|
Mikel Lezamiz / Mondragon-eko Euskara Koordinatzailea.
Mondragon 1956an jaio zen Arrasaten (Gipuzkoa). Mugimendu kooperatiboaren fruitu izan zen sorreran, eta geroztik, euskara izan du bide lagun.
Kooperatiba sortu zenetik, zein harreman izan du Mondragon Taldeak euskararekin? Mondragon taldea Euskal Herrian sustraitutako errealitate sozioenpresariala da eta sorreratik hartu izan zuen aintzat euskara. Egun Mondragon Korporazioa bilakatu denaren lehen Kongresuan finkatutako printzipioen artean gizarte eraldaketa jaso zen eta horretarako heltzeko, besteak beste, euskararen aipamen zehatza: Euskara, hizkuntza nazionala den aldetik, eta euskal kulturaren bereizgarriak suspertzen laguntzea. Horri helduz zenbait ekimen garatu izan dira euskararen erabilera sustatze aldera.
Ibilbide horretan zenbait mugarri izan dira. Adibidez, esan dezakegu, Mondragon 1998an hasi zela bere hizkuntza politika esplizitatzen, orduan onartu baitzituen Batzorde Iraunkorrak “Euskararen Erabilera Normalizatzeko Neurriak”. Urte berean, Kontseiluak abian jarritako Bai Euskarari prozesuan ere parte hartu zuen MCCk. Halere, esan behar da ordurako taldeko kide den Ikerlan kooperatibak, garai hartako plangintza pilotuetako aitzindarietariko bat izanik, abian zuela euskara plana.
Beste mugarri garrantzitsu bat 2000. urtean izan zen, Korporazioko Euskara Batzordea eratu eta euskararen presentzia aldatzera zuzendutako ekintza politiko-instituzionala abiatu baitzen. Euskara Batzordeaz gain bere gidaritzapean diharduen Euskararen Mahai Teknikoa arduratzen da euskararen plan estrategiko korporatiboa eta urteroko gestio plana kudeatzen, betiere Mondragonen Batzorde Iraunkorraren babesean eta Emun kooperatibaren aholkularitza teknikoaren laguntzaz.
Hizkuntzak duen garrantzia oinarri hartuta, egun zer egiten du Mondragonek enpresak euskalduntzen laguntzeko? Mondragonek talde gisa norabidea jarria du: 2006an onartu ziren Euskara Normalizatzeko Oinarriak. Euskararen erabileraren mesedetan bide komun batean enpresa kide guztiek aurrera egite aldera, Korporazioak definitu zituen jarraibide orokorrak dira Oinarriak. Oinarrien helburu nagusiak hauxe dio: Bazkide eta langileak oinarri hartuta, horiek eta bezero, kontsumitzaile, hornitzaile, erakunde eta gizarteak oro har euskararen aukera bermatua izatea.
Era berean, arian-arian, Mondragonetik kooperatibetan lan hizkuntza euskara izatea bultzatuko dugu, betiere kooperatibaren izaera, euskarak kooperatiban bertan duen presentzia eta inguru soziolinguistikoa kontuan hartuz. Eta helburu horretara iristeko lau politika dauzka zehaztuta: Formazio Politika, Kontratazio eta promozio politika, irudi, harreman eta komunikazio politika, eta hazkunde politika. Halaber, politika bakoitza hainbat puntutan xehatzen da; hala nola: euskara ikasteko aukera lankide guztiei bermatzea; lanpostuen euskara eskakizunak definitzea, langile berriak hartzerakoan euskararen ezagutza kontuan hartzea; irudian zein komunikazioan euskarak lehentasunezko lekua izatea, hizkuntz aukera bermatzea eta euskara hutsezko komunikazioa ahalbidetzea.
Bestalde, euskararen normalizazio politika aplikatuz, euskara planak zabalduz eta koordinazio sistemak indartuz, Korporazioan euskararen erabilera bermatzea eta areagotzea misiotzat duen euskararen plan estrategiko korporatiboaren kudeaketaz lehen aipatutako organo biek arduratzen dira eta zenbait ekintza garatzen dituzte komunikazio eta sustapenaren alorrean. Horrela, bada, aurten, adibidez, Korporazioak ziklo berrirako definitu duen Politika Sozioenpresarialaren jarraibideen artean Hizkuntz normalizioa bultzatzea jaso da.
Berritasunak daude aurten. MU Unibertsitatearekin batera, euskarazko Karrera Amaierako Proiektu onenaren saria abiatu du aurten Mondragonek. Ekimen honen helburua da MUko ikasleak korporazioko enpresetan gero eta karrera bukaerako proiektu gehiago euskaraz egitera bultzatzea. Aurtengoa lehen edizioa izan da eta 2.000 euroko saria eman berri du abenduan. Sariak urteroko maiztasuna izango du. Halaber, aipatu behar da euskara planentzat ere fondo korporatiboko laguntza izaten dela. Egun, Mondragon Taldean 63 enpresa ari dira euskara plana garatzen.
Alde nabarmena antzematen duzue enpresa batzuen eta besteen artean? Jakina, egoera soziolinguistikoak ere ezberdinak diren moduan, erabilerari dagokionez, enpresa batetik bestera aldea antzematen da. Hain zuzen ere, lehen aipatutako Oinarriek horregatik dute gehiago jarraibidetik arau izaeratik baino. Euskara plana duten kooperatibek Normalizazio oinarrien gainean autoebaluazioa egiten dute. Bi urtean behin egitea eskatzen diegu.
Azken ebaluazioa 2010ean izan zen. Orduan jasotako emaitzen arabera, kooperatiben % 4k oraindik ez dute lortu euskararen aukera bermatua izatea eta horretan ari dira; %82k euskararen aukera ezarrita dutela diote eta % 14k euskaraz lan egiteko aukera bermatzeaz gain, euskara erabiltzea bultzatzen dute. Halere, Oinarrien politiken betetze mailaren batez besteko orokorra %61 suertatu da. |