|
Juan Ugarte / SEA-ko idazkari orokorra.
SEA Empresarios Alaveses-ek mila enpresa arabar baino gehiago batzen ditu. Formakuntza, berrikuntzak edo lehiakortasunaren garapena ditu helburu, besteak beste.
Etorkizuna asmatzen zaila den arren, Juan Ugarte Aguirrezabal (Gasteiz, 1967) SEA Empresarios Alaveses-eko idazkari nagusiak dioenez, oraindik urte latzak igaro beharko dira. Zergen inguruko eztabaida ahal den eta azkarren egitea proposatzen du eta instituzioak enpresek merezi duten bezain ondo zaindu ez dituztela iradokitzen du.
Lehiakortasuna eta berrikuntzetara seinalatzen du krisialditik ateratzeko bideak bezala. SEA Empresarios alaveses, mila enpresa arabar baino gehiago batzen dituen irabazi asmorik gabeko enpresa erakundea da. 1978an sortu da eta, gaur egun, Arabako enpresarien ahotsa da bai CONFEBASKen (Euskadiko enpresa erakundeen konfederazioa) eta baita CEOEn (Espainiako enpresa erakundeen federazioa). Formakuntza, berrikuntzak eta lehiakortasunaren garapena dauka xedeen artean. Gainera, lan itunen negoziazioetan enpresen babesa bermatzen du.
| “Ez daukagu bola magikorik, baina argi dagoena da oraindik, aurretik, urte latz batzuk ditugula” |
Zer nolako neurriak hartu beharko lirateke enpresek krisia gainditu dezaten? Produkzio zentroen eta, nola ez, lanpostuen iraunkortasuna bermatzen dituzten neurriak. Ildo honetan, gaur egun arte egin diren erreforma kez dira nahiko izan. Etorkizunari eta epe luzera begira dauden aldaketak egin behar dira, lehenbailehen. Helburu nagusia gure enpresen lehiakortasuna hobetzea da eta horretarako, aukera ematen diguten formulak aurkitu behar dira.
Egoera ekonomikoa dela eta, sindikatu batzuk ohartarazi dute zenbait enpresa merkeago den beste herrialde batera joateko neurriak hartu ditzaketela. Zer esan dezakezu honi buruz? Lehenengo eta behin, eta oso garrantzitsua, esan beharra dago enpresariek horrelako erabakiak hartzen dituztenean aurretik gainerako bide guztiak miatu dituztelako da. Eta, bigarrenik, enplegua berregituratzeko plan bat aurkezten denean, administrazio publikoak zorrotz begiratzen dio neurriari begi ona eman baino lehen.
Hau esanda, deslokatzea enpresa bezain zaharra den fenomenoa da, eta ez da bakarrik leku zehatz batean gertatzen. Enpresak aukera hobeak dauden lekuetan geratzen dira. Edonola ere, gure lehiakortasuna gaitasuna eta ezagutzak sortarazi eta hemendik alde ez egitean datza.
Noiz uste duzu esan ahal izango dela erritmo ekonomiko ezkorrak atzean uzten ari direla? Memoria eginez, krisialdiaren hasieratik instituzio publiko zein pribatuek dozenaka txosten kaleratu dituzte. Egoera ezberdinek beti batzuk besteei zuzendu behar izatea egin dute. Ez daukagu bola magikorik, baina argi dagoena da oraindik, aurretik, urte latz batzuk ditugula.
Hau kontutan izanda, inoiz baino garrantzitsuagoa da berrikuntza eta bide berriak bilatzea? Iraganean izan da, eta erabatekoa da oraina eta etorkizunari aurre egiteko. Horregatik, SEAtik, azken urteotan, berrikuntza eta bide berriak esploratzeko ekintzak antolatu ditugu.
Beste alde batetik, zer deritzozu Kutxa Bank, hiru euskal aurrezki kutxen batzeari? Eta nola eragin dezake enpresarietan? Euskal aurrezki kutxen integrazio berri ona da mundu ekonomikoarentzat. Ildo honetan, batuketa honek enpresariei finantza laguntza gehiago eskuratzea utzi behar die. Baita dimentsio handiko proiektuak planteatzerako orduan handinahiagoak izatea.
Egoera politikoari begira, gauzak aldatu egin dira. Orain dela hilabete batzuk, ETAk enpresariei dirua eskatzeari utzi zion. Nola eragin du honek SEAko bazkideetan? Normaltasuna ospatzea paradoxikoa da benetan. Lau hilabete dira enpresariek ETAren xantai eta estortsioa pairatu gabe lan egin dezaketela. Hori bai, beharrezkoa den zuhurtasunez, nire indar guztiekin desio dut egoera atzera ez bueltatzea. Kolektibo honek hamarkadetan zehar, isiltasunean eta sakrifizioz, hipoteka handi baten pisua hartu du bere gain eta, hala ere, zutik jardun du euren negozioen defentsan eta baita gizartearentzat aberastasuna sortzen.
Uste duzu, gaur egun, instituzio publikoek behar bezain beste babesten dutela enpresariak? Laguntza aurrera ateratako azken erreformei begira definitzen bada, erantzuna instituzio publikoei oraindik erabaki asko eta garrantzitsuak hartzeke geratzen zaiela da.
Arabako Foru Aldundiak esan duenez, aurten, 40 miloi gutxiago sartuko dira diru kutxa publikoan. Euskadiri dagokionez, arabar ekarpena 200 miloi baino gehiagotan jaitsiko da. Aurreikuspen hauek enpresarietan eragin zuzena eduki dezaten beldur zara? Dagoenez, eragin zuzena izaten ari dira bakarrik inbertsio publikoaren atala gutxituko delako. Hala ere, Arabako Aldundiak, bere neurrien barruan, jarduera ekonomikoari eta, bide batez, enpleguaren sorketari bultzada bat emango dioela espero dugu.
Arabako foru Aldundiaren gobernuak Ondasunen gaineko zerga berriz ezartzearen kontra agertu den bakarra izan da. Arabar enpresarientzat onura bat suposa dezake Bizkaiak eta Gipuzkoak onartzea? Ondasunen gaineko zerga berreskuratzea anekdotikoa da, bilduriko diruan eragin minimoa edukiko du eta denboraz eta ahaleginekin ondare bat lortzen joan direnak zigortzen ditu. Benetan beharrezkoa dena sistema fiskalaren inguruko eztabaida global bat egitea da eta ez "adabaki" neurriak ezartzea.
Zer nolako eraginak eduki ditzake zeure aburuz "opor fiskalen" kasua Arabako enpresarietan? Gaur egun egoera dagoen bezala, ardura instituzionalean konfiantza edukitzea bakarrik ez zaigu geratzen. Isunen inguruko iragarkiak egi bihurtzen baldin badira, edota ez bada irtenbide hoberena bilatzen, zuzenean desagertzeko arrisku bizian egongo liratekeen enpresak egongo dira. Gogoratu behar da enpresak momentu horretan indarrean zegoen araudia jarraitu zutela, lege horietan konfiantza osoa jarriz.
Izan ere, zergen gaineko konpetentzia zuen aginpideek onartu zuten, hau da Aldundiak beraiek. Bestalde, imajina dezagun etxebizitza bat erosteagatik laguntza fiskalak jaso dituen pertsona batek, hamar urteren buruan diru hori bueltatu behar duela. Hori da kasu honetan gertatzen dena. Gutxienez, ez dela bidezkoa esan daiteke.
Bi izate, ibilbide bakarra
Juan Ugarte Aguirrezabal Gasteizen jaio zen 1967an. Begi marroiak dituen enpresari honek gaztetik bideratu zuen bere interesa enpresa erakundeen bidetik. Soilik 24 urte zituela SEAri lotu zen, gaur egun idazkaritza orokorraren burua izatera eraman duen ibilbide bakar batean.
Zientzia ekonomiko eta enpresa ikasketetan lizentziatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean. Handik aurrera espezializatutako esparruetan nabarmendu da. Zentzu honetan kalitatea, segurtasuna eta lan osasuna izan dira Ugartek gehien gogoko izan dituen esparruak. Gainera gestioan eta zerga esparruan aditua da. Bide hau jarraituz, zuzendaritza eta giza baliabideetan trebetasunak behin baino gehiagotan erakutsi ditu.
Orain dela hiru urte izendatu zuten Arabako enpresarien idazkari orokorra. Hala ere, esanda dago, bere ibilbidea SEAn askoz luzeagoa da. Egungo kargua eduki baino lehen enpresei zuzenduriko zerbitzuen alorreko zuzendari laguntzailea zen. Gainera, behin baino gehiagotan patronalaren ahotsa eta aurpegia izan da Euskadiko Kontseilu Ekonomiko eta Sozialean eta Osalanen aurrean. Momentu gogorrak ere igaro dituen idazkari orokorra dugu Juan Ugarte.
Izan ere, enpresarien interesak Arabako metal eta eraikuntza sektoreen itunen negoziaketetan defendatzearen ardura hartu du bere gain.
|