|

Miren Josune Ariztondo / Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Foru Diputatua.
Miren Josune Ariztondo Akarregi (Ondarroa, 1948) 2008ko urtarrilaz geroztik da BFAko kulturako diputatua. Lanabesarekin aritu da 2012ra begira, Bizkaian dagoen kultura ekimenen gainean hitz egiteko.
Ianire Renobales
Aldundiak gazteen, hizkuntzaren eta herritarren tratamenduan ipini ditu begiak, bereziki. Urtea bukatzear dela, kultura sustatzeko zein formakuntza ekimen ipiniko dira Bizkaian martxan? Programa ugari daude. Adibidez, iaz hasi ginen ekimen batekin eta aurten egokitu egin dugu. Euskal Herriko Idazleen Elkartearekin, nahiz eta guk Bizkaiko atalarekin egiten dugun lan zuzena, lotu dugu programa bat. Horren arabera, Bizkaiko idazle ezagunak joango dira Bizkaitik eskatzen duten eskola eta ikastola zentro guztietara. Arrakasta handia duen ekimena da eta aurten moldaketa egin dugu, eskatu ahala etorri baita; herri batzuetan, XIX. edo XX. mendeko eta oraingo idazle batzuen obrak aztergai izango dira gaurko idazle baten eskutik.
“Euskal kulturaren eta euskararen transmisioan asko daukagu oraindik egiteko”
--------------
“Gu ekintzaileak gara, gizartean iniziatiba bat dago eta horri ezin diogu hiltzen utzi eta ekintzak bultzatu behar ditugu” |
Literatura gertutik ezagutzeko aukera luzatuko du. Halaxe da, ikasleekin liburuen azterketak eta konparaketak egiteko abagunea izango da. Esate baterako, Ondarroara joaten bada Ana Urkiza, bere lan bat eta Txomin Agirreren beste lan bat eraman dezake. Asmoa izandako literaturaren historiatxoa berreskuratzea da. Izan ere, egungo idazleek aztertu egin dituzte gure klasikoak; ostera, gaurko ikasle bati oso zail gerta dakioke lehenengo lan bat zuzenean irakurtzea, baina horrek ez du esan nahi ez duela interesik, badute interesa. Hala, gaurko idazle batek kontatuta, hizkuntza errazagoa izango da eta parrafo batzuk konparatzeko, lantzeko, antzezteko... aukera izango dute.
Idazteko zaletasuna bultzatzeko ekimenak ere badaude. Beste programa bat, indartzen hasia zegoena eta beste buelta eder bat eman dioguna, Bizkaidatz da; literatura sariketa da eta duela hiru urte hasi genuen. Liburuaren Nazioarteko Egunaren eta Liburutegien Nazioarteko Egunaren arteko hilabete horiek ematen genituen. Inori inolako konpetentzia egin barik, uste bait genuen hortxe nitxo bat zegoela, ikasle, irakasle eta zaletasuna duten gazteak eta hain gazteak ez direnak idazten animatzeko ekimena da.
Hauxe da egiten duguna: idazle kontsagratu batek hasten du kontaketa bat eta zabalik uzten du. Sariketa da historioari jarraipena ematea eta amaitzea, euskeraz edo gaztelaniaz. Aurten egin duguna da, hiru hilabeteko epea hartu beharrean, bederatzikoa hartzea eta gainera, sariak diruz hornitzen hasiko gara eta argitalpenerako eskubideak izango dira; hala, beste pisu edo garrantzia bat hartuko du lehiaketak. Idazleek beraiek esaten digute eurentzako esperientzia nabarmena izaten dela ikustea nola heltzen dioten beraiek hasitako kontaketari.
Eta nazioartera begira, zein beste ekimen ipini dira martxan? Adibide bat emateko, beste berrikuntza bat nazioarteko kantu lehiaketarena izango da. 80ko hamarkadan sortu zen eta nazioartean daukagu inskribituta gure kantu lirikoaren txapelketa; horri beste buelta bat eman diogu, beste modu batean antolatzen ari gara eta berriztatu egingo dugu. Beraz, badira bai gauza batzuk eguneratzen eta moldatzen gabiltzanak. Bestetik, teknologia berriak eta gizartearen partizipazioa ezinbestekotzat hartu dugu gure arlo guztietan.
Nora bideratuko dira ekintzak? Gure sailak lau arlo ditu eskura: kultura, kirola, gazteria eta euskara; niretzat laurak dira kultura zentzu zabalenean hartuta. Kulturak esan nahi izango luke gure ohitura, memoria, ondare eta etorkizunera begirako gure bizimodu eta egiteko modua jasotzen dituzten elementu guztiak. Kulturgintza zehaztuta, guk hiru atal handi ditugu: hondare kulturala, hor ditugu artxiboak eta museoak. Urtebete sortu genuen arau bidez BizkaiKOA. Erakunde honek BFAren museo eta interpretazio zentroak direnak kudeatzeko sortu genuen; eta aldi berean, guk diruz laguntzen ditugulako edo parte garelako, Bizkaiko beste gainontzeko zentro artistiko, museo etabarren aurrean erreferentzia izateko: erakusketak bideratzeko... itinerazio egokia eginda, ondare kultura erabiliko dugu.
Bilboko Orkestra Sinfonikoak datorren urtean 90 urte beteko ditu eta horrek ere ekarriko ditu bere ondorioak. Esan dut kultura ere memoria badela, Bizkaian 33 herritan bondardaketak egin ziren eta horien 75. urteurrena betetzen da. Gerra osteko diktadura luzeak gertatukoa mugatu eta isildu egin du hainbeste urtetan, eta gure asmoa da, horretarako elkarlanean gabiltzala, memoria historikoa berreskuratzea.
Baina berreskuratu behar dugu lortzeko modu zehatz batean, gazteenek euren memorian txertatu dezaten sekula horrelakorik berriz gertatu behar ez dela. Gertatutakoen lekukotza jasotzetik uste dugu hoberen egiten dela. Horrexegatik hiru belaunaldiak batzen dituen ikus-entzunezko ekoizpen partizipatibo bat egiten gabiltza 33 herri horietan zehar eta udaberrian aurkeztuko dugu. Ehundaka pertsonek parte hartu duten dokumental bat sortu dugu; baina, horrez gain, ikus-entzunezko ekoizpenak ere hor ditugu. Bigarren fase batean gabiltza, hori amaitzen.
Horiez gain, abuztuaren 12an ehundaka pertsona ito ziren Bermeon eta hor ere jarduten ari gara ekartzeko gogora. Nire etxean beti entzun izan dut ehundaka kontatzen zirela eta ehundaka umezurtz gelditu zirela. Denak ito ziren jendearen bistan. Ehun urte betetzen dira.
Bestetik, Lauaxeta hil zela 75 urte dira eta Lauaxeta guretzako oso ikur kultural eta literario garrantzitsua da.
Beste alde batetik, gure lehentasunetan daukagu gizartegintzari eta kulturgintzari eusteko ondo babestu behar dugula gizarte-ekimena. Nik benetan sinesten dut horretan eta lehentasuna dauka gure aurrekontuetan, urritasuna-urritasun izan arren. Horrexegatik iaz hasi ginen esperientzia lan taldeekin eta sektoretako jendearekin lan egiten, batzarrak egin genituen eta gure diru-laguntza dekretuak aldatu eta moldatu genituen.
Kultura gizartean ezinbestekoa da. Urte eskasak datozenean inportantea da jardutea gizarte-ekimenari eusten, hori baita euskaldunok EAEn daukagun kultura bat. Gu ekintzaileak gara, gizartean iniziatiba bat dago eta horri ezin diogu hiltzen utzi eta ekintzak bultzatu behar ditugu. Asmo hori zaintzeko ahaleginetan gabiltza.
Diru-eskasia dagoenean, diruak eta baliabideek hartzen dute askoz maila lehentasunezkoagoa eta ordaintzea bezain garrantzitsua da beti, baina eskasia dagoenean gehiago, sasoiz ordaintzea. Hori dela-eta, guk esate baterako, euskararen alorrean, diru-laguntzetan 4,5 milioi ematen ditugu. Diru laguntza guzti horien dekretuak onartuta daude aurrekontuak baino lehenago kreditua onartzea lortu dugulako.
Horrek zer esan nahi du? Administrazioa garantista izan behar dela, hala eta guztiz ere, lau edo bost hilabete behar izaten dira eskaintza publikoa egiteko, proposamenak aurkezteko epea emateko, batzeko, aukeratzeko, diru-laguntza agintzeko... guk onartu ditugu aurrekontuen kredituaren kontra datorren urteko deialdien dekretuak euskararen alorrean; later joango dira kulturaren eta kirolaren alorrekoak ere. Lan guzti hori aurreratzen gure teknikariek oso lan inportatea egin dute, sasoiz ailegatzeko herritarrengana eta sasoiz jakin dezaten zer edukiko duten urteariaurre egiteko.
Zer esan daiteke Kulturen Aldeko Herritartasun Kontratuari buruz? Gauza handirik ez; ez dago ezer berririk urte bi eta gero, gogoetak jarraitzen du norabidea izaten. Konjugatzen diren aditzak dira: “gogoeta egin”, “analisia egin”, “azterketa egin”, “kontrastea egin”, “eztabaida egin”... guk uste dugu urte bi eta gero eta gauden egoeran egonda eta kultura sektoreak dituen urgentziak edukita, ekintzetara pasatuta aspaldi egon behar genuela. Nire ustez, errespetu guztiz, bide okerra hautatu da.
Marko teoriko berri bat jartzea ondo dago pentsatuta eta legitimidade osoa dago horretarako, baina asmoa bada denok hor parte hartzea ez dut nik uste irtenbide dagoenik alde teorikoan eta gainera, ez dut uste hori denik lehentasuna, bakoitzak bere pentsamendua dauka kulturari buruz; hala ere, kulturgintzan badaude hainbat eta hainbat programa elkarlanerako aukera ematen dutenak eta horretara oraindik ez dira iritsi, eta Ekuadorea aspaldi pasata dauka Gobernu honek.
Beraz, azkeneko osokoan kulturgile batek leialtasun eta zintzotasun osoz esaten zuen moduan, guri eskatzen digute, esaten zuen berak, gogoeta egitea, gogoeta egiten dugu gure ustez gogoetak arloa bere osotasunean aztertzeko hamar puntuetara etorri behar bada, behartzea gu orain hiru aukeratzea, guk ez ditugu hiru aukeratu nahi.
Guk uste dugu aukera guztiak egin eta gero, hamar gelditzen direla. Eztabaida horiek aspaldi egin ziren eta ez du merezi horren gainean bueltaka ibiltzea. Sektoreak oso ondo daki zer nahi duen epe laburrera, epe erdira eta epe luzera. Kontraste horiek askoz errezago egiten dira gorpuzdun programak daudenean. Hala ere, azken batean, hori Gobernuaren erantzukizuna da.
Durangoko Azoka bezalako ekimenek zein garrantzia hartzen dute, zure ustez, kultura eta euskararen transmisioan? Euskal kulturaren eta euskararen transmisioan asko daukagu oraindik egiteko. Ez gabiltza egoera normalizatuan; orduan, hori horrela izanda eta gure zutabe nagusia izanda herritarren borondatean oinarritzea hizkuntzaren normalizazioaren bidean joateko, horrelako ekimenak dira, batetik, topagune eta, bestetik, norbera egoera gutxituan dagoenean, ikustea beste batzuk ere badaudela eta ez zaudela bakarrik. Hori aspalditik gaindituta daukagula uste dut.
Komunikabideak, prentsa... urrats asko eman ditugu, baina aurreko urteetan egindako ekarpenak oso garrantzitsuak izan dira. Euskaldunok euskaldun topatzea, alegia. Durangoko Azoka bezalako esperientziek urteetan balio izan dute elkar euskaldun garela ezagutzeko ere. Nik uste dut gauza guztiak bezalaxe, Durangoko Azoka ere bere kabuz ari dela gogoeta egiten. XXI. mendean sartuta gaude jada, zuzendaritza-taldean aldaketa nabarmenak egin dira eta gogoeta estrategiko batean murgilduta daude, beraz, nik txalotzen dut edozein erakunde gogoeta egitera doana, aurrera begira. Seguru nago orain arte asmatu duten bazalaxe, orain ere Durangoko Azokak asmatzen jarraituko duela. Egiten, aztertzen eta aurrera begiratzen duenak asmatuko du seguru.
Lanabesak merkatuan zegoen hutsunea bete du, baina komunikabideek hizkuntzari ematen dioten tratamenduari dagokionez, zer dago hobetzeko? Oso-oso garrantzitsua da euskaraz hitz egitea, ez euskararen gainean, baizik eta bizitzako egunerokotasunak dakartzan arlo guztien gainean. Eta salto hori oraindik gure txoko askotan emateko dago. Konturatzen bagara, bai politikagintzan eta bai gizartean, orohar, euskaduna denak euskaraz egiten du euskarari buruz hitz egiteko eta zer gertatzen da? Azkenean geu garela beti geure burua elikatzen dugunok.
Euskararen egoeraz hitz egiteko egiten dugu euskaraz eta nik aldrebes egiteko ahalegina egiten dut. Nik euskararen egoera nola dagoen herritarrengana helarazi nahi badut eta nire jarduna herritarren borondatean oinarritu nahi badut, ez dakienari kendu behar diot beldurra, beldurra badauka. Lanabesa bezalako argitalpenak oso garrantzitsuak dira eta gehiago egon beharko lirateke idatziz eta ahozko gure hizkuntza paisaian. Nire ustez, beharrezkoa da euskararen gainean gaztelaniaz aritzea eta bestelakoen gainean euskaraz ere egitea. Horixe da emateko daukagun salto nabarmenetarikoa. Normaltasuna horixe da, bizitzaren edozein alorrean euskara normaltasunez jorratzea.
Elebidunak diren aldizkarietan ikusten da, adibidez, beti euskarari edo literaturari buruzko gaiak euskara hizkuntzan argitaratzen dira; ez dut esan nahi hori txarto dagoenik, baina nik nahiago nuke euskaraz ere beste gai batzuk lantzea. Herritarrari ematen baldin bazaio euskaraz euskarazko liburuen gaineko informazioa, euskaraz irakurriko dugu liburua eta haren gaineko informazioa. Baina erdaldun batek ez du jakingo euskaldun literaturan zer tratatzen den beste batek kontatuta; eta kasualidadea izango da literatura ingelesean zen egiten den, astekari literarioak irakurtzen dituztenek badakite nahiz eta obra ingelesez egon. Ostera, euskaraz argitaratuta dagoena nola kritika literarioak euskaraz egiten diren, herritarrak sekula ez daki euskal literatura zertaz doan euskaraz ez baldin badaki. Kontresan horretan bizi gara eta oso beharrezkoak ikusten ditut mota honetako argitalpenak. |