hauekin epe ertainean fase klinikoak hasteko baimenak lortzea espero dugu. Konposatu-familia berriak ere ari gara gara­tzen, aurreko konposatuek arazorik agertuz gero proiektuak jarraipena izan dezan. Konposatu hauek garapen-fase goiztiarragoetan aurkitzen dira.

Bioteknologiarekin lan egiten duzuela esan daiteke. Erraza al da euskal enpresa batentzat mun­du horretan sartzea?
IkerChem-en moduko enpresa bioteknologiko berrien sorreran, zailtasunetariko bat hasierako ­ekipamendu eta instalazioetan ­egin beharreko inbertsio handia izan ohi da (laborategiak, tresneria, ...). Gure kasuan, ondorengo erakundeen babesa eta laguntza ekonomikoa oso lagungarri izan dira: Euskal Herriko Uniber­tsi­ta­tea, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Espainiako Go­­­bernua eta Europar Batasuna. Honetaz gain, sendagai bat merkatura iristeko oso baldintza zorrotzak bete behar dira bere eraginari eta segurtasunari dagokionean. Sendagai bat merkatura ­iritsi dadin bataz beste 10-14 urte bitartean behar izaten dira, fase klinikoak gainditu eta merkaturatzeko beharrezkoak diren baimenak eskuratzeko.

Batetik gure enpresaren tamaina, eta bestetik saio klinikoen prezio altua kontutan izanik, gaur egun ezinezkoa zaigu gure produktua merkaturaino geuk eramatea. Horregatik, gure enpresaren estrategia komertziala multinazional farmazeutikoei gure produktuetako bat lizentziatzean datza. Enpresa farmazeutiko handiek molekula berrien lizentziak enpresa txikiei ­erosita, hasierako faseetan diber­tsifikazio handiagoa lor dezakete kostu erantsi handiegirik gabe, ­eta molekula hoien garapena eta kudeaketa aurrera eramateko gaitasuna dute.

Etorkizunari begira, zein hel­bu­ru ditu Ikerchem-ek?
Epe laburrera, gure helburu nagusia fase preklinikoetan dauzkagun konposatuekin fase klinikoak hasteko baimenak lortzea da (hau da, gizakietan lehenengo frogak hasi ahal izatea). Epe ertainera, konposatu hauek enpresa farmazeutiko handiago bati lizenziatzeko asmoa daukagu. Eta epe luzera, minbiziaz gain beste arlo terapeutiko batzuetara hedatzeko asmoa dugu, hala nola, gaixotasun neurodegeneratiboetara.

 
publizitatea:

ALBISTE BULETINA

Geure buletinera harpidetu zaitez

hemeroteka

lanabesa artium

Banner